Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak Poesiaren Munduko Eguna ospatuko du #EdertasunaZabaldu gizarte ekimenarekin

Gipuzkoak Poesiaren Munduko Eguna ospatuko du #EdertasunaZabaldu gizarte ekimenarekin

Kultura Departamentuak herritarrak gonbidatzen ditu ekimen honetan parte hartzera. Helburua da Gipuzkoa poesiaz betetzea, eta, horretarako, kanpaina bat jarri du abian sare sozialetan, herritarrak graba daitezen poema bat errezitatzen edo argazkiren bat argitara dezaten Instagramen, Twitterren edo Facebooken. Gainera, lurraldeko liburu-denda batzuetan % 5eko deskontuak egongo dira poesia liburuetan.

2023/03/15
Dia Poesia 2023

Datorren asteartean, martxoak 21, Poesiaren Munduko Eguna ospatuko da. Data hori ospatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak #EdertasunaZabaldu ekimena jarri du abian. Helburua da gipuzkoarrek sare sozialen bidez errezitatutako olerkiez betetzea lurraldea. 

María José Telleria Kulturako diputatuak gaur goizean aurkeztu ditu gipuzkoarren artean poesiaren irakurketa sustatzea eta poesiaren ezagutza eta gozamena bultzatzea helburu duen jardueraren xehetasunak. Diputatuarekin batera egon dira Adolfo López, Gipuzkoako Liburu-denden Gremioko presidentea, eta Asier Serrano idazlea, Xabier Lete III. Poesia Lehiaketako sariduna.

Gaurtik martxoaren 21era arte, Kultura Departamentuak herritarrak animatzen ditu poesiaren irakurketa partekatuaz gozatzera, beren sare sozialen eta Departamentuko sare sozialen bitartez.

 Horretarako, proposatzen du aste osoan zehar herritarrek sare sozialetan bideoak grabatzea poemak errezitatzen edo poesia batzuen argazkiak argitaratzea, #ComparteBelleza eta #EdertasunaZabaldu etiketak erabiliz.

Gainera, Departamentuko kanalen bidez (@GipuzkoaKultura), Gipuzkoako gizartearen eremu guztietako hogei ordezkari baino gehiagoren bideoak zabalduko dira, herritarrek partekatzen dituztenez gain. Ekimenak Gipuzkoako kulturaren, zientziaren, gastronomiaren, politikaren, kazetaritzaren, lankidetzaren edo kirolaren munduko pertsona ospetsuak erakartzea lortu du, ekintzaren enbaxadore gisa jardungo dutenak. Besteak beste, dagoeneko parte hartu dute Lucía Lacarra dantzariak, Elena Arzak sukaldariak edo ADEGIko presidente Eduardo Junquerak.  Lurraldea ordezkatzen duten hogeitik gora lagun, euskaraz nahiz gaztelaniaz irakurtzen.

María José Telleria Kulturako diputatuak ziurtatu duenez, «poesia ere bizirik dagoen, plurala den eta jende guztiarentzat eskuragarri dagoen arte bat da, eta ekintza honekin frogatu nahi dugu hori, lurraldeko herritar guztiak gonbidatuz, poesia guztiona baita. Horretarako poemak sare sozialetan partekatzera anímatu nahi ditugu herritarrak eta modu horretan harreman birtualak ere goxatu. Ekimenari gogotsu heltzeko, hainbat eragile sozialen ekarpenak jasota ditugu dagoeneko eta martxoaren 21era arte, horiek ere zabalduko ditugu Gipuzkoa Kultura kontu guztietatik».

Deskontuak liburu-dendatan

Lurralde osoko 40 liburu-denda inguruk bat egin dute ekimen honekin. Datorren asteartera arte % 5eko deskontua eskainiko dute poesia-liburuetan. Horietatik 22 Donostian, 2 Errenterian, Irunen eta Andoainen eta bat Pasaian, Hernanin, Villabonan, Beasainen, Tolosan, Arrasaten, Bergaran, Eibarren, Zarautzen eta Elgoibarren. 

Adolfo López Gipuzkoako Liburu-denden Gremioko presidenteak adierazi duenez, «Gremioa oso pozik dago poesia kulturaren eta edertasunaren erdigune gisa kokatzen duen proiektu batean parte hartzeko aukera eman zaiolako, liburu-dendak hedapen eta eduki poetikoaren iturri bihurtuz sareetan, egun hauetan ekitaldi poetikoen egoitza izanez, eta gipuzkoarrei aste osoan zehar poesia liburuetan zuzeneko deskontua eskainiz».

Bestalde, Asier Serranok honako hau adierazi du: “poesiak ez ditu gerrak gelditzen, poesiak ez ditu bake itunak sinatzen; nahiz eta hitz poetikoak erabiltzen ditugun gerra zein bakea deskribatzeko. Poesiak ez ditu lurrikaren etorrerak iragartzen; nahiz eta hitz poetikoz lasaitu ditzakegun seismoen uhinen ondorioak. Poesiak ez digu gosea baretuko; nahiz eta hanburgesa eta janari ekologikoa saltzeko hitz poetikoak erabili ditzakegun”.

  

4661