Gipuzkoak Garraio Zentro bat izango du 545 kamioirentzako AP-8 autobideko bi eremutan
Gipuzkoak Garraio Zentro bat izango du 545 kamioirentzako AP-8 autobideko bi eremutan
Astigarraga-Oiartzun CT berriaren bi plataformak perimetro itxi batean kokatuko dira eta, segurtasun neurriak izateaz gain, Europak eskatzen dituen goi mailako zerbitzuak izango ditu.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Gipuzkoan kokatuko den Garraio Zentro Integrala aurkeztu dute; bertan, 545 kamioi aparkatzeko tokia izango da. Garraio Zentro berria AP-8 autobidean eraikiko da eta bi plataforma izango ditu, bat Astigarragan, Irun noranzkoko trafikoarentzako, eta, bestea, Oiartzunen, Donostiako noranzkoko ibilgailuentzako.Aurreikuspenen arabera, lanak urtearen azken hiruhilekoan aterako dira lizitaziora, eta zentroa erabilgarri egongo da 2020. urtearen erdialdera. «Azpiegitura berri horrekin, gure helburu nagusia da zerbitzua ematea autobidea erabiltzen duten garraiolariei; izan ere, zerbitzu on bat eman nahi dugu, kamioilariek atseden har dezaten, segurtasun pertsonala eta ibilgailuena bermatuta, eta, gure ustez, Garraio Zentro horrek trafikoa arintzen lagunduko du, mugan auto-ilara handiak daudenean, kamioilariek atseden hartzeko eta beraien gestioak egiteko aukera izango baitute azpiegitura berrietan eskainiko diren zerbitzuei esker» esan du Olanok.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegi foru sozietatearen bitartez, abian jarriko duen proiektuak obra hauek hartzen ditu: aparkaleku berri bat eraikitzea 355 ibilgailurentzat Astigarragan, Behobia noranzkoan, eta Oiartzungo egungo area berrantolatzea eta egokitzea, Bilbo noranzkoan (190 plaza).
Bidegik 11,2 milioi euro inbertituko ditu, gehi BEZa, bere baliabide propioen kaudimenari esker, eta Aldundiak ez du inbertsiorik egin beharko eta ez du zorrik egingo. Inbertsio hori bi kokalekuen urbanizazio gastuei aurre egiteko erabiliko da, eta haien erabilera eta ustiapenerako emakida lizitatuko da. Emakidadunak Astigarragako zerbitzuen eraikina eraikiko du eta, halaber, bi guneen perimetroa itxi eta zaintza sistema jarriko du.
Gipuzkoako azpiegiturak modernizatzeko Gipuzkoa egiten ari den ahaleginean kokatzen da proiektu hau, gisa horretan lurraldearen “lehiakortasuna sendotzeko” eta “etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatzen lagunduko diguten desafioei aurre egiteko”. “Bi Estaturen arteko igarobidea da gure lurraldea eta horrek trafiko astunaren joan-etorri handia eragiten du, horrek dakartzan eragozpenekin; gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu trafikoaren arintasuna bermatze aldera”, laburbildu du Olanok.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du Gipuzkoan kokatuko den Garraio Zentro berri horrek 4. maila izango duela Europako estandarren barruan. «Euskadira begira, zerbitzu eta segurtasun maila hori eskainiko duen zentro bakarra izango da eta Estatuko handiena ere. Badakigu garraiolarien kezka handiena, atseden hartzen dutenean, beraien ibilgailuen eta garraiatzen duten kargaren segurtasuna dela. Garraio Zentro berriaren bi plataformak, Astigarraga-Oiartzun, perimetro itxi batean kokatuko dira; bertan, argiak jarriko dira eta baita zaintza-kamerak ere, gune guztia eta ibilgailu nahiz pertsonen sarrerak eta irteerak monitarizatzeko. Esparru horretara aparkalekuko langileak eta gidariak bakarrik sartu ahal izango dira, erabiltzaile eta salgaien segurtasuna bermatzeko», zehaztu du Oiarbidek.
