Arbesko egoitza berriaren proiektuaren kontratazio espedientea onartu du Gipuzkoak
Arbesko egoitza berriaren proiektuaren kontratazio espedientea onartu du Gipuzkoak
Diputatuen Kontseiluak dirulaguntza deialdia onartu du baita ere, adinekoen egoitzetan inbertsioak egiteko eta 8 milioi euroko zuzkidura duena.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Irungo Arbes auzoko gizarte zerbitzuen zentro baten proiektua idazteko, zuzentzeko, eraikitzeko, ekipatzeko eta ustiatzeko obren emakidarako kontratazio espedientea. Kontratuak gehienez 24 urte eta sei hilabeteko iraupena izango du formalizatzen denetik, eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 271 milioi eurokoa izango da. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, Gipuzkoa adinekoentzako arreta eta zaintza ereduaren eraldaketan murgilduta dago, “eta Arbesen etorkizunean egongo den egoitzak ekarpen handia egingo du apustu hori zabaltzeko eta etorkizuneko zainketetarako trantsizioa gauzatzeko”.
Foru Aldundiko arduradunak agerraldia egin du gaur, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Agerraldi horretan gogorarazi duenez, egoitza berriaren proiektua aurreko legealdiaren amaieran aktibatu zen, baina geldialdi bat izan zuen COVID-19aren pandemiaren etorrerarekin. Orain, Aldundiak proiektua berrabiarazi du, garai berrietara egokituta eta Gipuzkoako adinekoen egoitzen sarean bultzatzen ari den aldaketa sistemikoaren abiaburu gisa. Mendoza bozeramaileak azaldu duenez, Foru Aldundiak proiektua 2023ko urtarrilerako esleitzea aurreikusten du.
Egoitza zentro berriak 130 egoitza plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat, eta horietatik 15ek unitate psikogeriatriakoa osatuko dute. Gainera, lursaila lagatzen duen Irungo Udalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Udalak tutoretzapeko 54 apartamentu finantzatuko ditu (alor hau bere eskumenekoa baita), I. mailako mendekotasuna duten adinekoentzat lehentasunez diseinatuak. Egoitza berriak, halaber, 30 plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako eguneko arreta zentro edo zerbitzurako, bai eta 26 apartamentu ere, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzak dituztenak.
Mendozak, bere hitzaldian, adierazi du Gipuzkoako adinekoen egoitzen sarean bultzatzen ari den aldaketa sistemikoa, espazio fisikoen egokitzapenari ez ezik, eraldaketa askoz harago doala, eta arretaren eremuarekin, zainketen kalitatearekin, langileen prestakuntzarekin, zentroetan ikuspegi berritzailea txertatzearekin, zaintzetan parte hartzearekin eta taldeen eta zereginen antolaketarekin zerikusia duen guztia jasotzen duela. “Zentzu horretan, Arbeseko egoitza berria Gipuzkoan ezartzeko lantzen ari garen zaintza eredu berri honen adibide argia izango dela uste dugu”, defendatu du.
Foru Aldundiaren bozeramaileak azpimarratu duenez, foru erakundearen helburua Gipuzkoa zaintzaren lurralde bihurtzea da, pertsonengan zentratutako eredu batekin eta komunitatearen parte hartzearekin. Trantsizio hori gauzatzea, Mendozaren hitzetan, “erabateko lehentasuna” da Aldundiarentzat, eta lurraldea zainketen abangoardian kokatzea eta lurralde osora iritsiko den aldaketa sistemikoa bultzatzea du helburu. “Gipuzkoan, zorionez, puntako gizarte-politiken eredu aitzindaria dugu, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan oinarritua, eta indar hori aprobetxatu nahi dugu”, adierazi du.
8 milioi egoitzetan inbertitzeko
Gaurko Diputatuen Kontseiluan hartutako bigarren neurria ere testuinguru berean kokatzen da: adinekoentzako arreta eta zaintza eredua etorkizuneko moldeetara aldatzea. Testuinguru horretan, Foru Gobernuak argi berdea eman die adinekoentzako egoitza zentroetan inbertitzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileei eta 2022ko deialdiari. Mendozak azaldu duenez, “laguntza ekonomiko horien bidez egoitzak egokitu nahi dira arreta eredu integral eta pertsonalizatu berrira, hau da, Gizarte Politiken Liburu Berdean aurreikusitako esku hartzeetako batera”. Deialdia udal-fundazioei edo irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzenduta dago, eta 8 milioi euroko aurrekontua du.
Laguntza deialdi honen bidez, Aldundiak hiru helburu nagusi lortu nahi ditu: arkitektura eta baliabideen espazio fisikoak pixkanaka egokitzea, arreta integrala, pertsonalizatua eta pertsonen arteko bizikidetzan eta gizarte-elkarreraginean oinarritutakoa emateko zentro gisa eraldatzeko; egoitza-zentroak azpiegitura jasangarri gisa egokitzea, energia-eraginkortasuna, material birziklatuen erabilera, ur kontsumo arduratsua eta hondakinak sortzea murriztea; eta irisgarritasun unibertsala bermatu eta honen komunikazio hobetzeko, komunitatean integrazioa hobetuz. Bestalde, honako jarduketa hauek dira diruz lagunduko direnak: handitzeko, eraberritzeko eta/edo indarreko araudira egokitzeko obrak; eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzea dakarten birgaitze-obrak; eta komunitatean integratzea erraztuko duten irisgarritasun-obrak.
Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 37,8 milioi euro jaso zituen urte hasieran Estatuaren COVID-19aren eragina arintzeko funtsetatik (beste 25,1 milioi eman zitzaizkien Gipuzkoako udalei). 37,8 milioi euro horietatik, 20 milioi gizarte politiken esparrura bideratu dira, adinekoentzako egoitza zentroen arkitektura eta espazio fisikoak arreta eta zaintza eredu berrira pixkanaka egokitzeko. “Horri esker, inbertsioaren arloan jauzi erabakigarri bat egin ahal izango dugu, Gipuzkoa duela 7 urte baino gehiagotik lanean ari den eraldaketa errealitate bihurtzeko”, defendatu du foru arduradunak.
Zehazki, Aldundiak hiru lan ildo aktibatu zituen ekipamendua eskuratzeko eta arreta- eta zaintza eredu berriari erantzuten dioten egoitzak egokitzeko. Zati bat belaunaldi berriko ekipamendua eta laguntza teknikoak erostera bideratu da (3,5 milioi euro); bigarrena, Aldundiaren eta Kabiaren zentroak pixkanaka egokitzeko obrak finantzatzera (8,5 milioi euro); eta hirugarren lerroak, berriz, udal fundazioek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek kudeatutako egoitzei dirulaguntzak emateko deialdi bat irekitzea aurreikusten zuen (8 milioi euro), hain zuzen ere gaur onartu den puntua.
Egoitzetako partea
Azkenik, pandemia adinekoen egoitzetan izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, une honetan 99 positibo aktibo daude 16 egoitzatan (aurreko astean baino 61 gehiago). Azken zazpi egunetan hiru heriotza erregistratu dira, 27 pertsona sendatu dira eta 91 kasu positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik 70 egoiliar hil dira, eta 3.095 pertsonak gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokienez, 40 positibo aktibo daude (aurreko astean baino 25 gehiago) 19 egoitzatan.
2832