Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek harremanak sendotu dituzte mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuekin
Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek harremanak sendotu dituzte mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuekin
Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek harremanak sendotu dituzte mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuekin
Bi erakundeek deialdi bateratua egin dute, mugaren bi aldeetan ekimen eta proiektu partekatuen garapena bultzatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak beren lankidetza indartzea erabaki dute eta, horretarako, mugaz gaindiko lehen partaidetzazko aurrekontuak jarriko dituzte abian. Ekimen horretara 300.000 euro bideratuko dira guztira (150.000 euro erakunde bakoitzak), eta lehen mailako lankidetzazko mugarri bat da bi erakundeentzat, kontuan hartuta apustu irmoa egiten dutela topaketan, inklusioan eta lankidetzan oinarritutako Europa bat eraikitzearen alde. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jean-Jacques Lasserre Pyrénées-Atlantiques Departamentuko presidenteak ekimen hori aurkeztu dute gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan, eta bi agintariak pozik agertu dira mugaz gaindiko lankidetzaren alde egindako apustuagatik.
Partaidetzazko aurrekontuen proiektua, zehazki, mugaz gaindiko ekimen eta proiektuen garapena bultzatzeko funts komun bat sortzean datza, alde bietako herritarren eta elkarte-sarearen proiektuetara bideratutako dirulaguntzak emanez, arreta berezia jarrita gazteengan. Zehaztu behar da erakunde bakoitzak egindako deialdi paraleloen batura izango dela deialdi bateratua. Deialdian jasotako herritarrentzako orientazioa bi unetan islatzen da: alde batetik, proiektuak aurkezteari dagokionez, eta, bestetik, proiektuak hautatzeko prozesuari dagokionez. Azken fasean, herritarrek erabakiko dute, beren botoekin, zer proiektuk jasoko duten azkenean eratutako funtsaren dirulaguntza.
Proiektua Etorkizuna Eraikiz foru programaren barruan kokatzen da, Aldundiak ekimen horretan sartu baitu Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko agintariekiko mugaz gaindiko lankidetza, bere internazionalizazio lerroaren barruan. Izan ere, Etorkizuna Eraikiz programak dituen funtsezko ezaugarriak, hala nola lankidetzazko gobernantza bultzatzea, eragile ugari inplikatzea, eta esperimentazioa sustatzea, erabat zentzuzkoak dira mugarik gabeko Europa batean, non erakunde guztiak ari diren gobernantza modu berriak, antolaketa modu berriak eta lan egiteko eta harremanak izateko modu berriak bilatzen, betiere ingurune konplexu, global eta heterogeneo baten barruan.
Lankidetzarako asmo hori Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmen berri bat sinatuz instituzionalizatu zen. Hitzarmen hori Aldundiak eta Departamentuko Kontseiluak sinatu zuten iazko apirilean, eta 2021etik 2024ra bitartean egongo da indarrean. Bi erakundeen artean aurrez gauzatutako hitzarmenen ondoren –2005-2010, 2011-2015, eta 2016-2022–, oraingo lankidetza esparruaren bitartez mugaz gaindiko lankidetza gauzatzen jarraitu nahi da, eta, halaber, proiektu berriak aktibatu nahi dira gizarte politiken, berdintasunaren, gizarteratzearen, suhiltzaileen zerbitzuaren eta partaidetzazko aurrekontuen arloetan; azken lan-ildo horretan kokatzen da gaur aurkeztutako ekimena.
Europaren eraikuntza
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, mugaz gaindiko partaidetzazko aurrekontuen lehen edizio hau «adibide ona da mugaz gaindiko lurraldeek aurre egin behar dieten desberdintasun administratiboak, prozedurazkoak eta kulturalak gainditzeko». «Deialdi honetan, funtsezkoa izan da Europa eraikitzeko erronkari eskualdeka heltzeko borondatea eta erabaki politikoa. Bi aldeen artean oraindik diferentzia handiak izan arren, jarrera proaktibo batetik abiatuta, mugaz gaindiko anbizioa zehaztea lortu da, eta deialdi bateratua egin da helburuei, lehentasunei, epeei, hautaketari eta abarri dagokienez», adierazi du.
Olanoren ustez, ekimen hau abiaraztean, bi erakundeek bere egin dute Europar Batasunak mugaz gaindiko jarduerak dakarren balio erantsiari ematen dion zentzua. Eta hau erantsi du: «izan ere, elkarrekin jardunez gero, bereizita landutako jarduketetan posible izango ez liratekeen emaitzak lor daitezke». Ildo horretan, eta Europar Batasunak ez duenez irizpide zehatzik mugaz gaindiko ikuspegi batetik jarduteak dakarren balio erantsia identifikatzeari dagokion konplexutasunaren inguruan, diputatu nagusiak hainbat gai azpimarratu ditu, hala nola mugaren alde bietako administrazioen arteko harremanak bultzatzea, kulturartekotasuna sustatzea edo sinergiak sortzeko gaitasuna lantzea. «Azken batean, mugaz gaindiko benetako espiritua sustatzea eta gazteen lotura lortzea», azpimarratu du.
Lotura “berezia”
Bere aldetik, Jean-Jacques Lasserrek honako adierazi du: “Aurrekaririk ez duen esperientzia honek agerian uzten du bi lurraldeak batzen dituen lotura berezia. Lehen aldiz, Pirinio Atlantikoetako eta Gipuzkoako herritarrek elkarrengana gerturatzen dituzten proiektuak proposatuko dituzte, eta gero hauen inguruan erabaki. Gonbita luzatzen diegu herritar guztiei, mugaz gaindiko lankidetza eraikitzeko. Kontua ez da erakundeok beraien ordez eraikuntza hori egitea, baizik eta herritarrei beraiei ematea aukera, beraien kabuz egin dezaten”.
2758