Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak emakumeen lidergoa sustatzen du trantsizio ekologikoaren arloan

Gipuzkoak emakumeen lidergoa sustatzen du trantsizio ekologikoaren arloan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak aurkeztu dute WAS Circular-University erakusketa.

2022/11/21
WAS

Erakusketa honen helburua da ikusaraztea emakumeen lidergoak trantsizio ekologikoaren prozesuan duen garrantzia, bereziki adar zientifiko eta teknologikoetan.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak aurkeztu dute WAS Circular-University erakusketa, emakumeen lidergoak trantsizio ekologikorako prozesuan duen garrantzia ikusarazteko, bereziki adar zientifiko eta teknologikoetan.

Erakusketa hori Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan egongo da ikusgai, azaroaren 21etik 23ra. Gainera, sektore horien inguruko WAS bazkideekin elkarrizketak egin ahal izango dira emakumeek karrera hauetan duten lidergoa indartzea lantzeko, jasangarritasunerako aukera gisa.

Zientzia, ingeniaritza eta matemaikak bezalako lan sektoreetan, alegia, STEM sektoreetan, emakumeek presentzia txikia dute. Lehen begiratuan, ez dago oztoporik emakumeek ikasketa horiek egin ditzaten, baina, Eurostaten arabera, ikasleen % 32,3 baino ez dira emakumeak.

Ingurumen Departamentuak fokua jarri nahi izan du emakumeen lidergoak trantsizio ekologikoan duen garrantzian. Horri dagokionez, Asensiok azpimarratu duenez, «trantsizio ekologiko eta zirkularra da gizarte bidezko, berdintasunezko eta jasangarriago bat eraikitzeko bidea. Izan ere, ekoizpen ereduak aldatu eta aukera jasangarriagoak bilatzeko beharrak ahalbidetzen digu eredu berriak sortzea, planeta gehiago errespetatzeaz gain, gizartea, gazteak, emakumeak eta, oro har, gizarteko kolektibo guztiak ere gehiago errespetatuko dituztenak. Izan ere, aurten diseinatu ditugun jardueretan garrantzi berezia eman diogu sektore tekniko eta industrialenetako genero arrakala gutxitzen saiatzen diren ekintzak bisibilizatzeari».

Helburua da belaunaldi berriekin, etorkizunean erabakiak hartuko dituztenekin, kontsumitzaileekin edo ikerlariekin elkarrizketa bat izatea zirkulartasunaren printzipioa guztion eskura dauden zerbitzu eta produktuetan aplikatzeko benetako aukerei buruz. Topaketa horien bidez, gure gazteek ekonomia zirkularrari buruz duten pertzepzioa eta ulermena ezagutu nahi dira.

Horretarako, Ekonomia Zirkularrari buruzko erakusketa ibiltari bat egingo da unibertsitate ikasleei eta gazteei zuzendua; WAS bazkideek parte hartuko dute bertan beren proiektuak aurkezteko. Enpresa hauen esperientzia ezagutu ahal izango da: Alcampo, BASF, Erum, L’Oreal, Polymat eta SIGNUS.

Horrez gain, enpresa, ekintzaile, ikasle eta ikerlarien arteko elkarrizketarako espazio edo agora bat egongo da, WASeko hainbat enpresa eta erakundetako ordezkariek beren esperientzia praktikoa lurraldeko gazte ekintzaileei konta diezaieten.

  

2858