Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako 12 enpresak kirolarekin zerikusia duten produktu teknologikoen foroa sortu dute

Gipuzkoako 12 enpresak kirolarekin zerikusia duten produktu teknologikoen foroa sortu dute

Lehenengo bilera ostegunean egingo da Salto Systems enpresaren egoitzan.

2018/03/01

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendaritza Kirolgiren bidez lantzen ari den berrikuntza-lerroak jada hasi du bere bidea, eta lerroaren emaitzarik adierazgarrietako bat datorren martxoaren 1ean egingo den Enpresa Teknologikoen I. Foroa izango da. Topagunea Gipuzkoako Kirolaren Galan lurraldeko kirolari laguntzeagatik eta lurraldeko kirolarekin hartutako konpromisoagatik saria jaso berria duen Salto Systems enpresaren egoitza izango da. Foro horretan kirolean aplikazioak dituzten Gipuzkoako 12 enpresa teknologikok parte hartuko dute, eta 2018an egingo den lehenengoa izango da.

Topaketan izango dira, batetik, kirolaren esparruan espezializatutako hainbat enpresa, esate baterako Wavegarden (olatu artifizialak) eta Etxeondo, eta, bestetik, Salto bezalako enpresak, halako jarduerekin zerikusia izan dezaketen produktu teknologikoak ekoizten dituztenak, eta Tecnalia bezalako zentro teknologikoak. Helburua da sektoreko ezagutzak partekatzea, eta, horretarako, proposamen teknologikorik aurreratuenak aurkeztuko dira eta goi-mailako lehiaketetako eskaerak helaraziko dituzten eta proposatutako irtenbideak ebaluatu ahal izango dituzten Kirolgiko eliteko kirolariek parte hartuko dute.

Topaketari Kultura eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok emango dio hasiera, eta taldean landuko dira parte hartzen dutenen arteko elkarreragina eta networkinga sustatuko duten dinamikak, era horretara Gipuzkoako kirola hobetzen lagundu dezaketen negozio-bide berriak eta produktuen eta zerbitzuen berrikuntza eta garapena partekatzeko. Alde horretatik, eta Gipuzkoako kirolariek behar dituzten produktuen edo zerbitzuen berri enpresek zuzenean izan dezaten, erabaki da KIROLGIko kirolariek ere elkarreragitea enpresekin, euren kezkak eta eskakizunak helarazi ahal izateko.

Itxasok azpimarratu du foroan dauden eta etorkizunean egongo diren enpresak oinarri sendoa direla enplegu kualifikatua sortuz eta balio handiko produktuak eta zerbitzuak garatuz teknologia eta kirola lotuko dituen sektore ekonomikoa eraikitzeko. Alde horretatik, Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu du garrantzizkoa dela “Gipuzkoako kirola lurraldeko enpresa-egiturarekin lotzea, harreman hori ez dadin diru-laguntzak ematera mugatu eta bi munduek elkar elikatzeko bidea izan dadin. Gure asmoa da eliteko gure kirolarien balioak eta esperientzia enpresetara iristea eta gure kirolarien hainbat alderdi hobetu ahal izatea enpresen laguntzarekin. Lankidetza honetan mundu guztia aterako da irabazten, baita Gipuzkoa ere”.

Berrikuntza-programa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Zuzendaritzak abian jarri berria duen “Enpresa eta Kirola” lerroaren baitan garatuko da. Lerro hori Gipuzkoako kirol-ekosistemaren eta enpresen arteko harremana aldatzeko benetako apustua da, bai eta bi errealitateen arteko elkarreragina gure kirolarien hainbat alderdi –materialetik hasita ingurunera arte– hobetzeko eta optimizatzeko erabiltzeko eta, aldi berean, kirolari horiek Gipuzkoa aberasten laguntzeko ardatza ere.

  

1748