Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak 7 harrera familia behar ditu

Gipuzkoak 7 harrera familia behar ditu

Aldundiak 350 harrera familien lana eskertu du, baina oraindik ere familia batekin bizi behar duten haurrak daudela gogorarazi du.

Maite Peña, arduradunekin.

Gaur goizean, Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak, harrera familia diren Jone Aginagalde eta Aitzol Illarramendirekin batera, iragarri du Gipuzkoan 73 haur daudela harrera familia batekin bizi behar dutenak, eta horietako zazpik premiaz behar dutela bat. “Beren etxeetan oso errealitate zailak bizi dituzten haurrak dira, eta beste ingurune batean zainduak izan behar dute”. Gaur egun, lurraldean, 403 haur eta gazte 350 harrera-familiatan bizi dira, eta horiei gehitu behar zaizkie Ukrainatik etorritako 58 haur, Gipuzkoako harrera familiekin daudenak. Peñak azaldu duenez, “askotan, ez dugu ezagutzen neska-mutil horiek bizi duten egoera eta, horregatik, ikusezinak izan daitezke gizartearen begietara. Ikusgai egin nahi ditugu eta, horrela, beren etxeetan har ditzaketen zazpi familia aurkitzen saiatu”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia harrera programak 33 urte bete ditu aurten, eta “zalantzarik gabe, Gipuzkoan finkatutako babes-figura da”. Lurraldean babesgabetasun-egoeran dauden haurrak eta nerabeak daude, eta zailtasun handiko egoerak bizi dituzte euren familietan. Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, non familiarena ez den beste ingurune batean zainduak izan behar duten. Denek ez dituzte behar berdinak, baina familia baten berotasuna behar dute, aldi berean, familia biologikoekin harremana izaten jarraituz, haiekin bizi ezin izan arren”.

Harrera familiek alternatiba “ezin hobea” eskaintzen diete neska-mutil horiei; horregatik, diputatuak eskerrak eman nahi izan dizkie familiek eta arlo horretan lan egiten duten elkarteek (Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik) eguero-egunero egiten duten “aparteko eta oso beharrezko” lanagatik. “Familiek esaten digute egunerokoa askotan zaila izaten dela, erronka handiei aurre egiten dietela, baina esperientzia beti dela atsegina eta oso positiboa”. Horregatik, familia horien lana, erantzukizuna eta elkartasuna aitortu nahi izan ditu.

Familiak zazpi neska-mutikorentzat

“Nahiz eta beti behar diren harrera familiak”, familia baten zain zain denbora daramaten zazpi neska-mutilen profilak errepasatu ditu Maite Peñak. Mirenek 10 urte ditu eta 6 urte dituenetik bizi da etxe batean beste haur batzuekin, dantza, pintura eta arropa diseinatzea gustatzen zaio, eta sormen handikoa, maitekorra eta azkarra dela dio. Sergiok 14 urte ditu eta adin bereko beste neska-mutil batzuekin bizi da, futbola izugarri gustatzen zaio, eta sentitzen duena adieraztea pixka bat kostatzen bazaio ere, asko maite du bere familia, baina haiekin egoterik ez duenez, ondo zainduko duen batekin bizi nahi du.

Jonek 4 urte ditu eta urgentziazko harrera-familia batekin bizi da. Gehien gustatzen zaiona trenekin jolastea da, ez zaio geldirik egotea gustatzen, horregatik parkera joatea gustatzen zaio bizikletan ibiltzera. Melissak 11 urte ditu eta beste haur eta hezitzaile batzuekin bizi da. Panpinekin jolastea gustatzen zaio, nahiz eta bere amonak esan handiegia dela horretarako. Asko maite ditu aitona-amonak, baina ezin du haiekin bizi. Teresa, 13 urteko neska, harrera-etxe batean bizi da urte hasieratik, eta egiten dituzten jarduera guztiez asko gozatzen duela esaten du. Eskolako zereginekin egunean jartzea pixka bat kostatzen bazaio ere, asko gustatzen zaio lagunekin denbora pasatzea.

Omarrek 12 urte ditu eta 8 urte zituenetik bizi da harrera-etxe batean beste neska-mutil batzuekin. Asko maite ditu bere anaiak eta oso garrantzitsuak dira beretzat. Berari ere gustatuko litzaioke familia batekin bizitzea, bere anaiak bizi diren bezala. Fanik 9 urte ditu eta, gauza guztien gainetik, gimnasia erritmikoa gustatzen zaio. Beldur pixka bat ematen dio harrera-familiarekin bat ez egiteak, baina horietako batekin bizitzeko gogo handia du.

Diputatuak azpimarratu duenez, edozein pertsona izan daiteke harrera familia, eta horregatik, interesa izan dezaketen familiei hots egiteko eta informazioa eskatzeko gonbita luzatu die, “eman beharreko lehen pausoa da, askotan zailena”. Gainera, familia guztiek beharrezko laguntza eta babesa jasotzen dutela gogorarazi du: “Harreraren jarraipena egiten duten profesionalen talde bat izango dute, profesional horiek familiaren eta adingabearen ongizaterako beharrezko erabakiak hartuko dituzte, eta ohiko gastu guztietarako laguntza ekonomikoa jasotzen dute, kasu bakoitzean aztertzen diren laguntza bereziak barne”.

gipuzkoa.eus

familiaharrera@gipuzkoa.eus

943 112522

  

6179