Gipuzkoak inoizko aurrekonturik handiena bideratuko du 2022an Gizarte Politikara
Gipuzkoak inoizko aurrekonturik handiena bideratuko du 2022an Gizarte Politikara
Foru aurrekontuen proiektua BBNNetan aurkezteko agerraldien bigarren egunean, 2022rako Gizarte Politikan, Mugikortasunean, Bide Azpiegituretan eta Kulturan aurreikusitako partiden berri eman dute diputatuek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 454,9 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Politikara 2022an, 2021ean baino 36,3 milioi gehiago (+% 8,68), "gastu sozialaren errekorra beste urte batez hautsiz". Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, zuzentzen duen sailaren 2022rako kontuak aurkeztu ditu gaur Batzar Nagusietan, foru aurrekontuak aurkezteko diputatuak eskaintzen ari diren agerraldien bigarren egunean, eta azpimarratu du gipuzkoar bakoitzeko batez besteko gastu soziala 642 eurokoa izango dela, iaz baino 42 euro gehiago, eta 2016an baino 162 gehiago: "Horrek agerian uzten du Aldundiak gizarte-politikak blindatzeko duen bokazioa: desberdintasun sozialei aurre egiteko eta pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko helburuarekin".
Peñak azpimarratu duenez, adinekoentzako eta Kabiarako partidak 6 milioi euro egingo du gora, 156,2 milioi eurora iritsi arte. Bestalde, desgaitasunari eskainitako partida %16 hazi da, 61,8 milioi euroraino, eta gaixotasun mentala artatzeko "hazkunde esanguratsua" nabarmendu da; halaber, gizarteratzeko eta adin txikikoen arretarako partidak hazi egin dira, 36,5 milioi eta 53,9 milioi eurora iritsi arte, hurrenez hurren. Era berean, plangintzara, inbertsioetara eta prestazio ekonomikoetara bideratutako zenbatekoak hazi egin dira, 15,4 milioi euro guztira.
Horrela, eta pandemiaren aurreko dinamika berreskuratuz, hainbat gizarte-baliabidetan plazak irekitzeari ekingo zaio –guztira 320 plaza irekitzea aurreikusten da–, zainketen tokiko ekosistemak sustatuko dira, gizarte-politiken trantsizioari buruzko 2020>2030 Agenda zabalduko da, eta etxeko arreta indartuko da mendekotasun-prestazioen bidez, besteak beste.
Bestalde, 2022an egingo diren jarduera garrantzitsuenen artean, Next Generation funtsei lotutakoak nabarmentzen dira. Funts horien bidez, Gizarte Politikako departamentuak 11.799.030 euro jaso ditu egoitza-zentroak egokitzeko, zainketen arloan proiektu berritzaileak bultzatzeko, eta zentro berritzaileak sortzeko indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, gizarte-bazterkerian dauden pertsonei eta desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko.
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa
2022rako aurrekontuek Lurraldebusekiko eta garraio publikoarekiko konpromisoa berresten dute funtsezko zerbitzu gisa bezala. Ildo horretan, udalekiko lankidetza bultzatzen da tarifen integrazioaren eta garraio publikoaren alde. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarentzat ezinbestekoa da gizarte-iraunkortasuna, guztien aukera-berdintasuna bermatzeko.
Lurralde Antolaketako zuzendaritzari dagokionez, lurralde berdintasun eta iraunkorragoa bultzatzeko helburua mantentzen dugu. Horretarako, Gipuzkoako udalerriek diru-laguntzak izango dituzte industria-eremuak berreskuratzeko, berritzeko eta genero ikuspegia duten hiri-plangintzak egiteko. Pasaiari dagokionez, Pasaialdea biziberritzeko konpromisoa berresten da, badiako udalerrientzako diru-laguntzen igoera bermatuz.
Bide azpiegiturak
Bide Azpiegituretako Departamentuaren 2022ko ekitaldirako aurrekontua 89.235.260 eurokoa da eta ia ez da aldatzen aurreko ekitalditik. Aintzane Oiarbidek zuzentzen duen sailak errepideen eta bizikleta-bideen sarea modu eraginkorrean mantentzea, zaintzea eta ustiatzea lehenesten jarraitzen du; horren erakusgarri da datorren urtean bi milioi euro gehiago (9,5 milioi) erabiliko direla Gipuzkoako errepideen bide-zoruen egoera hobetzeko. Zenbateko hori murriztu egin da errepideak eraikitzeko partidan, urtean zehar amaituko baitira Azkoitiaren eta Urretxuren arteko GI-631 errepidea edo 27. poligonoaren lotura berria hobetzeko jarduketak. Bestalde, aipatu behar da 2022ko lehen seihilekoan GI-20 errepidean Marrutxipiko lotune berriaren obrak hasiko direla eta N-636 errepidea zabaldu eta hobetuko dela Kanpazarren.
Ohiko kontserbazio-gastuetarako ordainketa-kredituak handitu egiten dira, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna hobetzeko, bai eta N-I eta A-15 errepide-zatiei dagozkien gastuak finantzatzeko ere, dagoeneko ez baitira kanona ordaindu beharko. Garrantzitsuak dira, halaber, A-15eko tunelak Europako zuzentaraura egokitzeko 2022, 2023 eta 2024rako bideratutako partidak. Aipamen berezia merezi du, halaber, Gipuzkoa Living Lab foru-sareko errepideetan hedatzeko aurrekontu-partidak. Proiektu horrek mugikortasun seguru, iraunkor, adimendun eta konektatuaren abangoardian jarriko du Gipuzkoa.
Kultura, Lankidetza, Kirola eta Gazteria
Kultura, Nazioarteko Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuak, berriz, 63.900.000 euroko aurrekontua izango du, %10,8ko igoera, beraz. Koldo Mitxelena berritzeko lanak 2022an hasiko dira eta hurrengo hiru urteetan 7.000.000 euro inguru inbertituko dira. Gainera, kultura-sektorean jarduera eta enplegua sustatzeko neurriak eta jarduerak finkatu dira. Horiek Piztu Kutura programaren esparruan hartu dira, COVID-19ren ondorioak arintzeko. Kirol Zuzendaritzari dagokionez, lurraldeko kirol instalazioak berritu eta hobetzeko partida azpimarratu behar da. Datorren ekitaldian 2.000.000 euro izango ditu.
3041