Gipuzkoak hurrengo bi urteetako ibilbide orria finkatu du gizarte politikak indartzeko
Gipuzkoak hurrengo bi urteetako ibilbide orria finkatu du gizarte politikak indartzeko
Hainbat eragilerekin egindako kontraste prozesuaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekintza plan bat diseinatu du, 37 jarduketa eta 65 ekintza zehatzekin Gipuzkoako 2020>2030 Agendaren esparruan.
Joan den apirilaren 26an Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehen aurkezpena egin ondoren, Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak 2021-2023 Ekintza Plana aurkeztu du gaur foro berean. Plan horren helburua da “Gipuzkoa zaintza esparruan abangoardian jartzea”, egungo eta etorkizuneko gizarte erronkei erantzun partekatuak emanez. “Estrategia honen bitartez, eta ikuspegi partekatua oinarri gisa hartuta, lurraldeko gizarte politikak indartu nahi ditugu, zaintzaren tokiko ekosistemak sortzeko prozesua bizkortzeko, egoitza eredua indartzeko eta pandemiaren kudeaketa sistema indartzeko gai izan daitezen, beste lehentasun batzuen artean”, azpimarratu du diputatuak.
2020>2030 Agendaren diseinuak COVID-19aren krisiaren ondoriozko arazoei “erantzun partekatuak” eskaintzeko beharra du abiapuntu, baita lurralde gisa pandemia osteko egoeran sortzen diren agertokiak zehazteko duen gaitasuna ere. Horretarako, trantsizioko gizarte politiken hiru dimentsio ezarri dira, epe laburrera, ertainera eta luzera: “Epe laburrean, COVID-19aren larrialdiari lotutako kontingentzia agenda bat; egonkortze agenda bat, erabiltzaileen bizi kalitatea epe ertainean bermatzeko premiari lotua; eta epe luzerako trantsizioen agenda bat, berrikuntzari lotua”, azaldu du Peñak, eta defendatu du gizarte politikak trantsizioaren kudeaketarekin erlazionatzea dela Gipuzkoa Agenda 2020>2030ak dakarren berrikuntza nagusia.
“Trantsizio demografikoa da, biztanleriaren zahartzearekin batera, lurralde gisa aurre egin beharreko erronka nagusia”. Maite Peñak defendatu duenez, etorkizuneko erronkei erantzuteko ezin dira ohiko tresnak bakarrik erabili; horregatik, “politika egiteko modu berri batean txertatzen da Gipuzkoa 2020>2030 Agenda, Etorkizuna Eraikizen esparruan, eta Adinberrirekin koordinatuta”; izan ere, horren bidez, lortu nahi da lurraldearen etorkizuneko gizarte erronkak modu kolektiboan hautematea eta aurreikustea, horiei aurre egiteko modua diseinatzea, ingurune errealetan erantzun posibleak esperimentatzea eta emaitzak politika publikoetan aplikatzea.
Diputatuak azken bi hilabeteetan hainbat kontraste talde sortu ditu, eztabaidarako eta estrategiari egindako ekarpenak biltzeko, galdetegien eta adostasun bileren bidez. Batzarkide taldeez gain, hainbat gizarte baliabideren erabiltzaileekin eta senideekin ere lan egin da, baita profesionalekin, zentroetako kudeatzaileekin, adituekin, lurralde kontseiluekin, sindikatuekin, enpresa elkarteekin eta beste erakunde eta entitate publiko batzuekin ere. “Helburua da 2020>2030 Agenda honek ibilbide orri bat ezartzea Gipuzkoa osorako, etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko gai izan gaitezen eta, gainera, gero eta desberdintasun maila txikiagoa eta izaera solidarioagoa duen lurralde bat eraikitzen jarrai dezagun”, adierazi du diputatuak.
2021-2023 Ekintza Plana Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, diputatuak zehaztu du ekimen honetan jardun duten kontraste talde guztiei bidaliko zaiela dokumentua, “azken ekarpenak jaso ahal izateko”. Horrela, behin betiko dokumentua irailean aurkeztuko da, “egindako ekarpenak txertatu ondoren, baldin eta halakorik badago”.
