Gipuzkoak argi berdea eman dio Adinberriren eraikuntzari, 59 milioiko obren lizitazioarekin
Gipuzkoak argi berdea eman dio Adinberriren eraikuntzari, 59 milioiko obren lizitazioarekin
Aldundiak azken 10 urteotan egindako “inbertsio garrantzitsuenaren izaera soziala” azpimarratu du diputatu nagusiak; Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, zahartze osasungarrian erreferentzia zentroa izango da Adinberri
Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman dio Adinberri zahartze osasungarrirako zentroaren eraikuntzari, arkitekturaren zein zerbitzuen diseinu orokorraren aldetik eraikin “aitzindari” horren obren lizitazioa onartu baitu Diputatuen Kontseiluak, guztira 59 milioi euroko balioarekin. Erabaki horrekin, Trintxerpen (Pasaia) gune berritzaile bat eraikitzeko bidea ireki da, zeinak honako hauek izango dituen instalazioen artean: adinekoen egoitza berritzaile bat, eguneko zentro bat, babespeko apartamentuak, zahartze osasuntsuari lotutako I+G unitate bat eta lurpeko aparkaleku bat. Multzo horrek “bultzada indartsu bat” emango dio Pasaialdearen biziberritzeari eta aurreikusten du zuzeneko eta zeharkako 400 lanpostu inguru sortuko dituela.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu du Aldundiak azken hamar urteotan funts propioekin egin duen “inbertsiorik garrantzitsuena” dela gaur aurkeztutakoa eta azpiegitura horren “izaera sozial eta aitzindaria” nabarmena du, Gipuzkoako gizartearen zahartzearen erronkari erantzuten baitio, “berrikuntzarako eta elkarlanerako” espazio bat sortuz. Olanok azaldu duenez, ”lurraldean garatzen ari den egoitza eredu berritik abiatuta eraikiko den belaunaldi berriko lehen zentroetako bat izango da Adinberri –bizikidetza-unitate txikiak, komunitatearekiko lotura eta etxeko giroa–, non adinekoek etxean bezala bizi direla sentitzen duten”. Gainera, Adinberri fundazioaren berrikuntza-unitatea gune horretan integratzeak “irtenbide berriak eta arreta-eredu berritzaileak” frogatzeko balioko du, eta horiek, aldi berean, jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sorraraziko dituzten “berrikuntza sozial eta teknologikoak” eragingo dituzte.
Adinberri, zahartzea eta mendekotasuna artatzeko erreferentzia zentroa, Pasaian kokatuko da, Trintxerpe auzoan, Hospitalillo izeneko kaiaren ondoko eremuan eraikiko den gune batean. Gune horretako zerbitzu nagusia zaharren egoitza bat izango da, 124 plazarekin –guztira 13.089,98 metro koadroko azalera eraikia–, 18 babespeko etxebizitza –22 plaza– eta eguneko zentro batez gain. Guztiek ere, zerbitzu berritzaileak eta punta-puntakoak izango dituzte arretaren ikuspegitik, pertsona erdigunean kokatzen duen eredua landuko duena, komunitatearekin konektatua, erabiltzaileak etxean bezala sentiaraziko dituena.
Gune horren barruan ezarriko da, baita ere, Adinberriko berrikuntza-unitatea. 680 metro koadroko azalera edukiko du eta ikerketa nahiz testatze gune bat edukiko du. Halaber, Pasaiako hiri ingurunean integratutako plaza zabal bat izango du multzoak, bai eta hainbat instalazio komun eta erabilera anitzeko espazio ere. Azkenik, lurpeko aparkaleku bat eraikiko da, bi solairukoa eta guztira 468 plaza izango dituena.
Olanok proiektuaren inguruko azken orduko berriak eskaini ditu gaur goizean komunikabideen aurrean, Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako, eta Gizarte Politiketako diputatuekin batera, alegia, Rafaela Romerorekin eta Maite Peñarekin batera, hurrenez hurren. Rakel San Sebastian Adinberri fundazioko zuzendaria ere aurkezpenean izan da.
