Gerrako Umeak identifikatzeko ikerketa zabal bat egingo du Gipuzkoak
Gerrako Umeak identifikatzeko ikerketa zabal bat egingo du Gipuzkoak
Foru Aldundiaren babesarekin, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak lurralde osoan garatuko du azterlana.
Guda Zibiletik ihesi, erbestea ezagutu zuten Gerrako Umeak identifikatu eta haien memoria berreskuratzeko azterlana abian jarri du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Gerlan zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gatazkaren ondorio latzak jasan zituzten haur eta gaztetxo haien izen-abizenak, argazkiak eta testigantzak ikertu eta batuko dira lan honen bitartez, lurraldeko “memoria historikoaren pieza garrantzitsu” hori osatu asmoz.
Hala jakinarazi dute gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, Ion Gambrak, eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Julia Mongek eta Josu Chuecak. Dagoeneko Debagoienako Gerrako Umeen inguruko azterlana burutu du eta herriz herriko omenaldiak sustatu ditu talde memorialistak, tokiko erakundeekin elkarlanean, eta datozen bi urteotan lurralde osora zabalduko du ikerketa. Uste denez, Gipuzkoan jaiotako 16 urte bitarteko 5.000 haur eta gaztetxo erbestera bidali zituzten, Gerra Zibilaren ondorioetatik babestu asmoz, batik bat Frantziara, Belgikara eta Sobietar Batasunera.
“Gudan parte hartu ez bazuten ere, hark eragindako sufrimendua jasan zuten. Haurrak zirelarik, jasan ere. Beldurra, bonbardaketak, senitartekoengandik aldentzea eta, azkenik, gurasoen babesik gabe erbestera joan beharra. Haietako asko ez ziren gehiago Euskal Herrira itzuli”, gogoratu du Ion Gambrak. Horregatik, foru zuzendariaren iritziz, “gure herriaren eta lurraldearen memoria historikoa eraikitzeko garaian pieza garrantzitsua” dira Gerrako Umeak. “Zalantzarik gabe, merezi dute errekonozimendua, funtsezkoa da pasa zuten sufrimendua azaleratzea, gizarteratzea eta aitortzea”, gehitu du Aldundiko ordezkariak.
“Memoria beharrezko balioa da kultura benetan demokratikoa eraikitzeko, elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan oinarrituta egongo dena eta iraganeko akatsetan erortzea eragotziko duena”, adierazi du Gambrak.
Izen-abizenak, argazkiak, bizipenak
Ahalegin horretan, lankidetza-hitzarmen baten bitartez, elkarte memorialistak Debagoienako eskualdean hasitako lanarekin jarrai dezan diru-laguntza eskainiko dio Intxorta 1937 Kultur Elkarteari. Helburua izango da Gipuzkoan jaiotako Gerrako Umeak izen-abizen eta, ahal den kasuetan, argazki batekin eta bizitza-historia labur batekin identifikatzea. Ahal den heinean, erbeste garaiko argazkiak lortzen saiatuko dira eta, oraindik bizirik direnen artean, elkarrizketa sakonak egingo dituzte.
Intxorta 1937ko ikertzaileak dagoeneko izan dira, besteak beste, Salamancako memoria historikoko dokumentazio zentroan, Alcala de Henareseko Administrazioaren Artxibo Orokorrean eta Bartzelonako artxibategietan. Beste hainbat artxibategi ere aztertuko dituzte, esate baterako, Parisen.
Udalekin elkarlana
Gainera, lurraldeko udalen laguntzak ere berebiziko garrantzia izango du, bizirik jarraitzen duten gerrako haurrak identifikatzeko eta haiekin harremanetan jartzeko. Ikerketa amaitzearekin bat, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da Gerrako Umeen memoria aitortu eta aldarrikatzeko ekitaldia bat antolatzea.
1844