Gipuzkoak 3,5 milioi euro jasoko ditu Europako Next Generation funtsetatik, tokiko administrazioen eraldaketa digitalean sakontzeko
Gipuzkoak 3,5 milioi euro jasoko ditu Europako Next Generation funtsetatik, tokiko administrazioen eraldaketa digitalean sakontzeko
Gipuzkoak 3,5 milioi euro jasoko ditu Europako Next Generation funtsetatik, tokiko administrazioen eraldaketa digitalean sakontzeko
Aldundiak 2,6 milioi euro jasoko ditu, eta lurraldeko lau udalek -Errenteria, Eibar, Hernani eta Zarauzko udalek- gainerakoa
Eraldaketa digitala
Gipuzkoako Lurralde Historiakoak 3,5 milioi euro jasoko ditu Europar Batasunaren Next Generation funtsetatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluan gaur jakinarazi denez. Baliabide hauen helburua tokiko administrazioen eraldaketa digitalean sakontzea da. Zehazki, funts hauek kudeatzeko Espainiar Estatuak onartutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan, 2022. urtean dirulaguntza deialdi bat onartu zen Tokiko Administrazioen Eraldaketa Digitala eta Modernizazioa sustatzeko. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, “albiste ona da lurraldearentzat”, eta azken urteetan Gipuzkoan elkarreragingarritasun eta azpiegitura digitalen arloan egin diren proiektuak finantzatzeko balioko dute baliabide berri hauek.
Foru arduradunak zehaztu duenez, Espainiako Gobernuak plazaratutako deialdiak eraldaketa digitalaren arloan sustatu nahi diren zenbait lerro zehaztu zituen: Herritarrengana Zuzendutako Administrazioa, Operazio Adimendunak, Datuaren Gobernantza, Azpiegitura Digitalak eta Oinarrizko Zerbitzuen Elkarreragingarritasuna. Laguntzak orokorrean udalen proiektuak sustatzera zuzenduta daude, baina 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalen kasuan, proiektuak bideratzeko foru aldundien parte hartzea aurrikusten dute. Honela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteria, Eibar, Hernani eta Zarauzko udalek deialdi honen barruan eskaerak aurkeztu zituzten pasa den abenduan, eta gaurko Diputatuen Kontseiluan ezagutarazi den ebazpenean guztiek NEXT funtsetatik dirulaguntzak lortu dituzte eraldaketa digitaleko arlo ezberdinetan egindako proiektuak finantziatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasuan, 2,6 milioi euro inguru jasoko dira, azken urteetan elkarreragingarritasun arloan eta azpiegitura digitalen arloan egindako proiektuak finantziatzeko. Batetik, elkarreragingarritasunaren arloan, honako proiektu hauek finantzatuko dira: erregistro elektronikoko plataforma Estatu mailako SIR (Sistema de Interconexión de Registros) sistemarekin integratzeko proiektua; eta jakinarazpen elektronikoen plataforma EAEko eta Estatuko plataformekin konektatzeko proiektua. Bestetik, azpiegitura digitalen kasuan IZFEk udalen esku jartzen duen azpiegitura berritzeko eta prozesamendu eta biltegiratze ahalmena areagotzeko egindako proiektuak finantziatuko dira. Azkenik, udalen kasuan, Eibarko Udalak 205.000 euro, Errenteriako Udalak 279.000 euro, Hernaniko Udalak 205.000 euro eta Zarauzko udalak 162.000 uro inguru jasoko dituzte arlo berdinetako proiektuetarako.
Enpresen salmentak
Bigarrengo gaia arlo ekonomikoan kokatzen da: 2023 urteko apirileko Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri da, eta Kontseiluan errepasatu dituzte bertan agertzen diren datuak. Ogasun eta Finantza departamentuak egin ohi du txosten hau. “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Kasu honetan, apirilera arteko txostena da esku artean duguna eta, ondorioz, urte hasierari buruzko ikuspegi interesgarria eskaintzen digu”, gogoratu du foru bozeramaileak. Txosten osoa web orrian egongo da eskuragai, ohi bezala, edozein kontsulta egiteko.
Datuetara jaitsita, nahiz eta apirila ez den hilabete ona izan, urteko lehen lauhilekoa bere osotasunean hartuta datuek onak izaten jarraitzen dute. 2022 urtearekin alderatuz gero, igoera nabarmena eman da: +%6,2 igo dira salmentak, eta bere bi azpi-aldagaiek ere bilakaera positiboa izan dute: barne merkatua +%5,8 hazi da, eta esportazioek +%6,7 egin dute gora. Sektoreka, eraikuntza izan da urtean zehar bilakaera onena adierazi duen sektorea, baina denak ere zifra oso onetan ageri dira: industria (+%5,1), zerbitzuak (+%6,3) eta eraikuntza (+%20,6). Azkenik, lan-merkatuan, apirilean lan etekinen jasotzaileen kopurua +%0,9 igo zen urte arteko terminoetan, eta urteko metatuan +%1,1 hazi. Bestalde, apirilean ordaindutako soldatak +%5,1 igo dira 2022ko hilabete beraren aldean, eta urteko metatuan igoera +%5,5ekoa da.
2314