Gipuzkoako 30 enpresa baino gehiagok osatzen dute birziklapenaren eta berrerabilpenaren lankidetza organoa
Gipuzkoako 30 enpresa baino gehiagok osatzen dute birziklapenaren eta berrerabilpenaren lankidetza organoa
Gipuzkoako 30 enpresa baino gehiagok osatzen dute birziklapenaren eta berrerabilpenaren lankidetza organoa
Asensio: “Jardunaldi honi esker klusterra sendotu egin da eta orain behin betiko bultzada eman nahi diogu”
Ingurumeneko Departamentuak birziklapen enpresen katalogoa eratuko du
Ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko, Ingurumeneko Departamentuak, Aclimarekin batera, “Aukerak Gipuzkoako birziklatze-enpresentzat” jardunaldia antolatu du.
Jardunaldiaren bitartez, birziklapenaren balio-katean diharduten enpresa gipuzkoarrei elkarren artean lan egiteko aukera eman nahi zaie, 2016eko maiatzaren 17an sortu eta Gipuzkoako Foru Aldundia buru duen birziklapenaren eta berrerabilpenaren lankidetza organoan parte hartzeak ematen dituen aukerak aprobetxatzeko.
Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko Diputatuak, jardunaldiari hasiera eman dio. Aurkezpenean adierazi du ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera igarotzeko erronka guztiok gure gain hartu beharreko zeregina dela. “Klusterra dinamizatzeko kapaz izan behar dugu, Gipuzkoaren benetako beharrak zeintzuk diren antzeman eta aztertzeko, eta enpresa, teknologia zentro, unibertsitate eta administrazio publikoen lanerako lanabes erabilgarria izateko”, baieztatu du Asensiok.
Organoa eratu zenetik, birziklapen sektoreko 30 enpresa erreferente baino gehiagok parte hartzen dute. Industriak, unibertsitateak, teknologia zentroak eta ingurumen aholkularitzak osatzen dute.
“Klusterraren helburu nagusietakoa zen kolaboratzaileen kopurua handitzea birziklapen sektoreko beste enpresa batzuen parte hartzearekin, birziklapenaren eta hondakinen kudeaketaren alorrean eragina duten sektore guztiak ordezkatuta egoteko; eta gaur, sektoreko 40 enpresa baino gehiago bildu dira jardunaldi honetan. Beraz, organo sendoagoa dugu eta behin betiko bultzada eman nahi diogu produktuen merkaturatzeak arrakastarik handiena izan dezan”, azpimarratu du Foru Diputatuak.
Sektore honek suposatzen duen berrikuntzarako aukera nabarmendu du Asensiok.
Lankidetza organoa enpresa hauek osatzen dute: Emaús Fundazioa, Ekorec, Ecogras, GHK, Cristina-Enea Fundazioa, Garbera Merkatal Zentroa, Ekolber, Gomavial, Iragaz, Serbitsu, Cometel, Cespa, Biurrarena, Aclima, Serkom, Ekotrade, Smart Compo, ZB Group, Asfaltia, Campezo, Birzitek, Cementos Rezola, UPV-EHU, Deustoko Unibertsitatea, Gaiker – IK4, CEIT, Teknimap, Ekos, Mirandaola Servicios Medioambientales, Edenway, Asmatu, Haginpe Ingurumen Aholkularitza eta Ondoan.
Lehendabiziko bilera horretan landu genuen bide-orriari esker, Ingurumeneko Departamentuak ekimen ugari gauzatu eta sustatu ditu 2016eko urtean:
- Hedapena eta herritarrak sentsibilizatzea: birziklapen industriaren kasu arrakastatsuen karpa, birziklapenerako eskola lehiaketak, “Trasteak berrerabiliz oroitzapen berriak eraiki” kanpaina eta olioa birziklatzeko sentsibilizazio kanpaina.
- Birziklapen prozesuak hobetzeko ekodiseinuaren alorrean babes instituzionala: Bekak eta Life Neokom.
- Merkatu berriak eta birziklatutako produktuentzako merkatu berriak bilatzea: Gipuzkoako birziklapen sektorearen katalogoa.
Jardunaldiak hiru atal izan ditu. Lehendabizikoan Gipuzkoako, autonomia mailako eta Europako laguntzak eta finantzazioa ezagutzera eman dira, ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera igarotzeko. Atal honetan parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua; IHOBE, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen jarduketarako sozietate publikoa eta ACLIMA, Ingurumeneko Industrien Euskadiko Klusterra. Bigarren atalean, Gipuzkoako kasu praktikoak jakitera eman dira lankidetza organoko kideen arteko sinergien garapena sustatzeko. Hiru proiektu aurkeztu dira: SAIOLANen ORHI; ACEDEren REMAN eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Life LEMA.
Azkenik, hirugarren atalean, Felix Asensiok, Ingurumeneko Zuzendariak, 2017 urterako jardueren plana aurkeztu du. Ingurumeneko Departamentuaren ekimen nagusia, birziklapen enpresen katalogo bat eratzea da. Katalogoaren xedea da lanabes instituzionala izatea, Gipuzkoako birziklapen enpresak nazioartean eta estatu mailan ezagutzera emateko eta sektorearen garrantzia ekonomikoa eta ingurumenekoa azpimarratzeko. Etorkizuneko Kolonbiako Acodal Kongresuaren bideari ekingo dioten enpresei babesa eta ikusgaitasuna ematea ere.
1853