Gipuzkoak sustatzen du hondakinak baliabide bihur daitezen, lurraldeko birziklatze industriaren eta berrerabileraren garapenerako aukera gisa
Gipuzkoak sustatzen du hondakinak baliabide bihur daitezen, lurraldeko birziklatze industriaren eta berrerabileraren garapenerako aukera gisa
Gipuzkoak sustatzen du hondakinak baliabide bihur daitezen, lurraldeko birziklatze industriaren eta berrerabileraren garapenerako aukera gisa
Birziklatze industria indartzea, genero arrakala gutxitzea, gazteen aldeko apustua egitea, ehun industria eraldatzea eta elikagai hondakinak birbanatzea helburu sozialarekin, horiexek dira Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen ardatz nagusiak Gipuzkoan.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak gaur aurkeztu du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen hamalaugarren edizioa; aurten azaroaren 19tik 27ra ospatuko da. Ekimen hau aukera bikaina da Gipuzkoa aspalditik hondakinen prebentzioaren alde egiten ari den lana ezagutarazteko. Gainera, momentu kritikoan gaude krisi energetikoagatik, inflazioagatik eta materialen hornidurarik gabe gelditzeko arriskuagatik.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, «oraingoan, bizitzen ari garen egoera dela-eta, Hondakinak Prebenitzeko Europako Asteak inoiz baino garrantzi handiagoa du, adierazten baitigu hondakinak jomugan daudela. Alde batetik, ahalik eta gutxien sortzeko, bistakoa baita produkzio eta kontsumo eredu linealetatik pasa behar dugulako eredu zirkularretara, karbono aztarna minimizatzeko; eta, bestetik, hondakinak Gipuzkoako industriarako baliabide iturri berri bihurtu behar ditugulako».
Ehun zirkularrak eta jasangarriak
Edizio honetan, Astea lau gai nagusitan zentratzen da. Lehenengoa aurtengo leloarekin bat dator: «Ehun zirkularrak eta jasangarriak: Hondakinak ez daude modan! Moda aditzera emateko modu bat da». Mezu honen bidez arreta jarri nahi da industria honek bere bizi ziklo guztian zehar ingurumenean eta gizartean duen eragin handian; izan ere, munduan gehien kutsatzen duen bigarren industria da, mundu guztiko CO2 isurien % 8 isurtzen ditu eta hondakin ugari sortzen eta gutxi birziklatzen du.
Asensiok azpimarratu duenez, «gure departamentuaren helburua da laguntzea sektore ekonomiko guztiak eraldatzen ingurumenari nahiz gizarteari dagokienez jasangarriagoak diren eredu produktiboetarantz, azpimarra berezia jarrita gehien kutsatzen dutenetan, hala nola, modaren industriaren sektorean. Modaren sektoreak ondo irudikatzen du eraldaketa horrekin nola zabaltzen den gure lurraldearentzat ekonomia berdea eta tokikoa aktibatzeko aukera bat».
Ingurumen Departamentuak gai honen inguruko bi ekintza burutuko ditu; lehena, salmenta puntu fisiko bat jartzea Urbil merkatalgunean, marka jasangarrietara bideratua, ‹Circular Green Store› izenarekin, denda iragankor gisa. Bertan, ‹GK Green Fashion› Gipuzkoako moda jasangarriaren klusterreko diseinatzaileek espazio bat izango dute herritarrei hurbiltzeko ingurumenaren eta gizartearen arlotik jasangarria den moda bat. Hartara, tokiko diseinatzaileen ikusgarritasuna handituko da eta erosketa zirkuituan sartuko dira, jende asko ibiltzen den espazio batean. Bigarren jarduera izango da Ingurumen Departamentuak 2015az geroztik Miramar Jauregian egiten duen Moda Jasangarriaren Desfilearen VII. edizioa; bertan parte hartuko dute ‹GK Green Fashion› moda jasangarriaren Gipuzkoako klusterreko 11 diseinatzaile eta markak. Eta azken jarduera bigarren eskuko azoka txiki bat izango da, San Sebastián Gipuzkoa Basket Club (GBC) taldeko jokalarien arropatik abiatuta. GBCk Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioaren borondatezko karbono-funtsari emango dio bildutako dirua.
Baliabideak, 200.000 tona berreskuratzeko eta industria berri bat sortzeko aukera ematen digun sistema
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sei urte baino gehiago daramatza gipuzkoar orori hondakinak industriarako lehengai gisa balorizatzeko aukera emango dion kudeaketa eredua sendotzeko oinarriak ezartzen, eta horixe izango da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen bigarren gai nagusia.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «Gipuzkoako ereduak suposatzen du hondakinak baliabide bihurtzea eta aukera ematen du birziklatzearen eta berrerabiltzearen industria garatzeko. Gaur egun, Gipuzkoako enpresen eskura jartzen ditugu hondakinen kudeaketatik berreskuratutako 200.000 tona, bigarren mailako materia iturri gisa erabil ditzaten». Asensiok gaineratu duenez, «arlo horrek garrantzi berezia du momentu honetan, ziurgabetasun geopolitikoek adierazten baitigute materialen hornidura falta dela hainbat sektoretan, hala nola eraikuntzan, automobilgintzan edo elektronikan».
