Gipuzkoako 24 enpresak nobedadeak aurkeztu dituzte Hannoverren
Gipuzkoako 24 enpresak nobedadeak aurkeztu dituzte Hannoverren
Makina-erramintan aitzindaritzari eta digitalizazioari eusteko apustua egin du Ainhoa Aizpuruk.
Makina-erremintaren eta fabrikazio-teknologien sektoreko 24 enpresa gipuzkoar elkartu dira aurten irailaren 18tik 22era egiten ari den EMO Hannover 2017 azokan (Alemania). Alor honetan diharduten nazioarteko entitate eta profesionalentzat hitzordu garrantzitsua izaki, Gipuzkoako enpresak beren teknologia-aurrerakuntza nabarmenenak munduaren aurrean erakusteko asmoz etorri dira Alemaniara, makina-erremintaren, fabrikazio sistema aurreratuen eta robotikaren arloetan, hala nola.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, herrialdeko industriak plazaratu dituen aurrerapenak bertatik bertara ezagutu ditu, horretarako Hannoverreko azokan jarritako standak bisitatuz. “Makina-erremintaren sektorea, bai Gipuzkoakoa nahiz Euskal Herri osokoa, aitzindaria da. Hori aitortu eta babestu nahi dugu gure presentziarekin. Digitalizazioaren ikuspegitik punta-puntako apustuak egiten ari dira eta argi erakutsi dute azoka honetan berrikuntza eta lehiakortasunaren ikuspegitik duten maila bikaina”, azaldu du.
Aizpuruk, baita ere, industriaren aldeko apustuaren garrantzia azpimarratu du eta, testuinguru horretan, gaineratu du makina-erremintaren sektoreak erakusten duela “etorkizuneko industria nolakoa izango den”. “4.0 industrian ere aitzindari izaten ari da sektore hau eta bide horretan gure enpresak babestu eta laguntzeko konpromisoa dugu. Horretan ari gara, Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko sarearen bitartez eta hainbat diru-laguntzen bitartez. Digitalizazioan aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, gure industriaren lehiakortasuna eta etorkizuna daudelako jokoan. Enpresa guztiak tren honetara igo daitezen lan egin behar dugu”, adierazi du.
Konektibitatea aztergai
Aurtengo azokak, gainera, konektibitatearen gaiari arreta berezia eskaini dio. Digitalizazioak berekin dakarren desafioetako bat baita. “Hor kokatzen da, baita ere, Gipuzkoa zibersegurtasunaren alorrean egiten ari den ahalegin berezia. Konektibitateak dakartzan aukera eta desafioez probestu ahal izateko, zibersegurtasunaren gaiak berebiziko garrantzia du. Eta hor ere lagundu nahi diegu gure enpresei, zibersegurtasuna lehiakortasun faktore bilakatu delako, lurralderako lantzen ari garen zibersegurtasuneko zentro aurreratuaren bitartez”, osatu du.
Ekonomia Sustapeneko diputatuarekin batera EMO Hannover 2017en izan dira Ekonomia Sustapeneko eta Berrikuntzako foru zuzendariak, Antton Tomasena eta Garikoitz Agote, hurrenez hurren. AFM Advanced Manufacturing Technologies elkarteko lehendakaria eta zuzendari orokorra, Antxon Lopez Usoz eta Xabier Ortueta izan dituzte bidelagun. Bisitan zehar hainbat gipuzkoar enpresetako ordezkarirekin egoteko parada izan dute eta sektorearen egoerari buruzko gogoetak partekatu dituzte.
EMO Hannover 2017 munduko industria azokarik handienetakoa da eta aurten 110 herrialdetako 140.000 bisitari baino gehiago erakartzea aurreikusten du. Bi urtean behin antolatzen du Makina-erreminta Industriaren Europako Elkarteak (CECIMO), egoitza Milano eta Hannoverren artean txandakatuz. 180.000 metro karratu inguru ditu eta 2.100 enpresek erakutsiko dituzte bertan beren produktuak. Erakusleihoetan hainbat arlotako teknologia aurreratuena ikus daiteke: makina-erreminta, robotak, automatizazioak, fabrikazio gehigarria, teknologia osagarriak, eta abar.
Gipuzkoako eta Euskadiko enpresek AFM Advanced Manufacturing Technologies enpresaren eskutik hartzen dute parte EMO Hannover 2017 azokan. Estatutik Hannoverrera etorritako enpresa guztietatik –74 stand– 24 gipuzkoarrak dira. AFMri lotutako enpresek 6.281 metro karratu hartzen dituzte azoka honetan, eta horietatik 3.862 gipuzkoar enpresei dagozkie. Zifra hauek Gipuzkoako makina-erremintaren sektoreak Euskadi eta Estatu mailan duen pisuaren berri ematen digute.
1890