Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Gipuzkoak bat egin du Espainiaren eta Kolonbiaren artean 2027ra arte garatuko den LGTBI eskubideen aldeko nazioarteko proiektuarekin

Gipuzkoak bat egin du Espainiaren eta Kolonbiaren artean 2027ra arte garatuko den LGTBI eskubideen aldeko nazioarteko proiektuarekin

Goizane Álvarez Kultura eta Lankidetza diputatuak harrera egin die "Eskubideen Berdintasunaren aldeko Koalizioa" programako ordezkariei. Nazioarteko ekimenak bi herrialdeak aukeratu ditu datozen bi urteetan LGTBI kolektiboaren inklusioa bultzatuko duten politikak garatzeko.

2025/04/03
Lankidetza

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuak harrera egin die "LGTBI Eskubide Berdintasunerako España-Kolonbia Koalizioa 2025-2027" proiektuko zenbait ordezkariri. Bisita Eskubide Berdintasunaren aldeko Koalizioak (Equal Rights Coalition, ERC) LGTBI pertsonen eskubideak indartzeko eta elkarlanean aritzeko bultzatutako ekintzen barruan kokatzen da. Gobernuen arteko ekimen hori 2016an sortu zen, eta kontinente guztietako 45 estatuk osatzen dute. Ekimenaren helburu nagusia da LGTBI eskubideen aurrerapena bultzatzea munduan. Hala, Espainia eta Kolonbia aukeratu dira datozen bi urteetan nazioarteko diplomaziaren, legeriaren, politika publikoen eta garapen inklusiborako lankidetzaren eremuetan politikak gara ditzaten.

Bisitaren buru Goizane Álvarez Kultura eta Lankidetzako diputatua eta Ana Priede Lankidetzako foru zuzendaria izan dira, eta, horiez gain, bertan izan dira Ignacio Rodríguez Puertas, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendaria; Iñigo García Villanueva, Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzia; Wilson de Jesús Castañeda, Caribe Afirmativo korporazioko zuzendaria, eta Ana Rosa López de Uralde Gómez, Gasteizko Udaleko zinegotzia.

Topaketan, datozen urteetan aliantza horren esparruan egingo diren jardueren xehetasunak partekatu dira, besteak beste, Kolonbian eta Espainian egingo diren ekintza espezifikoak, eta nazioarteko beste erakunde batzuekiko lankidetza. Gainera, funtsezko gaiak jorratu dira, hala nola LGTBI pertsonen giza eskubideak babestea eta politika publiko inklusiboak indartzea.

Ildo horretan, Álvarezek azpimarratu duenez, "proiektu garrantzitsua da LGTBI pertsonen diskriminazioaren, kriminalizazioaren eta giza eskubideen urraketen aurkako borrokan aurrera egiteko zenbait herrialdetan. Eta Gipuzkoak aurrera egiten eta aniztasuna errespetatzen duen ingurune global inklusiboago bat sustatzen lagun badezake, hala egingo dugu. Orain pentsatu behar dugu nola lagundu diezaiokegun proiektu honi datozen bi urteetan".

45 estatu kidetako koalizio bat

Eskubide Berdintasunaren aldeko Koalizioa gobernuen eta gizarte zibilaren arteko nazioarteko lankidetza mekanismo bat da, 2016an sortu zenetik LGTBI pertsonen eskubideak mundu mailan babesteko eta sustatzeko lan egiten duena. Gaur egun, munduko kontinente guztietako 45 estatu kidek osatzen dute, Espainia eta Kolonbia barne. 2024ko Berlingo Biltzarretik aurrera, koalizio horren presidentzia partekatzen dute 2026ra arte.

Proiektu hau 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparruan Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartutako konpromisoen barruan ere sartzen da, bereziki 10.ean, zeinak desberdintasunak murriztea eta gizarte inklusioa sustatzea baitu helburu. Horregatik, bisita aukera ederra izan da  bultzada bat emateko gobernuekin, gizarte zibileko erakundeekin eta mundu osoko erakunde multilateralekin elkarlanean, Lankidetza Departamentuak LGTBI pertsonen eskubide berdintasunarekin eta ongizatearekin mundu mailan duen konpromisoari.

  

5944