Gipuzkoak Madrilgo Erkidegoarekin partekatu du familia harrera espezializatuaren eredua
Gipuzkoak Madrilgo Erkidegoarekin partekatu du familia harrera espezializatuaren eredua
Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua Madrilen izan da babesgabetasun egoeran dauden adingabeentzako familia harrera espezializatuko Gipuzkoako programa azaltzen.
Gaur egun, Gipuzkoan 325 haur eta gazte bizi dira harrera familietan; horietatik, familia zabalaren modalitatean 100 bizi dira, familia boluntarioetan 206 eta familia espezializatuetan 19. Gipuzkoa lurralde “aitzindaria” da babesgabetasun egoeran dauden adingabeen arretan, eta Madrilen egindako bisitan, familia harrera espezializatuaren modalitatean jarri da fokua. Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, adierazi du Gipuzkoako harrera sistema oso sendotuta dagoela babes figura gisa, 33 urteko ibilbidearekin, eta “erreferente eta aitzindaria dela gure ingurune osoan, batez ere, harrera espezializatua”.
Madrilera egindako bisitan, diputatuak eta harekin batera joan diren Belen Larrion, Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendariak, Aldundiko teknikariek, eta FICE eta Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibako teknikariek bilera bat izan dute Madrilgo Erkidegoko Haurtzaroko, Familiako eta Jaiotza Sustatzeko Zuzendaritzako talde arduradun eta teknikoarekin. Bileraren helburua izan da Gipuzkoako familia harreraren eredua partekatzea, Madrilgo Erkidegoak bultzatutako "Familia harrera espezializatua" proiektuaren esparruan. Programa hori zabaldu nahi dute, eta topaketaren xedea izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak bere jardunbide egokien berri ematea.
Duela urte batzuetatik hona, Aldundiak harrera espezializatuan jarri du arreta; izan ere, “badira premia bereziak dituzten haurrak, profil berezituko familiak behar dituztenak”. Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea, "gehien behar duten" adingabeei arreta emateko eta haiekin esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Hori dela eta, Peñak azaldu duenez, “familia boluntario gehiago behar badira ere, arreta berezia jartzen dugu harrera familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonengan”.
Pixkanaka, gero eta familia gehiagok bere burua eskaintzen du premia bereziak dituzten adingabeak hartzeko. Duela bost urte, 2018an, Gipuzkoan 11 familia espezializatu zeuden, gaur egun 8 gehiago dira, beraz, 19 guztira. Hala ere, familia espezializatu batean bizi beharko liratekeen adingabeak 55 dira. Gaur egun, guztira, 86 haur eta nerabe daude familia batera bideratu litezkeenak, eta zentroetan bizi dira, “non familia eta etxe giroa sortzen saiatzen garen, adingabe horietaz arduratzen diren profesionalen esku hartzeari esker”.
Maite Peñak gaineratu duenez, familia harrerak aukera “ezin hobea” eskaintzen die adingabeei; horregatik, Aldundiak babes figura hori sendotzen jarraituko du, “guztion artean bultzatzen jarraitu behar dugun aktibo sozial eta komunitarioa baita”. Gainera, azpimarratu du Gipuzkoan lankidetzan dihardugula, sareak ehuntzen eta artatzen ditugun pertsonen onerako izango den ezagutza batera sortzen; horregatik, eskerrak eman dizkie arlo horretan lan egiten duten elkarte eta erakundeei, hala nola Agintzari, Lauka, Beroa eta Baketik elkarteei. Halaber, familien lana, erantzukizuna eta elkartasuna aitortu eta eskertu nahi izan ditu, eta parte hartzera eta Gipuzkoan familia harreragileen kopurua handitzera animatu du.
943 112522
2068