Historiako Gipuzkoa Encounter "ikusgarriena" izango da aurtengoa
Historiako Gipuzkoa Encounter "ikusgarriena" izango da aurtengoa
Apirilaren 15 eta 17 bitartean ospatuko den informatikaren eta teknologia berrien festa honetan 600 zaletu inguruk hartuko dute parte
. Euskaltel Konektak informatika-partyaren hamargarren urteurrena ospatuko du interneteko konexio-abiadura 10 aldiz biderkatuz: segundoko 10 giga.
. Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen honen alde egiten duen apustua adierazi du, eta azpimarratu du erakunde honek helburu duela interneteko konexio-abiadura azkarra Gipuzkoako herri guztietara helaraztea, baita txikienetara ere.
. Olatz Peon Tolosako alkateak Usabal kiroldegira gerturatzeko gonbita luzatu du, antolatutako jolas eta prestakuntza izaerako ekintza ugariez gozatzeko.
"Historiako Gipuzkoa Encounter ikusgarriena" izango da hamargarrena, Sabino San Vicente arduradunaren esanetan. Euskaltel Konektarekin batera informatika-topaketa babestu duten erakundeek azpimarratu dutenez, jolas eta prestakuntza izaerako egitarau zabala izango da Tolosako Usabal kiroldegian apirilaren 15 eta 17 artean. Gainera, publikoari irekitako Opengune zona egongo da, 600 metro koadrokoa, bertaratzen direnek doako bideojoko, tailer eta hitzaldiez gozatu ahal izateko.
Segurtasun informatikoa, 4.0 Industria eta adin txikikoek teknologia berriak modu egokian erabiltzeko jarraibideak bezalako gaiak landuko dira hitzaldi eta lantegietan, besteak beste. Horrez gain, robotikako tailerrean parte hartu ahal izango dute etxeko txikiek, eta adinekoek smartphone-ak erabiltzen ikasteko lantegia edukiko dute.
Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk Gipuzkoako Foru Aldundiak topaketa teknologiko honen alde egiten duen apustua adierazi du, eta azpimarratu du bere erakundearen helburua dela teknologia berriek eskaintzen duten interkonexioa bultzatzea, Gipuzkoako herri guztietara, baita txikienetara ere, interneteko konexio-abiadura azkarra helaraziz.
Olatz Peon Tolosako alkatea, berriz, pozik agertu da tolosarrek egitasmo honekiko duten inplikazioarekin. Usabal kiroldegia "presio-eltze informatikoa" bilakatuko dela aipatu du, eta Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuko ikasleek Gipuzkoa Encounterren praktikak egingo dituztela jakinarazi du. Partyko arduradunekin elkarlanean arituko dira laguntza teknikoa eskainiz.
Nerea Lupardok, Euskaltel Konekta fundazioaren arduradun eta Euskalteleko Erakunde Harremanetarako zuzendariak, Gipuzkoa Encounterren 10 urteko ibilbidea nabarmendu eta “lagun eta enpresa-proiektu sareak eratzeko egindako lana” azpimarratu du. Euskaltel Konektaren alderdi gizatiarra ere aipatu du, eta “teknologiak pertsonarik gabe zentzurik ez duela” adierazi du. Hori dela eta, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana txalotu du, informatika-topaketan jakintza trukea errazteko, berrikuntza bultzatzeko eta garapen teknologikoa herritarrei zabaltzeko lan egin baitute. Hain zuzen ere, Gipuzkoa Encounter jarri du “teknologiaren demokratizazio” prozesuaren eredu gisa.
Bestalde, Sabino San Vicentek, ekitaldiaren koordinatzaile eta Euskaltel Konektako ordezkariak, Tolosako udalaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa eskertu du, baita bilkura antolatzea ahalbidetzen duten 50 boluntarioen lana ere. Aurtengo programazioari begira, hitzaldiak eta tailerrak nabarmendu ditu, umeei, helduei, gurasoei eta enpresei zuzendutako gaiak jorratuko baitituzte. Asteburuan ospatuko diren beste jarduera batzuk ere iragarri ditu: arte digital, bideojoko, software libre eta hardwareko lehiaketak, besteak beste.
Euskalamiga elkarteak koordinatutako eta Euskaltel Konektak eta Tolosako Udalak antolatutako partyaren babesle dira Euskaltel; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saila, SPRIren bitartez.
1647