Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak aurrera pausoa eman du zainketen estrategian, eta tutoretzapeko etxebizitza berriak inauguratu ditu Urnietan

Gipuzkoak aurrera pausoa eman du zainketen estrategian, eta tutoretzapeko etxebizitza berriak inauguratu ditu Urnietan

Baliabide berri hau Zaintza Herrilab estrategiaren parte da, eta arreta pertsonalizatua eskaintzea du helburu, pertsonak erdigunean jarriz eta adineko herritarren behar berrietara egokituz. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrerapausoa eman du zainketa-estrategian, herritarren ongizate integralerako duen konpromisoa berretsiz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Urnietak adineko pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzen baliabide berria du, Errekalde auzoan. Baliabide berria udaz geroztik dago martxan eta iraupen luzeko sei apartamentuk osatzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako Zaintza Herrilab estrategiaren barruan kokatzen da etxebizitza hauen sorrera eta helburua da Gipuzkoako herritarrei zuzendutako zaintza zerbitzuak hobetzea, arreta pertsonalizatua, berritzailea eta hurbilekoa sustatuz, komunitatearekin konektatua dagoena.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jorge Segurado Urnietako alkateak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak bisitatu dute zerbitzu berria, eta agerraldian laguntza etxebizitza hauek Gipuzkoako zaintza-estrategian duten garrantzia azpimarratu dute, adinekoen ongizate integrala jartzen baitute erdigunean.

Tutoretzapeko etxebizitza horiek Urnietako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker gauzatu dira, elkarrekin egindako ahaleginean, adinekoen behar berrietara egokitutako azpiegiturak garatzeko duten konpromisoari esker. Zerbitzu berria pertsona ardatz duen zaintza-ereduarekin lerrokatzen da. Eredu horrek arreta-ingurune bat sustatzen du, non adinekoek beren etorkizunari buruz erabakitzeko eta komunitatean geratzeko ahalmena duten, gertuko zaintza-sare baten laguntzarekin.

Etxebizitzekin batera, igogailu berri bat ere eraiki da, etxebizitzen erabiltzaileei eta herritarrei sarbidea errazteko, Idiazabal kalea eta Errekalde auzoa lotzen dituena.

Diputatu nagusiak balorean jarri du Urnietako Udalarekin baliabide hau martxan jartzeko izandako lankidetza, Aldundia Gipuzkoa zainketen arloan bizitzen ari den trantsizioan, aurrera egiten ari den "isla argia": "Atzera bueltarik ez duen prozesua da, gure lurraldean jada errealitate bat dena, erakunde guztien eta babes sozialeko sare osoaren lan nekaezinari esker gauzatzen ari dena. Zaintza pertsonalizatuaren eta komunitarioaren eredu hau Gipuzkoak herritarren ongizate integralarekin duen konpromisoaren erakusgarri da, adinekoen beharretara egokitutako irtenbideak eskainiz eta haien autonomia eta bizi-kalitatea bermatuz ", adierazi du.

Bestalde, Urnietako alkatea den Jorge Seguradok berretsi egin du Urnietako Udalak gizarte arloarekin eta urnietarrak zaintzearekin duen konpromisoa, "zentzu horretan ari gara lanean, etengabe, eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, laguntza etxebizitza hauek horren adierazle dira". Azaldu duenez, etxebizitza hauek adineko pertsonak erdigunean jarrita gauzatutako proiektatu dira, “erabiltzaileak etxean bezala egotea eta sentitzea dugu helburu, eta hori oinarri hartuta diseinatu dira. Baliabide berri hau azken xehetasuneraino zaindu da, eta zainketa-eredu berriarekin lerrokatuta dago; eredu horren ardatzak dira hurbiltasuna eta pertsonalizazioa. Seitik bost etxebizitza banakoak dira, eta beste bat partekatua. Guztiak erabat hornituta daude eta gune komun zabalak dituzte kalitatezko egonaldia bermatzeko".

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urnietako Udalaren arteko lankidetza nabarmendu du Seguradok ere: "gogora ekarri nahi dut, halaber, Foru Aldundiaren laguntzari esker Elkarteen Etxea ere berritu zela, Gizarte Zerbitzuetako hainbat baliabide eskaintzen dituena. Era berean, aipatu, etorkizun hurbilean adinekoentzako egoitza bat izango dugula Urnietan. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiot Aldundiari, diputatu nagusia buru dela, eta Zainketa eta Gizarte Politiketako Sailari, bere inplikazioagatik, babesagatik eta laguntzagatik. Era berean, gogorarazi nahi nuke Urnietan zainketen ekosistema propio berria egiteko prozesuan murgilduta jarraitzen dugula, datozen urteetan lanean jarraitzeko ibilbide-orri gisa balioko diguna".

  

2924