Gipuzkoarrek 45 euroko gastu muga izango dute AP-8 eta AP-1eko ibilbideetan
Gipuzkoarrek 45 euroko gastu muga izango dute AP-8 eta AP-1eko ibilbideetan
Horrela, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek diruz lagunduko dituzte ondoko lurraldean dabiltzanean bi azpiegitura horiek erabiltzen dituztenen joan-etorri mistoak
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak AP-8 eta AP-1 autobideei aplikatuko zaien lurralde arteko gastu muga berria aurkeztu dute gaur. 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta akordio honi esker, azpiegitura horiek beren lurraldetik kanpo erabiltzen dituzten gipuzkoar zein bizkaitarrek hileko 45 euro ordainduko dituzte gehienez. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, AP-1eko Gasteizerainoko joan etorriak ere sartuko ditu gipuzkoarren gastu muga horretan.
Ekimen berritzaile hau Ermuan aurkeztu da. Bertan, Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu nahi izan du zein garrantzitsua den neurri hau egunero errepide laster horietakoren bat erabili behar izaten dutenentzat. “Egun garrantzitsua da gaurkoa, iragartzen ari garen neurri honek onura ekarriko baitie ia egunero AP-1 eta AP-8 erabiltzen dituzten 5.000 bat gipuzkoarri. Herri txikia gara, eta garrantzitsua da herritarren arteko harremana indartzea. Neurri honi esker, desagertu egiten da gure lurraldeen arteko harremanerako oztopo ekonomiko bat”, zehaztu du Olanok.
Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien arteko akordioaren arabera, 45 euroko gastu muga ezarriko da, betiere bidaia erabiltzailearen jatorrizko lurralde historikoan hasi edo amaitzen bada. Gipuzkoaren kasuan, muga horri onura ateratzeko baldintza bakarra izango da Abiatu sistemaren erabiltzailea izatea; hortaz, ez da beste inon alta eman behar. Horiek horrela, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, egunero Bilbora edo Gasteizera doan erabiltzaile gipuzkoar batek ordainduko duen gehieneko zenbatekoa 29,43 euro izango da Gipuzkoa barruan egindako bidaiengatik eta 45 euro, berriz, Bizkaiko eta Arabako tarteetan egindakoengatik. “Gaur egun, lanera egunero Bilbora doan gipuzkoar batek 207 euro inguru ordaintzen ditu hilero; Gasteizera doazenek, berriz, 106 bat euro. Datorren urtetik aurrera, tarifa berri honi esker, gehienez 75 euro ordainduko dituzte erabiltzaileek. Horrek, urtean, 1.591 euroko aurrezkia suposatuko dio egunero Bilbora joan behar duen gipuzkoarrari eta 372 eurokoa Gasteizera joaten denari”, azaldu du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta zehaztu du Bidegik hartuko duela beregain Abiatuko erabiltzaileei aplikatuko zaizkien deskontuen kostua.Gastu muga berriarekin, aldaketa bat ere adostu dute, autobidera Eibarren eta Ermuan sartzen diren erabiltzaileentzat. “Gaur egun, herri bateko zein besteko pertsonek beste herriko peajea erabiltzen dute AP-8ra sartzeko, eta ondoko lurraldeko peajea erabiltzen ari direnez ez zaie deskonturik aplikatzen”. Erabiltzaile horiek ez diskriminatzeko, lurralde arteko muga berri honen aplikaziorako, Gipuzkoakotzat joko da Ermuko lotunea, eta Bizkaikotzat, berriz, Eibarkoa", aurreratu du Oiarbidek.
Abiatuko 81.000 erabiltzaileek, gaur egun, Gipuzkoako autobideen 107 kilometroetan jasotzen dituzte deskontuak; urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, deskontu berria AP-8 eta AP-1 errepideek Bizkaian eta Araban dituzten 50,5 kilometroetan ere aplikatuko da.
Herri txikia gara, eta garrantzitsua da herritarren arteko harremana indartzea. Neurri honi esker, desagertu egiten da gure lurraldeen arteko harremanerako oztopo ekonomiko bat”
2203