Gaur jarri da martxan Beasainen ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua
Gaur jarri da martxan Beasainen ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua
Herriko 34 merkatari ari dira parte hartzen, eta ekimenaren helburua berdintasuna eta kontziliazioa erantzunkidea sustatzean datza.
Gaur jarri da martxan Beasain Berdintasunean Bizi lemapean, herri honetan berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko abian jarritako lehenengo proiektu pilotua. Herrilab egitasmoaren testuinguruan kokatzen da ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak bultzatzen dutena eta herriko eragileekin elkarlana oinarri duena. Lehenengo esperientzia hau merkataritzari lotuta dago, eta kontziliazioa sustatzeko ordutegian arrazionalizatzean datza. Herriko 34 dendek eman dute izena esperientzian. “Gipuzkoak bere osotasunean oso adi jarraitzen dun esperientzia da Beasainen martxan jarri dena, izan ere bere emaitzak eta ikasgaiak lurralde guztira zabaltzeko aukera planteatu daiteke aurrerago”, azaldu du Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, Herrilab ekimenaren testuinguruan, gaurtik hasita, lau astez Beasaingo denden ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua egingo da, ondoren emakumeen eta gizonen kontziliazioan duen eragina baloratuz. Denbora tarte honetan, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten merkatariek. “Ekimen aitzindari honekin, herrian erosketak egitera animatu nahi ditugu beasaindarrak eta, horrekin batera, ordutegien erabilera arduratsuan eta kontziliazioan eragin nahi dugu”, esan du Mendozak.
Herrilab Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmoa, eta 2019 urtean jarri zen martxan. Esperientzia honi esker, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategi da ordutik Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. “Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatzea eta ezartzea du helburu”, esan du Aldundiko bozeramaileak. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.
Gaur martxan jarri den esperientziarekin batera, beste bi esperientzia ere jarriko dira martxan datozen hilabeteetan: batetik, bigarren esperientzia pilotua hezkuntza komunitatearekin elkarlanean gauzatuko da, ohiko genero-rolak hautsi eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitu asmoz; eta bestetik, hirugarren esperientzia enpresa eta lan munduan kokatzen da, seme-alaben oporraldi garaian familien kontziliazio erantzunkidea hobetzeko neurriak aztertuko dira.
Andia kaleko aretoa
Bestalde, bozeramaileak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Andia kalean kokatzen den ekitaldi aretoa erosteko erabaki hartu duela. 1.036 metro karratuko azalera eraikia du guneak, sotoa, beheko solairua eta lehenengo solairuan banatua, eta Kutxabank da orain arteko jabea. Salerosketara 3,3 milioi euro bideratu dira. Gaur gaurkoz, Osakidetza ari da erabiltzen aretoa, antigenoen probak egiteko.
ipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiak gaur egun areto eta topagune gutxi ditu jarduera eta topaketa zabalak egiteko: ez dituzte baldintza egokiak betetzen edo edukiera urria dute. “Gabezia hau are larriagoa da, bultzatzen ari garen gobernantza ereduak elkarlana eta lankidetza oinarri dituenean”, esan du Mendozak. Andia kaleko aretoa, berriz, Foru Aldundiaren Jauregiaren atzealdeari atxikita dago eta, beraz, bere kokapena “ezin hobea” da. “Eta, gainera, 250 pertsona inguru har ditzake ekitaldi aretoak, lehen aipatutako gabezia hori estaltzeko nahikoa”, gaineratu du.
“Elkarlanean eraiki nahi dugu etorkizuna, eragileekin eta herritarrekin, eta uste dugu areto berri hau erreminta garrantzitsua izango dela horretarako. Ziur nago, ezin konta ahala hitzaldi, tailer, lan-bilera eta laborategi egin eta bultzatzeko balioko duela espazio berriak, eta hauetako batzuk balioko dutela lurraldeak dituen arazoak detektatzeko, konponbideak bilatzeko eta ekimen berriak esperimentatzeko” aldeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak.
Egoitzetako partea
Bestalde, eta astero bezala, foru arduradunak COVID-19 gaitzaren pandemia lurraldeko adinekoen egoitzetan izan ari den eragina izan du hizpide. Azpiegitura hauetako erabiltzaileen artean, momentu 388 kasu positibo aktibo daude, 36 egoitzetan ezberdinetan banatuta. Hauetatik, erreferentzia zentroetan daude 61 lagun. Azken zazpi egunetan lau egoiliar zendu dira, 379 sendatu eta 300 positibo berri atzeman dira. Azaroaren 29tik hona, 26 lagun hil dira eta 1.088 sendatu dira
Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, gaur gaurkoz 254 positibo daude, pasa den astean baino 22 gehiago. 47 egoitzetan daude kasu aktiboak. Azkenik, egindako diagnosi proben atalean (PCR eta listu bidezko PCR probak), azken astean 3.839 proba egin dira, 2.001 PCR eta 1.838 listu PCR. Hau da, bataz beste, 548 proba egunean. Abendutik hona, 32.235 dira egindako diagnosi probak. Listu PCRak langileei bi astean behin egin zaizkie, eta astean behin txertatu gabe daudenei. Horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten arlo honetan, funtsezkoa baita gaitzari aurre hartu ahal izateko”, adierazi du Mendozak.
2099