Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoa sozial, berde eta lehiakor baten aldeko proiektuak partekatu ditu Aldundiak Zarauzko Udalarekin

Gipuzkoa sozial, berde eta lehiakor baten aldeko proiektuak partekatu ditu Aldundiak Zarauzko Udalarekin

Herriko alkatearekin elkartu da diputatu nagusia, tokiko egitasmo nagusiak ezagutu asmoz; Zarautzek eguneko zentro berritzaile bat izango du udazkenean, desgaitasun mota desberdinak dituzten pertsonentzat.

2022/02/23

Etorkizuna Eraikiz programari lotuta, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten dihardu Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Gaurkoan Xabier Txurruka alkatearekin elkartu da Zarautzen, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu asmoz. Gainera, bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte.

“Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak, etorkizunean ere. Lurralde are eta berdeagoa, sozialagoa eta lehiakorragoa nahi dugu eta horretarako lanean dihardugu buru-belarri, pandemiaren krisialditik atera eta geroari itxaropenez begiratzeko. Horretarako, ezinbestekoa da elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”, adierazi du diputatu nagusiak, Zarauzko alkatearekin bilera egin ostean. Lan bileran hartu du parte, baita ere, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak.

Hain zuzen ere, joan den urteko uztailaren 1ean Zarautzen kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, non galdetzen zitzaien herritarrei Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. Diputatu nagusiak azaldu duenez, pandemia egoera dagoeneko bi urtez luzatzen ari den honetan, “ezinbestekoa” da gipuzkoarrei entzun eta “gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak” jasotzea. Horretarako “tresna eraginkorra” izaten ari da aipatutako egitasmoa eta dagoeneko 18 herri eta lau unibertsitate campusetan egon da, gipuzkoarrengandik 2.500 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide honetan guztian jaso diren eta jasoko diren ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira, gaur diputatu nagusiak jakinarazi duenez.

 

Berdintasuna, gizarte babesa eta euskara

Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, nolanahi ere, “funtsezkoa” da udalerrien eta herritarren beraien partaidetza bultzatzea. “Gainontzeko erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri honi. Denon ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da, geroa guztion artean eraikitzeko”, gehitu du.

Zarauztarrengandik, hain zuzen ere, ehundik gora ekarpen (107) jaso zituen kapsulak eta horietatik, besteak beste, berdintasunari –emakume eta gizonen berdintasuna alor guztietan, bereziki kirolean eta lan munduan–, gizarte politikei –bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako gizarte babesa, esate baterako– eta euskarari lotutako balioak izan ziren nagusi. Horien ondotik, gazteen aldeko politiken beharra eta mugikortasunaren inguruko proposamenak izan ziren herritarrek beren ekarpenetan nabarmendutako balioak.

“Etorkizuna Eraikiz egitasmoan jasotako ekarpenak, 2030 Agendaren prozesu parte-hartzailearekin lortuko dugun diagnostikoarekin batera, oso baliagarriak izango zaizkigu Zarautz jasangarriago eta inklusiboago bat diseinatzeko ditugun erronkei aurre egiterako orduan”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

 

Desgaitasuneko eguneko zentro berritzailea

Zarauzko alkateak eta diputatu nagusiak elkarrekin ezagutu dituzte, Aldundiak eta Udalak elkarlanean garatuta, desgaitasuna duten pertsonentzako herriak izango dituen bi baliabide berrien kokalekuak. Aldapeta kalean daude eta 2022ko udazkenean ateak irekitzea aurreikusten da. Alde batetik, balio anitzeko eguneko zentro bat egingo dute bertan, hainbat motako dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko baliabide bat. Udaleko eta Aldundiko arduradunak bat etorri direnez, zentro aitzindaria eta berritzailea izango da, arreta-modu berriak ezagutzeko balioko duena. Probaldi baten ondoren, eredu hori lurraldeko beste toki batzuetara zabaltzea aztertuko du Gizarte Politikako foru departamentuak. Aurreikuspenen arabera, zentro berriak 25 plaza izango ditu guztira, eta desgaitasun fisiko, intelektual edo desgaitasun mistoa duten pertsonak joango dira bertara.

Bestalde, eguneko zentro berriarekin estuki lotuta, bi etxebizitza berri irekiko dira laguntzekin, 6 plazarekin, eguneko zentroaren goiko aldean kokatuta. Desgaitasuna duten pertsonentzako izango dira, baita ere. Maite Peñaren hitzetan, komunitatean integratzeko izugarrizko aukera eskainiko dute etxebizitza horiek, Zarauzko erdigunean kokatuta baitaude, eta pertsona bakoitzaren beharretan oinarritutako esku-hartze eta arreta ereduari erantzungo diote.

“Aldundiaren esku jartzen ditugun bi etxebizitza eta eguneko arreta-zentro berritzailea kokatuko den lokalarekin burututzat jotzen du Udalak Aldapetako proiektua” azaldu du Txurrukak. “Bere sorreratik izaera soziala izateko jaio eta bere garapenean hasierako potentzial sozial hori biderkatu du proiektuak. Vista Alegrerako igogailu publikoez gain, Babestutako 50 etxebizitzek (horietatik 16 alokairuan), aurreko astean Santa Ana Egoitza zabaltzeko emandako lokalek eta gaur Aldundiaren esku uzten ditugun eguneko-zentrorako lokalek eta bi etxebizitzek agerian uzten dute udal gobernu honen Zarauzko Gizarte Politikak hobetzeko azpiegiturak indartzeko konpromisoa eta apustua.”. 

Bi kasuetan, Udalak Aldundiari utziko dizkio dagozkion espazioak, eta Diputazioak egingo ditu eraikuntza- eta erreforma-lanak, plaza guztiak hitzartzeaz gain. Plaza horiek gaur egun Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonentzat dauden 1599 plazei gehituko zaizkie: 713 eguneko zentroetan, 412 egoitza-zentroetan eta 474 etxebizitzetan. Zerbitzu horien izaera berritzailearen arrazoia Gipuzkoa 2020>2030 agendan topatu behar da. Izan ere, Foru Aldundiak bizkortu egin du azken urteotan zaintza pertsonalizatuagoak, inklusiboagoak eta komunitarioagoak lortzeko eraldatze prozesua. Honako hau da helburua: Etorkizuna Eraikizen esparruan, Gipuzkoa zainketen abangoardian jartzea eta lurralde osoari bide-orri bat ezartzea helburu duena.

  

2108