10 ardatz, 37 jarduketa eta 65 ekintza
“COVID-19aren pandemiak gizarte politiketarako agertoki berri bat bultzatu du, eta hazten jarraitzeko aukera gisa hartu behar dugu, krisi honek mahai gainean jarri baititu arreta eta zaintza ereduaren indarguneak eta ahuleziak”. Horretarako, Peñaren hitzetan, azterketa sakona eta partaidetza prozesua egin ondoren, “ibilbide orri bat zehaztu dugu, 10 jarduketa ardatzekin, eta horietan oinarritzen dira datozen bi urteetan egingo ditugun 37 jarduketak eta 65 ekintzak”.
Ekintza Planak, 2020>2030 Agendak bezala, hiru gizarte politika mota ditu ardatz: kontingentzia politikak (epe laburrekoak), egonkortze politikak (epe ertainekoak) eta berrikuntza politikak (epe luzekoak). Epe laburreko politiken helburua da larrialdi soziosanitarioari erantzutea, kudeaketa soziosanitarioari eta psikosozialari lagunduz eta baliabide sarea gizarte premien bilakaerara egokituz. Horretarako, jarduera garrantzitsuenen artean honako hauek dira aipagarrienak: babes ekipoen hornidura, egoitzetako bisiten erregimena eguneratzea, egoitzen eta komunitatearen arteko konexioak bultzatzea, COVID-19ak sorrarazitako gizarte premia berriak aztertzea eta zentroak pandemiak sortutako egoera berrira egokitzea.
Epe ertaineko politiken helburua da gizarte zerbitzuen erabiltzaileen bizi kalitatea egonkortzea, eta politika horiek sustatzeko, gizarte zerbitzuen eta gizarte baliabideen eskaintza eta erabiltzaileen ongizatea hobetzeko ahalegina egingo da, zainketetan digitalizazioa sustatuko da eta gizarte komunikazioko estrategia bat ezarriko da. Zehazki, iraupen luzeko zainketak arreta eredu berrira egokituko dira pixkanaka, egoitzetako erabiltzaileen eta langileen emozio eta harreman zaintzarako laguntzak hobetuko dira, zaintzarako tokiko ekosistemen elkarreragingarritasuna indartuko da, eta ikaskuntzarako eta gizarte baliabide desberdinen artean ezagutza partekatzeko plataforma bat sustatuko da, besteak beste.
Epe luzera bideratutako berrikuntzako gizarte politikak, gizarte-berrikuntzako proiektuen bidez trantsizio-agenda bat garatzera eta zaintzako tokiko ekosistemak sustatzera bideratuta daude. Horretarako, iraupen luzeko zaintzaren etorkizunean sakontzen jarraitzeko helburuarekin, parte hartzeko guneak garatzen jarraituko da, horrela arreta eta zaintza eredua indartzeko: besteak beste, elkarrizketa soziala hirugarren sektoreko erakundeekin, Etorkizuna Eraikiz Think Tank-a, eta zaintzen pertsonalizazioari buruzko lantalde berri bat. Gainera, hurrengo hilabeteetan gizarteratze-plan berriak zabalduko dira, haurren babesgabetasuna prebenitzeko eta artatzeko, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko eredu berri bat garatzeko, etxean arreta emateko eredu berri baterantz doan lurralde-estrategia bat sortzeko, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea sustatzen duen eredu bat sustatzeko, eta bakardadeei aurre egiteko lurralde-estrategia bat finkatzeko.
Hori guztia, Maite Peñak azpimarratu duenez, ebaluazio sistema “partekatu” berri bati esker, Gizarte Politikako Departamentuak gidatutako nodoen sare batean antolatua, “erabakiak hartzeko eta gizarte politikak diseinatzeko prozesuan txertatuko dena”. Diputatuak, amaitzeko, azpimarratu du 37 jarduketen osagarri gisa, zeharkako azken jarduera bat gehitu dela, aurreko guztietan eragina izango duena: genero berdintasuna eta hizkuntza berdintasuna sustatzea.
1886