Gai horri lotuta, hainbat jarduera burutuko dira: lehena izango da karpa bat jartzea Donostiako Okendo plazan, ‹GK Recycling› birziklatzeari eta berrerabilerari buruzko Gipuzkoako klusterreko bederatzi enpresaren lana erakusteko, irizpide ekologiko eta zirkularren baitan burutzen dituzten produktuak eta prozesuak izango direlarik. Erakusleiho ezin hobea izango da herritar guztiek ikusi, ukitu eta ulertu dezaten ekonomia zirkularra lurraldeko enpresen errealitatean nola gauzatzen den. Beste jardueretako bat izango da «Ekonomia zirkularra modelatzen» eskultura erakusketa; ekimen horren bidez Gipuzkoako lanbide heziketako ikasleak sentsibilizatu nahi dira Ekonomia Zirkularraren filosofian eta parte hartuko dute material birziklatuekin eskulturak eginda.
Zeregin soziala eta elikagai hondakinen prebentzioa
Hondakinen prebentzioari buruzko aste honetan gipuzkoarrek ez dute ahaztu behar elikagaien sektorea, esparru horretan onartezina baita hondakinak sortzea. Gipuzkoan urtero 123.000 tona elikagai alferrik galtzen dira eta galera horren ia erdia gure etxeetan gertatzen da. José Ignacio Asensio foru arduradunak azpimarratu du zeregin hau garrantzitsua dela: «Ingurumenaren arloan onurak izateaz gain, irismen sozial handia du, bereziki, pandemiaren, Ukrainaren inbasioaren, materialen hornidura faltaren eta inflazioaren ondorioz egun bizi dugun ziurgabetasun sozioekonomiko honetan».
Arazo honi erantzun eta ekoizle, jatetxe eta supermerkatuen elikagai soberakinak banatzeko, Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen burutzen ditu. Lehenengoa, Gipuzkoako Elikagaien Bankua aintzatesteko ekitaldia. ‹Azken minutua› programaren bidez lankidetzan jarduten diren merkataritza erakundeen soberakinak jasotzen ditu, merkaturatu ezin izan arren, kontsumitzeko egoera egokian egoten baitira. Bigarren ekimena, aurten bigarrenez egingo da, eta izango da Afari jasangarri eta solidarioa, helburu duena elikagaiak alferrik galtzearen inguruan kontzientziatzea eta funtsak biltzea Gipuzkoako Elikagaien Bankurako, gaur egungo egoeran beharra are handiagoa baita. Afari hau egingo da Mahaia sukaldarien kolektiboaren eta Basque Culinary Centeren lankidetzarekin, eta bilduko dira lurraldeko sektore ekonomiko, instituzional eta sozialeko eragilerik adierazgarrienak. Azkenik, gastronomia jasangarriari buruzko jardunaldi bat egingo da Basque Culinary Centeren, eta aurtengo ardatz nagusia izango da klima aldaketa eta horrek elikadura sistemarekin duen lotura.
Emakumeen lidergoak trantsizio ekologikoan duen garrantzia
Azkenik, Ingurumen Departamentuak fokua jarri nahi izan du emakumeen lidergoak trantsizio ekologikoan duen garrantzian. Horri dagokionez, Asensioak azpimarratu duenez, «trantsizio ekologiko eta zirkularra da gizarte bidezko, berdintasunezko eta jasangarriago bat eraikitzeko bidea. Izan ere, ekoizpen ereduak aldatu eta aukera jasangarriagoak bilatzeko beharrak ahalbidetzen digu eredu berriak sortzea, planeta gehiago errespetatzeaz gain, gizartea, gazteak, emakumeak eta, oro har, gizarteko kolektibo guztiak ere gehiago errespetatuko dituztenak. Izan ere, aurten diseinatu ditugun jardueretan garrantzi berezia eman diogu sektore tekniko eta industrialenetako genero arrakala gutxitzen saiatzen diren ekintzak bisibilizatzeari».
Horregatik, «WAS Circular» erakusketa egingo da Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan. Erakusketa horren bidez bisibilizatu nahi da jasangarritasunerako trantsizioa egitearen garrantzia, aukera hori baliatuta emakumeen lidergoaren garrantzia azpimarratuta trantsizio ekologikoko prozesu hauetan eta, bereziki, adar zientifiko eta teknologikoetan. Horretarako, Ekonomia Zirkularrari buruzko erakusketa ibiltari bat egingo da unibertsitate ikasleei eta gazteei zuzendua; WAS bazkideek parte hartuko dute bertan beren proiektuak aurkezteko.
Eranskinak:
4718