Gazteen artean euskararen aldeko motibazioa landuko dute unibertsitateek eta Foru Aldundiak elkarlanean
Gazteen artean euskararen aldeko motibazioa landuko dute unibertsitateek eta Foru Aldundiak elkarlanean
Gazteen artean euskararen aldeko motibazioa landuko dute unibertsitateek eta Foru Aldundiak elkarlanean
Diputatu nagusiak hizkuntza ohituretan eragiteko hitzarmena sinatu du UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, MU eta Tecnuneko ordezkariekin
Gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz, ikasleen artean euskararen aldeko motibazioa lantzeko konpromisoa hartu dute gaur lurraldeko lau unibertsitate nagusietako arduradunek eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea (MU) eta Tecnun-Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, partaidetza ekitaldiak antolatuko dituzte, euskararen inguruko bizipenen esperientziaz hausnarketa eta eztabaida eragiteko helburuarekin.
Hala hitzartu dute gaur Foru Aldundian egindako sinadura ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok; UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak, Agustin Erkiziak; Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak, Josean Rodriguez Ranzek; Tecnuneko zuzendariak, Raul Antonek; eta MUko errektoreak, Vicente Atxak.
Motibazioak lotura estua du hizkuntzak ikastearekin eta, bereziki, haien erabilerarekin. Horregatik, hizkuntza ikasteko motibazioan eragiteak berebiziko garrantzia du, eta, horrekin batera, ezinbestekoa da euskara erabiltzeko argudioak ematea, hizkuntzen erabileran gertatzen diren egoerak kudeatzeko estrategiak eskaintzea, hizkuntzen kudeaketan garatzen diren eredu onak zabaltzea, soziolinguistikari buruzko oinarrizko azalpenak gizarteratzea, hizkuntza ezagutzetik erabiltzera dagoen jauzia egiten laguntzeko lantegiak antolatzea, lidergoa lantzea hizkuntzen normalizazioaren alorrean, eta abar. Balio horiek guztiak landuko dituzte lau unibertsitateek eta Foru Aldundiak, lankidetzan antolatuko dituzten ekintzen bitartez.
Hitzarmenaren arabera, ikasturte bakoitzerako gai edo eduki zehatz bat izango du programak, unibertsitateek era koordinatuan landu eta jorratuko dutena, bakoitzak bere ardurapeko esparruko ekitaldietan. Dagoeneko azken urteotan UPV/EHU, Deustuko Unibertsitateak eta MUk antolatu dituzte gisa horretako ekintzak Foru Aldundiarekin batera, Ika Mizka egitasmoaren testuinguruan egin ere. Gaurko hitzarmenaren sinadurarekin, Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak dinamika horiekin egiten du bat.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi duenez, "hizkuntzarena hautu bat da, eta hizkuntza hautatzerakoan norberaren motibazioak egoten dira oinarri-oinarrian". “Motibazio horiek eragitea edozein adinetan da polita, aberasgarria, baina bereziki gaztaroan, hor finkatzen direlako geroko helduaren hainbat portaera bereziki hizkuntzarena. Euskararen erabilera bultzatzea hain garrantzitsua den une hauetan, motibazioak jorratzea oso positiboa da”, nabarmendu du, norabide horretan gaur hasitako lankidetzak egingo duen ekarpena azpimarratuz.
3208