“Ekimen eraldatzailea”
Diputatu nagusiak adierazi duenez, obra honen lizitazioarekin, foru gobernuak “emandako hitza bete” du eta Etorkizuna Eraikizen esparruan luzaro landutako “proiektu estrategiko bat” gauzatzeko urratsa ematen du, legegintzaldi honetako Plan Estrategikoan jasotako moduan. "Azken bi legealdi hauetako inbertsiorik garrantzitsuena da, ekimen eraldatzailea. Nahi dugu Gipuzkoak lurralde sozialki aurreratua izaten jarraitzea, kohesionatua, pertsona guztiei, batez ere adinekoei, kalitatezko babesa bermatuko diena. Ahalegin horretan buru-belarri jarraitzeko determinazioa dugu”, azaldu du.
Ildo horretan, Olanok gaineratu duenez, Aldundia ezartzen ari den zaintza eredu berrirako trantsizioan “lurralde osorako funtsezko erreferentzia” bihurtu da Pasaia. Horren lekuko, etxean bizi diren pertsona zaharren zaintza indartzeko Zaintza Herrilab estrategia –ekimen horretan dagoeneko bi urte daramatza lanean udalerriak– eta, orain, Adinberri erreferentzia zentroa bera. Era berean, Adinberri fundazioaren bitartez, Gipuzkoak irtenbide eta berrikuntza berriak sortu ahal izango ditu, adineko pertsonen beharrei eta kezkei erantzungo dien “ekonomia berri bat ehuntzeko”, hamar urte barru 55 urtetik gorakoak biztanleriaren erdira iritsiko direla kontuan izanda. “Trintxerpen kokatutako gune honen bitartez, ehun ekonomiko berria eta lanpostu berriak sortzeko aukera probestu nahi dugu, zilarrezko ekonomiari lotutako sektorea indartuz”, gehitu du.
“Adinberriren aldeko apustua Pasaiaren eta Oarsoaldearen aldeko apustua da. Urrats berri bat eman dugu, ekintzekin, Herrera eta Ondartxo arteko eremuen biziberritzean. Gainera, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duen proiektu batez ari gara eta kalitatezko enplegua sustatzen ari gara. Egungo ziurgabetasun guztiak gorabehera, buru-belarri lanean ari gara Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko, eskualde guztietan enplegua sortzen jarraitzeko, komunitate osoa inplikatuz ahulenak diren pertsonak zaindu eta babesteko, gazteenei aukerak sortzeko eta desberdintasun sozialak hazi ez daitezen borrokatzeko”, berretsi du Markel Olanok.
Rafaela Romero diputatuak gogorarazi duenez, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 25 milioi baino gehiago inbertitzen ditu zuzenean Pasaiaren biziberritze lanetan, Trintxerpeko barrutian aparkatzeko arazoa konpontzeko ekarpena eginez eta herritarren gozamenerako espazio libreak sortuz. Azken helburu horietara begira, aipatu duenez, lurpeko aparkaleku bat eraikiko da Adinberri konplexuan, 468 plazako edukierarekin, eta Hospitalilloko ingurua urbanizatuko da, herritarrek gozatzeko 9.000 m2 inguruko espazio bat sortuz.
"Hospitalilloko inguruak herritarren gozamenerako izan behar du, eta ez ibilgailu pribatuak kolonizatutako espazio bat. Trintxerpek hirigintzako bi arazo garrantzitsu ditu: aparkalekurik eza eta espazio librerik eza. Jarduketa honen bidez, bi arazoak konpontzen saiatzen gara. Hospitalilloko urbanizazioak eta Adinberri zentroan sortzen den espazio publikoak zentralitate berri bat sortuko dute Trintxerpen eta Pasaian, herritarren erabilerarako, Herrerako lotunetik Lonjaraino”, adierazi du Romerok. Behin-behinean, aire librean aparkaleku bat eraikiko da aurten bertan, obrak irauten duen bitartean arazoa arintzeko. Aparkaleku hori Zirizako eraikinaren albo batean egongo da, eta hasieran Aduana kaletik sartu eta irtengo da. Konponbide hori Pasaiako Udalarekin eta Portu Agintaritzarekin batera lantzen ari dira.
Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duenez, Etorkizuna Eraikizen eta Gipuzkoa 2020>2030 Trantsizioko Gizarte Politikak garatzeko bide-orriaren esparruan, zaintza eredu berri baterako trantsizioa gauzatzea Aldundiaren “erabateko lehentasuna” bihurtu da eta lurralde osora iritsiko den “aldaketa sistemikoa” bultzatzea du jomugan. Testuinguru horretan, Adinberri erreferentzia zentroa “funtsezko” pieza izango da egoitza eredu berriaren hedapenean. “Gure hirugarren sektorearen talentua eta egiten jakitea probestu nahi ditugu bereziki, gure berrikuntza gaitasunei ahalik eta zuku gehien ateratzeko eta pertsona guztien bizitza osasuntsuaren aldia zabaltzen laguntzeko, mendekotasun egoerak ahal den gehiena atzeratuz. Gainera, berrikuntza-unitateari esker, esperimentazioaren bidez, eredu, produktu eta zerbitzu arrakastatsuak lurraldeko gainerako zentroetara zabaldu ahalko ditugu. Adinberri nazioartean ere erreferente bilakatuko da”, gogorarazi du.
Obren hasiera eta behin-behineko aparkalekua aire zabalean
Gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Adinberriren eraikuntza 2022ko amaieran hastea aurreikusten da. Lanek 48 hilabeteko iraupena izango dute eta lan horien lehen fasean lurpeko aparkalekua eraiki beharko da lehendabizi, erreferentzia zentroa eraikitzen hasi aurretik. Bai Aldundiak eta baita Udalak ere konpromisoa hartu dute lanek ahalik eta eragin mugatuena izan dezaten portuko jardueran eta, bereziki, Trintxerpera eta San Pedrora sartzeko trafikoan, kamioien joan-etorria Herreratik gidatuz eta Euskadi etorbidea ahal den heinean saihestuz.
Era berean, Aldundiak Trintxerpeko Ziriza zentroaren ondoko lurretan aire zabalean behin-behineko aparkaleku bat urbanizatzeko proiektuaren lizitazioa onartu du. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak sustatutako esku-hartze horrek 824.465.14 euroko inbertsio gehigarria ekarriko du eta hiru hilabete inguruko exekuzio-aldia izango du. Behin-behineko aparkaleku hori aire zabalean kokatu ondoren, 2022aren amaieran Adinberri erreferentzia zentroaren obrak hasi ahalko dituzte, aurreikuspenen arabera.
Adinberri estrategia
Aldundiak 2018an abiarazi zuen Adinberri estrategia, biztanleriaren zahartze osasungarriaren zerbitzura Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna maximizatzeko helburuarekin. Urte hartan bertan sortu zuen izen bera daraman fundazioa. Harrezkero, erreferentzia zentroaren diseinuan eta eraikuntza proiektuan ari da lanean. Alonso & Hernández Asociados S.L., JG Ingenieros S.A. eta Antero Fernández Arquitectos S.L.P aldi baterako enpresa-elkarteek idatzi zuten proiektua, 2019an proiektuaren idaztea esleitu ondoren. Aldundiko ordezkariek proiektuaren “konplexutasun nabarmena” aintzakotzat hartu dute gaurkoan. “Inplikatutako administrazioen arteko lankidetza funtsezkoa izaten ari da ekimen hau garatzeko garaian. Aldundiko sailak, Pasaiako Udala eta Portu Agintaritza elkarlanean ari gara, eta lankidetza horrek funtsezkoa izaten jarraituko du obrak egin bitartean”, aurreratu du diputatu nagusiak.
3040