Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak bultzada-gaitasun handia du eta baita ere sorkuntza gune bihurtzeko osagai guztiak

Gipuzkoak bultzada-gaitasun handia du eta baita ere sorkuntza gune bihurtzeko osagai guztiak

Betina Haregup Danimarkako adituak lurraldearen erakargarritasuna goraipatu du eta Etorkizuna Eraikiz proiektua tresna egokitzat jo du gaitasun horiek ustiatzeko

“Sortzaileen ametsetako lurraldean bizi zarete: diseinu ona, arkitektura ona, janari ona. Gipuzkoak gaitasun harrigarria du, izatez gizarte elebiduna zaretelako. Bultzatzeko eta erakartzeko gaitasun handia duzuelako”. Betina Haregup daniarrak, Danish Business Autorithy-ko zuzendari nagusiak, lurraldeko erakargarritasunetan jarri du fokua, bere iritziz gure lurraldeak sorkuntza gune bat sortzeko baldintza ezin hobeak dituelako. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Etorkizuna Eraikiz proiektuaren zeregin parte-hartzailea eta erraztailea txalotu du, “tresna erabilgarria eta praktikoa delako gaitasun horiek guztiak ustiatzeko”.

Aditu daniarrak parte hartu du, gaur, industria sortzailearen alorreko eragile gipuzkoarren topaketan, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan foru erakundeak sustatutako internazionalizazio sarearen barnean antolatutakoan. Ziklo hauen helburua da sare bat sortzea nazioarteko adituen eta lurraldeko eragileen artean, Gipuzkoako egoerara egokitu daitezkeen esperientzia arrakastatsuak identifikatzeko eta arrakasta gehien dutenak inportatzeko. Halaber, lurraldearen kokapena hobetu nahi da nazioarteko agertokian.

Gonbidatzaile lanetan aritu den Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok,  berriro adierazi du Etorkizuna Eraikiz programa guztiz garrantzitsua dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu ekintzarako. “Gure eguneroko kudeaketatik begiak altxatu behar ditugu eta pentsatu nolako Gipuzkoa nahi dugun biharko eta etzirako”. Eta, gainera, lurraldeko gizarte antolatuaren eskutik”, azaldu du. Foru agintariak azpimarratu duenez, gogoeta horrek zailtasun erantsi bat du: "Antzeman  behar dugu zeintzuk izango diren gure erronkak eta desafioak epe ertain eta luzera.   Haiek identifikatu eta, gaur bertan, erantzunak bilatzeari ekin".

Industria sortzaileari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren bitartez, egin duen apustua azpimarratu du Olanok, hau da, euskarazko eduki kulturalak sortzeko erreferentziako zentro bat abian jartzea. Haregup andreak aiptu dituen indarguneetan oinarrituz, diputatu nagusiak adierazi du ahalegin guztia egin behar dugula eduki bikoitza duen proiektu hau aurrera ateratzeko: Euskararen normalizazioan laguntzea eta produktu arrakastatsuak sortzea, “Gipuzkoak aurrera egin dezan industria sortzailearen esparruan, ekonomia, gizarte eta kultura aldetik".  

Kasu daniarra

Haregup andreak, bestalde, Danimarkako gobernua garatzen ari den industria sortzaileak duen arrakastaren inguruko gakoak eta estrategiak aipatu ditu; izan ere, sektore horrek Danimarkako urteko fakturazioaren % 7a eragiten du eta 85.000 pertsonari ematen dio lana.  “Gobernu gisa itunak erraztu behar ditugu, ahalmen sendoak izateko moduko ekosistema bat sortu, eta enpresa indartsuak bultzatu, elkarrekin lan egiteko prest daudenak”, adierazi du; halaber, helburu hori lortzeko Etorkizuna Eraikiz proiektuaren gobernantza ereduaren egokitasuna azpimarratu du. “Zeinek izango du arrakasta eta zeinek ez? Hori ez dago gobernuaren esku, enpresen esku baizik. Gobernuek gauzak erraztu behar ditugu”, nabarmendu du.

Betina Haregup andereak hainbat zuzendaritza kargu izan ditu enpresa pribatuan, Enpresa eta Hazkuntza Ekonomikoko Ministerioko idazkaria izan da, eta Danimarkako Gobernuko berrikuntza alorreko ministerio arteko batzordea zuzendu zuen. Garai horretan, arrakasta handiko ekimenak bultzatu zituen berrikuntza publikoaren esparruan. 2011. urteaz geroztik,  Danimarkako Gobernuko agentzia den Danish Business Autorithy-ko zuzendari nagusia da, eta bere zeregina da enpresa-ingurua hobetzea eta hazkuntza ekonomikoa sustatzea. Horrela, erakunde horrek laguntza ematen du enpresak sortzeko, hazkuntza estrategiak diseinatu eta ezartzeko, eta azpiegitura digitalak hobetzeko. Haregup andrea aditua da erregulazioak eta politika publikoek enpresa-jardueran duten eraginaren alorrean, eta sektore ekonomiko desberdinen arteko lehiakortasunean.

  

1478