Gipuzkoak aurrera jarraitzen du desgaitasuna duten pertsonen zainketa pertsonalizatu eta komunitarioetan
Gipuzkoak aurrera jarraitzen du desgaitasuna duten pertsonen zainketa pertsonalizatu eta komunitarioetan
Gipuzkoak aurrera jarraitzen du desgaitasuna duten pertsonen zainketa pertsonalizatu eta komunitarioetan
Aldundiak 3,2 milioi euro inbertitu ditu Uliazpiren Ategorrieta zentroa hartzen duen eraikina erosteko. Zentro horrek desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei arreta integrala emateko zerbitzuak biltzen ditu.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Uliazpiren Ategorrieta zentroa bisitatu dute gaur goizean. Zentro horrek bi etxebizitza, eguneko zentro bat eta aldi baterako egonaldi-zerbitzu bat ditu desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat eta haien familientzat, zainketa “pertsonalizatuak eta komunitarioak” emateko. Bisitan Arantza Aguiriano Uliazpi Fundazioko gerentearekin egon dira, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte bertan duela 15 urtetik desgaitasuna duten pertsona heldu eta gazteei eta haien familiei eskaintzen zaizkien instalazioak eta zerbitzuak.
Ategorrieta zentroa 2008. urtetik dago martxan, eta 10 plazako bi etxebizitza ditu –gehienak banako gela pertsonalizatuetan–, eguneko zentro bat 26 lagunentzat, eta beste etxebizitza bat atsedenerako edo aldi baterako egonaldietarako, 6 plazarekin. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Uliazpik duen izaera “aitzindaria, berritzailea eta traktorea” da. Izan ere, arreta eredu hori “pertsona bakoitzaren premietan oinarritzen da, komunitatearekin konektatuta dago eta etengabe eboluzionatzen eta hazten ari da, eta gure gizarte ereduaren eta zainketa ereduaren erakusgarri argia da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak duela gutxi erosi du Ategorrieta zentroaren jarduera hartzen duen ekipamendua, lehen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarena zena, 3.236.785 euroren truke. Horrek “egonkortasun handiagoa” ematen dio eta Gipuzkoako Foru Aldundiak desgaitasun intelektuala duten pertsonen arreta integralaren alde egiten den apustua indartzen du. Guztira, Uliazpik sei zentro ditu Gipuzkoan –bi Donostian eta bana Hondarribian, Eibarren, Zizurkilen eta Bergaran–, eta desgaitasun intelektuala duten 380 pertsonari ematen die arreta, 213 etxebizitzatan eta 299 eguneko arretarako plazetan.
Bisitan, diputatu nagusiak adierazi du Uliazpik aurrera egiten jarraitzen duela desgaitasuna duten pertsonen arretan, eta, horrenbestez, “aurrelari” dela arreta integralean eta zainketa pertsonalizatuetan, eta “beti erantzuten diela pertsona eta familia bakoitzaren premiei, haien profila, adina edo beharra edozein izanda ere”. “30 urtetik gorako ibilbidean, eta pandemia izan dugun bi urte luze eta zailen ondoren, Uliazpik erakutsi du egokitzeko, bere burua gainditzeko eta berritzeko gaitasun handia duela”, adierazi du.
Aldi baterako atsedenezko egonaldiak
Ategorrieta zentroak badu berezitasun bat: Ulialdi programa du, aldi baterako egonaldietarako zerbitzua, bai atsedenerako, bai larrialdietarako, eta Gipuzkoako desgaitasun intelektualeko sare osoari ematen dio zerbitzua. Zentroko hiru etxebizitzetako bat da, eta 6 plaza ditu –banakako lau logela eta logela bikoitz bat–, baita eremu komun zabalak ere.
Uliazpik 2009. urtetik eskaintzen du atseden zerbitzua, eta 2021ean 37 izan ziren programa horren onuradun izan zirenak, desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak. Guztira, 1.582 gaueko egonaldi egin ziren. Arantza Aguirianok azaldu duenez, familiek “asko estimatzen eta eskatzen” duten zerbitzu bat da. Ondorioz, iaztik, Aldundiak eta Uliazpik unitate berri bat ireki zuten aldi baterako egonaldietarako, kasu horretan, adimen desgaitasuna duten adingabeentzat eta gazteentzat. Donostiako Loiolako Erriberak auzoan dago, eta 20 familiaren beharrei ematen die zerbitzua asteburuetan eta oporraldietan.
30 urtetik gora adimen desgaitasuna duten pertsonak artatzen
Uliazpi Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuari atxikita dago, eta 30 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan adimen desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei "erantzun integral eta pertsonalizatua" ematen, eraginkortasunaren eta berrikuntzaren ikuspegitik. Uliazpiren erabiltzaileek adimen desgaitasuna eta laguntza premiak dituzte ezaugarritzat. Desgaitasun intelektuala izateaz gain, erabiltzaileak nahasmendu eta/edo arazoekin ere lotu daitezke, hala nola espektro autistaren nahasmenduekin, desgaitasun sentsorialekin, arazo motorrekin, buru-nahasmenduekin, osasun-arazoekin eta abarrekin.
Nahiz eta Uliazpi 1989an sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomo gisa, Aguirianok zehaztu du adimen desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta arreta 60ko hamarkadan hasi zirela Gipuzkoan, adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde borrokatzeko elkartu zen familia-talde baten eskutik, gaur egun Atzegi denaren eskutik.
2707