Gipuzkoa Talent ekimenak harremanetan jarriko ditu lurraldeko enpresak eta atzerrian lanean ari den talentua
Gipuzkoa Talent ekimenak harremanetan jarriko ditu lurraldeko enpresak eta atzerrian lanean ari den talentua
Gipuzkoa Talent ekimenak harremanetan jarriko ditu lurraldeko enpresak eta atzerrian lanean ari den talentua
Abenduaren 27an lurraldeko 250 profesional eta 30 enpresa baino gehiago bilduko dira jardunaldi honetan.
Gaur egun atzerrian lanean ari diren, nazioarte mailan esperientzia zabala eta prestakuntza maila ere handia duten 250 lagunek baino gehiagok aukera izango dute Gipuzkoako 30 enpresen lana eta enplegu aukera zuzenean ezagutzeko, Gipuzkoa Talent Forum ekimenaren bigarren edizioari esker, zeina Miramon Teknologia Parkean egingo baita abenduaren 27an. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak antolatuta, Gipuzkoako profesionalek beren profilak ezagutzera eman ahal izango dituzte, berriz ere topagune bat sortuz talentuaren eta enpresek bilatzen dituzten profilen artean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Talent programaren bitartez, giza kapitala sustatu eta bultzatu nahi da lurraldean, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kapital horren beharra duten enpresekin konektatu. Iazko edizioaren arrakastaren ondoren, non 200 lagunetik gora eta hogeita hamar bat enpresek parte hartu baitzuten lehenengo Gipuzkoa Talent Forumean, aurten ere, eguberrietako egunak aprobetxatuz, Miramonen elkartuko dira Euskal Herritik kanpo beren ibilbidea egiten ari diren profesionalak eta beren taldeetan talentu berria sartu nahi duten lurraldeko enpresak.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuak hasiera emango diote Gipuzkoa Talent topaketari, Miramongo teknologia parkean, abenduaren 27an, asteazkena, goizeko 9:30etik aurrera.
Berritasun gisa, ekitaldian parte hartuko duten enpresa eta profesionalek Gipuzkoa Talent APPa erabili ahal izango dute. Aplikazioa parte-hartzaileek bakarrik erabili ahal izango dute eta, hain zuzen ere, atzerrian lanean ari diren profesionalen eta enpresen arteko zubi izateko sortua izan da. Izen-ematea oso modu errazean egin daiteke aplikazio hau deskargatuz eta, behin instalatuta, ‘Izena eman’ botoiean sakatuz.
Ekonomia Suspertzeko 2015-2019ko Planaren barruan, Foru Aldundiak sustatu duen proiektu bat da Gipuzkoa Talent, zeinaren helburua baita enpresa esparru diferenteetan kualifikazio handia duten pertsonak erakartzea, berreskuratzea eta lurraldean eustea. "Gero eta enpresa gehiagok jakinarazten digute profil espezializatu berriak behar dituztela eta zaila egiten zaiela hutsik dauden lanpostu horiek betetzea. Errealitate hori aztertzen ari gara lurraldeko gizarte eta ekonomia esparruko gainerako eragileekin batera, eta uste dugu Gipuzkoa Talent Forumek espazio oso egokia eskaintzen duela Gipuzkoako talentuak bertako enpresekin lotzeko", adierazi du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko diputatuak.
Hau ez da Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua erakarri eta Gipuzkoan eusteko abian jarri duen lehen ekimena; izan ere, 2000. urteaz geroztik, Fellows Gipuzkoa programak lehen mailako 36 ikerlari erakarri ditu lurraldera, Zientzia eta Teknologia Sarera. Orain, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentua ekonomia ehun osora zabaltzen ari da estrategia hori. Estrategia hori osatzeko, etorkizunari begira potentzial handia duten esparruetan espezializazio handiko prestakuntza proposamenak egin dira, hala nola zibersegurtasunaren esparruan -Eusko Jaurlaritzarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, kasu honetan-.
Gaur egun, gero eta nabariagoa da beharrezkoa dela abangoardia teknologikoa txertatzea gure enpresetan, inbertsio berriak erakartzea eta merkatu berrietara irekitzea; eta horretarako funtsezkoa da talentua erakartzea eta bertan eustea. Demografiaren eta enpresen bilakaerak erakusten du premia hori handitzen joango dela datozen urteetan; hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Talent estrategia jarri du abian, eta hurrengo hilabeteetan ere horretan sakontzen jarraituko du, lurraldeko eragileekin batera.
Iazko foroan parte hartu zuten lagun gehienek beren lan ibilbideak Europako herrialdeetan garatu dituzte –%23k Alemanian, %17k Inglaterran, %5ek Frantzian, %6k beste europer herrialde batzuetan–, nahiz Madril eta Bartzelonan –%16k–; ekitaldia egin zen garaian gehiengoak (%62) hiru urte baino gehiago zeramatzan atzerrian lanean. Parte-hartzaileen %90 baino gehiagok, gainera, datozen urteetan Gipuzkoara itzultzeko nahia adierazi zuen, eskaintza profesional erakargarria edukiz gero.
2993