Gipuzkoak milioi bat euro izango ditu 2023an udal bidegorrien sarea zabaltzeko
Gipuzkoak milioi bat euro izango ditu 2023an udal bidegorrien sarea zabaltzeko
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak aurreko urteko zuzkidura bikoiztu du, udaletako bizikleta eta oinezkoentzako bideak eraiki eta hobetzeko. Rafaela Romero: «Mugikortasun aktiboa, irisgarria, segurua eta berdintasunezkoa departamentuko politikaren funtsezko ardatzetako bat da legegintzaldi honetan, eta politika hori Gipuzkoako udalekin batera laguntzeko bultzada bat izango da».
Diputatuen Kontseiluak 2023ko deialdia onartu du, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizikleta bideen tokiko sarea garatzeko programaren barruan, 1.000.000 €-ko aurrekontu-partidarekin. Gipuzkoako udal guztiek aukera izango dute bizikletaren eta bizikleta bideen erabilera sozializatzeko foru estrategia hedatzen duen programa horretan parte hartzeko, hori baita legegintzaldi honetan hiriko eta hiriarteko mugikortasun eredua eraldatzeko ardatzetako bat.
Gaur egun, Gipuzkoako bizikleten eta oinezkoen sarea 404 kilometrora iristen da eta, horri esker, gure lurraldea bizikleta erabiltzeko bide azpiegituretan hobekien hornituta dauden probintzien buruan kokatuta dago. Gipuzkoako 88 udalerrietatik 71tan bizikletak ibiltzeko berariazko bide-zatiak daude. Aisialdirako guneak dira, eta, gainera, laguntzen dute herritarren garraiorako ordezko sare bat sortzen, ibilgailu pribatuaren erabilera saihesteko.
Rafaela Romerok, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, azpimarratu duenez «txirrindularientzako eta oinezkoentzako bideak mugikortasuna eraldatzen ari diren azpiegituren parte dira eta herritar guztientzat irisgarriak izan behar dute. Gipuzkoa ahalegin handia egiten ari da foru- eta toki-bidegorri seguruak izateko, bizikleta edo oinezko erabileraren arabera baztertzaileak ez direnak, eta pentsatuta daudenak herritar guztiek, benetan, aukeratu ahal izan dezaten mugitzeko beste modu bat, bai aisialdian bai bizitza profesionalean».
Inoiz baino laguntza gehiago
Aurten esleitutako zenbatekoak aurrekoaren aurrekontua bikoiztu du, eta azpiegitura horiek garatzeko urteko partidetan izandako hazkundeak finkatu ditu. Hamarkada bakar batean, aurrekontu hori 100.000 eurokoa izatetik 2023an erabilgarri egongo den milioi eurokoa izatera igaro da.
Aurrekoetan bezala, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, laguntzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita. Deialdian zehazten da, halaber, udalerri bakoitzari gehienez ere 100.000 euroko dirulaguntza emango zaiola, eta laguntza hori erabili ahal izango dela azpiegitura-proiektu berriak idazteko nahiz lehendik daudenak mantentzeko edo berregokitzeko.
Oinarrietan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza jaso ahal izango dute tokiko sareko txirrindularientzako eta oinezkoentzako edo soilik txirrindularientzako bideak eraikitzeko eta hobetzeko obrek eragindako gastuek, baldin eta deialdiaren urtearen barruan hasi badira eta aurtengo azaroaren 25a baino lehen amaitzea aurreikusten bada.
Rafaela Romero: «Laguntza hauen bidez, Gipuzkoan genero oztoporik ez duten eta herritarrentzako mugikortasun aktiboa garatzeko aukera-berdintasuna errazten duten bidegorri seguruen eta irisgarrien sare bat hedatzen lagundu nahi dugu; herritarrek izan behar baitute, azken batean, onuradunak».
2775