Bi eremuetan kokatuko diren zerbitzu eraikinek baliabide hauek izango dituzte: jatetxea eta kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, telebista aretoa edo aisialdi eremua, eta garbitegia. Halaber, zerbitzu hauek izango dituzte: wifi, kutxazain automatikoa, informatika eta administrazio zerbitzuak, takografoa deskargatzeko sistema, eta aldez aurretik plaza erreserbatzeko aukera.
Astigarragako zentroa, erabat berria, 17,000 kp-an kokatuko da, Behobia noranzkoan, eta Frantzia aldera doan trafikoa hartuko du. Horrela, Frantziako errepideetan asteburuetan zirkulatzea debekatuta dagoela eta, N-I errepideko eta AP-8 autobideko hainbat gasolindegitan sortzen diren ibilgailu astunen ilara handiak antolatu ahal izango dira. Zentro hori eraikitzeko, foru agentziak 9 milioi euro inbertituko ditu. Guztira, 55.591 m2-ko zolatutako azalera izango du, 355 kamioi aparkatzeko plataforma bat, zerbitzuen eraikina, eta 39 ibilgailu arin aparkatzeko tokia kanpoan, zentroko langileentzat eta hornitzaileentzat.
Proiektuari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurzati bat gorde du ingurumena errespetatzen duten erregai jasangarrientzako, gasa eta hidrogenoa besteak beste, eta baita ere ibilgailu astunei zuzendutako errekarga elektrikoko instalazioentzako. Mugikortasun elektrikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustua eta proiektu estrategikoa da, eta garraio zentro horrek, Bidegiren bitartez, esperientzia hori eskainiko du gure aubideetan. Etorkizunari begira, beste lurzati bat gordeko da Astigarragako eremuan, posible ikusten baita bertan hotel bat jartzea. Autobidetik sartzeko 176 metroko adar bat aurreikusten da, sarrera puntua eta zirkulazioa banatzeko biribilgunea lotuko dituena; bertatik aterako da ere AP-8 autobidera sartzeko erabiliko den 300 metroko adarra.
Oiartzungo zentroa egungo Oiartzungo zerbitzugunean kokatuko da, hau da, Irungo enborreko ordainlekua, Bilbo noranzkoan, gurutzatu eta bertan, 8,000 kp-an. Proiektuak aurreikusten du AP-8 autobideko sarbideak mantentzea eta plataforma bakar batean bateratzea egun dauden zabalguneak, 190 plaza jartzeko azalera osatuta. Horretarako, bi plataformen artean zirkulazioa banatzeko barneko biribilgunea kenduko da, eta ibilgailuek zabalgune berriaren perimetro osoa inguratzen duen bi noranzkoko bide bat erabiliko dute. Zerbitzuen eraikina orain erabiltzen den bera izango da, eta zerbitzu gehiago jarriko dira. Aparkalekuak mantenduko dira gasolindegitik jatetxe gunera sartzen diren ibilgailu arinentzako (Behobia noranzkoan), eta doako area bat gordeko da autobusentzako. Berrantolaketa horren kostua 2,2 milioi euro izango da gutxi-gorabehera. Obrak egin ondoren, Astigarragako Zentro berriak dituen segurtasun eta zerbitzu estandar berberak izango ditu. Gaur egun, kamioien aparkaleku horrek ez du perimetroko itxiturarik, ezta ere segurtasun sistemarik edo kamera-zaintzarik.
Jarduketa honen helburua da goi mailako instalazioak jartzea Europa zeharkatzen duen ardatzean dagoen AP-8 autobidean, txandatze-sistemaz kamioiak aparkatzeko lekua jarrita, garraiolarien erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko eta baita ere beren ibilgailuenak eta garraiatzen dituzten salgaienak; halaber, aukera bat eman nahi da Biriatoun auto-ilara handiak izaten diren egunei begira.
"Zerbitzu berri honekin zerbitzu on bat eman nahi dugu, kamioilariek atseden har dezaten, segurtasun pertsonala eta ibilgailuena bermatuz"
2323