Gaur hasiko dira Debako zubiaren egonkortasuna bermatzeko obrak
Gaur hasiko dira Debako zubiaren egonkortasuna bermatzeko obrak
Oinezkoentzako behin-behineko igarobidea azaroaren erdialdean instalatuko dute.
Gaur hasiko dira Debako zubiaren egonkortasuna bermatzeko obrak, Injelan eta Fhecor enpresek idatzitako dokumentuari jarraikiz.
Lanak Freyssinet enpresak gauzatuko ditu, zeina Aldundiak kontratatu baitu larrialdiko prozeduraz, hartara zubia eror ez dadin eta kontserbazioa eta errehabilitazioa bermatzeko. Kalkulatzen da lan hauen iraupena 9 aste izango dela, gutxi-gorabehera. Lehen astean zehar, obraren instalazioa egingo da; orobat egingo dira zenbait kata eta zundaketa. Ondoren, egitura lagungarria muntatuko da, bobedei eusteko balioko duena. Prozesu honetan, aurreikusita dago oinezkoentzako behin-behineko igarobide bat instalatzea, auzoek azaroaren erdialde aldera erabili ahal izango dutena zubia gurutzatzeko.
Lehen fase honetan, gangak erortzea saihestu nahi da, baina jarduketa hori bigarren fase batekin bateragarri egiteko moduan definitu da. Larrialdiko lehen fasearen ondoren, birgaitze integralerako fasea abiarazi beharko da.
Zubia osorik berreskuratzeko, kolapsatutako zatiak eta erdiko zutabea (behera egin duena) eraitsi beharko dira, eta, gero, zimendu berrien gainean berreraiki. Nolanahi ere, gertatu dena ikusirik, behin betiko birgaitze jarduketetan zimendu guztiak berritu beharko dira berriro, Mutriku aldeko zubi bularra izan ezik, hura harkaitzean zimendaturik baitago. «Prozesu guztia dokumentatuko da, eta jarduketa honek aukera emango du XIX. mendean zubi bat nola eraikitzen zen ezagutzeko. Oso prozesu interesgarria izango da», azaldu du Itxasok.
Kulturako diputatuak, orobat, 1866ko zubiaren ondare balioa nabarmendu du. Zubi horrek bereziki babestu beharreko monumentu multzoaren kalifikazioa du, Done Jakue Bideak Gipuzkoan duen erreferentziazko puntu garrantzitsua baita. Zubiaren balio funtzionala ere nabarmendu du, Debako nahiz Mutrikuko bizilagunentzat funtsezko igarobidea den heinean.
Zubiak atal hauek ditu: bi zubi bular (ZB1 Deba aldean eta ZB2 Mutriku aldean) eta hiru zutabe (E1, E2 eta E3).
Zimendua 30 cm inguruko diametrodun zurezko piloteek osatzen dute, hondoan tinkatuta, eta, horien gainean, zurezko habeen parriladura bat dago, zutabearen oinarria bermatzeko zoladurari eusten diona.etan Parriladuraren azpian, berriz, multzo osoa eusteaz arduratzen den harri lubeta bat dago.
Egitura osagarria bermatzeko atal hauek baliatuko dira: 1. zutabea (zutabe hori 2002an berriztatu zen, eta uztailaren 24ko urpeko ikuskapenean ez zen aintzat hartzeko moduko kalterik antzeman bertan) eta 2. zubi bularra (harkaitz gainean zimentatua); egitura horren gainean, kolapsatutako gangak zurkaizteko tirante batzuk jarriko dira. Aurrekaririk ez duen metodo berritzailea da.
Zubiaren egoera
Uztailaren hasieran Debako zubiaren zati bat erori ondoren, Aldundiak Debako zubiaren kontserbazio egoera aztertzeko txosten teknikoa eskatu zuen abuztuaren hasieran. Txosten horretan ohartarazten zen arrisku larria zegoela bi ganga eta ibaian behera dagoen aldeko tinpanoa kolapsatzeko, horiek kaltetzen dituzten xilofagoen ondorioz. Bestalde, azterketak azaleratu zuen nabarmen galdu dela zutabearen zurezko parriladuraren azpiko materiala. Kolapsoa zuraren konpresioan izandako bat-bateko akats baten eraginez gertatu zen, eta sekzioa gutxitu izanagatik erresistentzia gaitasuna galdu izanari zor zaio. Akatsa ia aldi berean gertatuko zen hainbat pilotetan.
XIX. mendearen erdialdera eraikitako zubi hau harrizko azken eraikuntza zibiletako bat da, handik aurrera zubiak eraikitzeko burdina erabiltzen hasi baitziren. 2013tik, ibilgailuek debekatuta izan dute bertatik igarotzea, eta oinezkoen igarobide izan da soil-soilik. Gau egun, egitura horrek ur fekalen, gasaren eta argindarraren hoditeria eusten ditu.
1940