Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak 5,2 puntutan gainditzen du Europako etengabeko ikaskuntza-ehunekoa

Gipuzkoak 5,2 puntutan gainditzen du Europako etengabeko ikaskuntza-ehunekoa

Aldundiak bultzatutako ikerketaren arabera, 25 eta 74 urte bitarteko pertsonen % 14,4k ohiko prestakuntza-jardueretan parte hartu zuen 2021ean.

Gipuzkoako 25-74 urte bitarteko helduen % 14,4k parte hartu zuen 2021ean etengabeko ikaskuntzako jardueretan, % 16k emakumeak eta % 12,8k gizonak, hau da, iaz baino 1.6 puntu gehiago. Partaidetza-tasa hori azken urteetako profilaren barruan mantentzen da (batez bestekoaren % 15 2010-2020 hamarkadan); beraz, 2021ean lurraldeak pultsua berreskuratu du pandemiaren eraginaren ondoren. Foru Aldundiak Ikasmina programaren esparruan bultzatutako azterlanaren arabera, Gipuzkoa EAEren gainetik dago (% 10,6), Europako batez bestekoaren gainetik (% 9,2), eta baita Alemania eta Frantziaren gainetik ere (% 7,7 eta % 13, hurrenez hurren), baina oraindik ere estatistikako buru diren hiru herrialdeen azpitik: Suedia ( % 28,6), Danimarka ( % 20) eta Herbehereak ( % 18,8).

Txostenak kontuan hartzen ditu titulu ofizial bat lortzera bideratutako prestakuntza-jarduerak (ikaskuntza formala) eta modu antolatu eta iraunkorrean egiten direnak, baina titulu ofizialik ez dakartenak (ikaskuntza ez-formala). Emaitzak kontsulta egin aurreko lau asteetan egindako ikaskuntza-jardueretan oinarritzen dira (ohiko ikaskuntza edo etengabeko ikaskuntza deritzona, alegia).

Gazteek gehiago parte hartzen dute etengabeko ikaskuntzako jardueretan. Zehazki, 25 eta 34 urte bitarteko hamar pertsonatik hiruk adierazi dute prestakuntza-jardueretan parte hartu dutela kontsulta egin aurreko lau asteetan (% 28,5), eta proportzio horrek gora egin du 2020. urtearekiko (+2,5 puntu). Proportzio hori nabarmen txikiagoa da pertsonen adinak gora egin ahala: % 17,5 35-44 urte bitartekoen artean, % 12,4 45-54 urte bitartekoen artean, eta % 5,9 55-64 urte bitartekoen artean.

Bestalde, lortutako ikasketa-maila funtsezko faktorea da etengabeko ikaskuntzan parte hartzeko. Hala, hirugarren mailako ikasketak egin dituzten pertsonen bostenak baino gehiagok adierazi du azken lau asteetan ikasi duela (% 21,9). Proportzio hori hamarren batera jaisten da bigarren mailako ikasketak dituzten pertsonen artean  % 11,0), eta % 4,1ean geratzen da lehen mailako ikasketak dituztenen artean.

Txostenak egiaztatzen du lotura nabarmena dagoela ordaindutako lan-merkatuaren eta helduen ikaskuntzaren artean, lanbide-motibazioak ikasten jarraitzeko langileen aldean duen garrantziagatik. Hala, lan edo lanbide batean diharduten hamar pertsonatik ia bik diote azken lau asteetan ikasi dutela (% 16,3), eta antzeko proportzioan langabezian dauden pertsonen artean (% 17,3). Aitzitik, partaidetza-mailak nabarmen egin du behera erretiratuen artean (% 9,7) eta/edo lan-merkatuan sartu gabeen artean ( % 3,2).

"Lurralde mailako apustua"

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak datuen irakurketa positiboa egin du, eta azpimarratu du Gipuzkoa "oso ondo kokatuta" dagoela Europan arlo horretan, "nahiz eta gure erreferentzia herrialde liderrak izan, haiengana gehiago hurbildu nahi baitugu". "Gure ekonomiaren eta, beraz, gure ongizatearen indarra pertsonen eta enpresen ezagutzan eta gaitasunetan oinarritzen da. Gero eta aldakorragoa eta konplexuagoa den ingurune batean, trantsizio handiek (digitala, ekologikoa edo soziala) markatutako ingurune batean, etengabeko ikaskuntza gure lehiakortasunari eusteko balio bereizgarria da ", adierazi du.

Diputatuak gogorarazi du enpleguaren etorkizuna "gizartearen kezka nagusietako bat" dela, eta, beraz, legealdiaren amaierara arte Aldundiak bere ekintzan izango dituen lehentasunetako bat izaten jarraituko duela: "Etengabeko ikaskuntza eta kualifikazioa bultzatzen jarraituko dugu Gipuzkoako pertsonengan, enpresetan eta elkarteetan, lurraldearen eta etorkizunaren aldeko apustua baita". Asmo horrekin, Aldundiak bi laguntza-lerro jarri zituen abian irailean, 680.000 euro guztira, datozen asteetan onuradunei iritsiko zaizkienak. Honako esparruak jorratzen dituzte, besteak beste: pertsonen kualifikazioa, funtsezko gaitasunak eta ibilbide pertsonalizatuak eskuratuz; enpresa-munduaren eta prestakuntza-munduaren arteko lankidetza, etorkizunean beharko diren gaitasun berriak bultzatzeko; edo bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea.

  

1828