Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak suspertze berdearen erronkari heldu dio

Gipuzkoak suspertze berdearen erronkari heldu dio

Gipuzkoak ingurumenaren arloko eragile sozial, unibertsitario, ekonomiko eta adituak biltzen ditu.

Markel Olano: “Klima aldaketaren aurkako borroka eta ekonomia berde baterantzako trantsizioa dira lurraldeak COVID-19aren ondorioei aurre egiteko lehentasun nagusiak”.

José Ignacio Asensio: “Funtsezkoa da COVID-19 pandemiaren aurkako Gipuzkoako ekonomia suspertzeko plana ekologikoki izatea. Gure apustua Europarena da: ekonomia iraunkor eta klimaren aldetik neutro batekin aurrera egitea, Itun Berdearen Europako Agendak ezarritakoarekin bat etorriz”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Think Tank bat jarri du abian, erakundearen politikei lotutako lau eremu “estrategikotan” “ezagutza transferigarria eta aplikagarria batera sortzeko”, Gipuzkoan kultura politiko berriaren, etorkizuneko lanaren, suspertze berdearen eta etorkizuneko ongizate-sistemaren arloetan “agenda berria” sartzeko. Beraz, Etorkizuna Eraikiz Think Tank lau lantaldetan egituratu da, eta gaur arratsaldean Markel Olano diputatu nagusia izan da buru, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuarekin batera, “Green Recovery Gipuzkoa” lantaldearen lehen saioan. Haren helburu nagusia da egungo osasun- eta ekonomia-krisiaren susperraldia Gipuzkoaren gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-eraldaketa bihurtzea, eta gure lurraldea enplegua eta aberastasuna sortuko dituen ekonomia berdeko eredu batekin kokatzea, aldi berean klima-aldaketaren aurkako borrokan irautea ahalbidetuko duen eredu batekin.

Gipuzkoako suspertze berdeari buruzko eztabaida-taldea Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensiok zuzentzen du, eta ingurumen-arloko adituek osatzen dute, baita Foru Aldundiko bertako langileek ere –Mónica Pedreira, Xabier Barandiaran, Sebas Zurutuza, Nerea Errasti, Ana Perales, Beatriz Marticorena, Xabier Esteban (Naturklima) eta César Gimeno (GHK). Prozesuan parte hartuko duten Gipuzkoako Foru Aldunditik kanpoko parte-hartzaileak hauek dira: Rogelio Pozo (AZTI), Jesús Alquézar (Europako Batzordea), Jorge Fernández (Orkestra), Aimar Insausti (EHU), Cristina Peña (EHU), Enrique Aymerich (CEIT), Cristina Martín (Deustoko Unibertsitatea), Aitor Lizarza (Mondragongo Unibertsitatea), Maite Villafruela (Ekonomista Eskola), Javier Zubia (Merkatarien Ganbara), Belén Méndez de Vigo (Gipuzkoako Elikagaien Bankua) eta Margarita Martín (AEMET). Prozesuaren sistematizazioan Orkestrako Miren Larrea eta Eva Sánchez arituko dira.

Pandemiaren eraginez “areagotu eta azkartu” egin dira dagoeneko Gipuzkoak zituen erronkak, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez. Horregatik, klima aldaketaren aurkako borroka eta ekonomia berde baterantzako transizioa lurraldearen “lehentasun nagusien artean” kokatu direla berretsi du. “Tokiko tresnak behar ditugu mundu mailako erronkei erantzuteko modu partekatuan eta komunitarioan. Hori da Etorkizuna Eraikizen balio nagusietako bat: gogoeta eta esperimentazioaren bidez, sortzen du espazio bat herritarrek eta gizarte antolatuak parte hartu dezaten, hain zuzen ere, COVID-19aren krisialditik ateratzeko berreskuratze berdearen sustapenean”, adierazi du Olanok, zeinak eskerrak eman dizkien lan taldera batu diren adituei beren ekarpenagatik.

COVID-19 krisiak nahitaezko geldialdia eragin du gaur egungo gizartean, eta agerian geratu da planeta eta haren biodibertsitatea gai direla bizkor aktibatu eta indarberritze-zeinuak bidaltzeko. Horregatik, krisi hau suspertze berde bat eraikitzeko aukera bihurtu behar da. José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “funtsezkoa da COVID-19 delakoaren pandemiaren aurkako Gipuzkoako ekonomia suspertzeko plana ekologikoa izatea. Ekonomia iraunkor eta klimaren aldetik neutro baterantz egin behar dugu aurrera, eta ekonomia suspertu, aldi berean krisi klimatikoari aurre egingo dion ikuspegitik”. Horregatik, Gipuzkoaren suspertzeak bat etorri behar du Europak bultzatutako krisialditik ateratzeko irizpideekin: Itun Berdea, Green Deal. Eta Garapen Iraunkorreko Helburuen eta Europako baliabide ekonomikoen irizpide jasangarriak lortzearekin lotuta.  “Ekonomia suspertzeko plan bat planteatzen badugu, ingurumeneko Europako helburuak kontuan hartu gabe, epe ertain eta luzeko gure lurraldea ez da lehiakorra izango etorkizuneko erronketan; alderdi horrek zuzenean eragingo die enpresei, enpleguari, herritarrei eta haien bizi-kalitateari”, esan du foru diputatuak.

Helburu horren esparruan, suspertze berdeari buruzko hausnarketa eta ezagutza sortzeko gunean, taldeak modu parte-hartzailean lan egingo du eztabaidatuko diren erronkak formulatzen eta garatzen. Proiektu hauek landuko dira:

Gipuzkoa 2050: lurralde % 100 zirkularra

Proiektu honen helburu orokorra hondakinak lehengai gisa hartzen dituzten kudeaketa-ereduetan aurrera egitea da, eta Gipuzkoan 2050erako birziklatze-sektoreko lanpostuak eta fakturazioa bikoizten laguntzea.

Gazteak klimaren alde

Proiektu honen helburua lurraldeko gazteekiko elkarreragina bideratzea da, klimarekin zerikusia duten gaiei buruz gehiago ulertzen laguntzeko. Halaber, politiken formulatzaileen artean sentsibilitatea sortu nahi da, klimaren inpaktuekiko zaurgarriena den sektoreak analizatu eta zergatietan ere hausnartzeko.

Fiskalitate berdea Gipuzkoarako

Proiektu honen helburua da ekonomia zirkularra sustatzeko aplikatzen diren tresna fiskalak berrikustea, ekonomia zirkularraren esparruan aplikatzen diren neurri fiskalak identifikatzea, hautatutako neurri fiskalak aztertzea, dauden esperientziak kontuan hartuta, Gipuzkoan aplikatzeko aukera aztertzea eta eragina aztertzea.

Klimaren aldeko ekintza-liga

Proiektu honen helburua da Gipuzkoako lurralde osoa, herritar, elkarte eta udal guztiak trakzioan jartzea, gure ohiturak aldatzeko eta gure udalerriei jasangarritasunaren helburuak lortzen aurrera egiteko.

  

1824