Getariarrei etorkizunari buruzko proposamenak partekatzeko gonbita egin die Aldundiak
Getariarrei etorkizunari buruzko proposamenak partekatzeko gonbita egin die Aldundiak
Etorkizuna Eraikiz kapsula Getarian izango da egun osoan.
Joan den astean Urnietan Etorkizuna Eraikiz kapsulari hasiera eman ondoren, lurraldeko hainbat herritan egingo duen birarekin jarraituko dugu, aste honetan geldialdi berri batekin. Gaur goizean kapsula Getariara iritsi da, herritarrek lurraldearen etorkizunari buruz egindako ekarpenak jasotzeko asmoz. Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean diseinatu behar da, elkarlanerako lan baten bidez; guztiok amesten dugun lurraldea eraiki behar dugu, eta, horregatik, dinamika parte-hartzaile hori sustatzen dugu, kapsula hainbat herritara eramanez, Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak nabarmendu duenez.
Denboraren kapsula horren hirugarren fase honen helburua, besteak beste, lurraldeko gazteriarengana hurbiltzea da, 2040an Gipuzkoa nola ikusten duten jakiteko. Horregatik, kapsulak Iturzaeta ikastetxeko 100 ikasle baino gehiago hartuko ditu, Gipuzkoako gazteen kezkak, iritziak eta iradokizunak aztertzeko. «Alde batetik, gaur egun lurraldearen egoera zein den eta Gipuzkoaren ezaugarri eta balio nagusiak zein diren azalduko diegu. Eta eurei eskatzen diegu ariketa bikoitza egiteko, batetik, 2040ra begira, hau da, 20 urte barru Gipuzkoa nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen. Eta, aldi berean, konpromiso bat hartzeko eskatzen diegu, zein ekarpen egiteko prest dauden denok nahi dugun Gipuzkoa elkarrekin eraikitzeko», gogorarazi du Mendozak.
Foru arduradunak azpimarratu du parte-hartzea ezinbesteko tresna dela herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten. "Azken 2 urteetako bizipenek ere arrasto sakona utzi dute gizartean, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan gipuzkoarren proposamen, kezka eta iritziak jasotzea. Etorkizuna Eraikiz, besteak beste, herritarrek gizarte-interesak agenda publikoan integratzen laguntzeko tresna da. Gipuzkoarrek dituzten gogoeta, kezka eta ideiak entzun nahi ditugu. Hain zuzen ere, dinamika horrek bide berri bat irekitzen du gizartearen parte-hartze aktiborako ", nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.
Partaidetza-dinamikaren hirugarren fasea amaitzean, herritarrek bildutako ekarpen guztiak jasoko dira, eta horiek kontuan hartuko dira Etorkizuna Eraikizek landu beharreko gai eta ekimenen agenda publikoa ezartzerakoan. Hurrengo hilabeteetan Etorkizuna Eraikiz kapsulak lurralde osoko eskualdeak zeharkatuko ditu eta 10 hiri eta herritan kokatuko da. Getarian kokatu ondoren, kapsula Soraluzera eramango da 25ean, eta ondoren Azpeitira, martxoaren 4an.
Kapsula Getariako frontoian jarri da eta 10:00 etatik 19:00 etara egongo da zabalik. "Benetako kapsula bat da, etorkizunean pentsatzera eramango gaituena, denboraren kapsula balitz bezala", dio Mendozak, herritar guztiei zuzenduta eta irekita dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bertara sartzean, bisitariak aurrez aurre ikusten ditu egungo Gipuzkoak dituen ezaugarriak. Horietatik, 2040ko Gipuzkoak zer balio izan beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. Ekarpenak egin ondoren, loreontzi txiki batekin eta hazi batekin alde egingo dute, eta lurperatu ondoren landare bihurtuko da "horrek erakutsiko digu gaur egungo gipuzkoarrek zeri ematen dioten garrantzia, zeintzuk diren dituzten kezkak eta desioak", esan du Mendozak.
Ekimen parte-hartzaile hau oso interaktiboa da eta erabiltzaileari esperientzia bat sortzeko prestatu da, baina ezin dugu ahaztu bere helburu nagusia: Gipuzkoa oso azkar aldatzen hasi da, etengabeko aldaketa-prozesu baten aurrean gaude eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako, beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hala nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena eta parte-hartze sozialarena.
1962