Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gaur goizean edukiontzi batean aurkitutako haurtxoa harrera familia batera eramango dute

Gaur goizean edukiontzi batean aurkitutako haurtxoa harrera familia batera eramango dute

Osasunez ondo dago eta beharrezko protokoloak jarri dira martxan neskatxoak beharrezko babes guztia jaso dezan

2016/11/20

Gaur goizaldean Donostiako Zuloaga plazako edukiontzi batean aurkitutako haurtxoa osasunez ondo dago, eta Aldundiaren programan izena emanda dagoen harrera familia batera eramango dute arratsaldean bertan. Aldundiak, haurren babeserako erakunde publiko modura, ardura du abandonatutako haurtxoari babesa emateko. Gertaera hori dela eta, erakundeen artean (Ertzaintza, Ospitalea eta Gizarte Politikako Departamentua) martxan jartzen den protokoloari esker, neskatxo jaioberriak behar den arreta eta babes guztia jasoko du.

Hala, Ertzaintzak, haurtxoa aurkitu eta gero, Donostia ospitalera eraman dute, berehalako arreta eman diezaioten. Aldi berean, prozedurak abiarazi dituzte jakiteko nolatan izan den abandonatua jaioberria, beharrezko ikerketa irekita epaitegiari jakinarazteko, erabaki dezan delituzko ekintzarik izan ote den. Bestalde, Donostia ospitalean haurtxoa artatu dute, bere osasun egoera aztertzeko eta beharrezko zaintza emanda. Egoera hau martxan dago.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak gertaera honen berri eman dio Adingabeen Fiskaltzari. Ospitalean haurtxoa altan eman eta gero, Aldundiak haren tutoretza bere gain hartu eta larrialdiko harrera familia batera eramango du. Abandonatzearen arrazoiak argitu  bitartean, eta erabaki arte zein den babes neurri egokiena berarentzat, jaioberria harrera familia horrekin egongo da.

“Koordinazio mekanismo guztiak martxan daude, eta funtzionatu dute. Gaur goizaldean jaioberria aurkitu duten herritarrei esker eta Ertzaintzaren jokabide azkarrari esker, neskatxoaren bizitza salbatu ahal izan da. Orain, etorkizun ona izango du”, nabarmendu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, eta oroitarazi du Aldundiaren tutoretzapean “oraindik 60 haur daudela familia baten zain”. 

Koordinazio mekanismo guztiak martxan daude, eta funtzionatu dute
  

1527