Eguneko zentroak abuztuaren 3an irekiko dira, eta egoitzetako irteerak abuztuaren 11n hasiko dira
Eguneko zentroak abuztuaren 3an irekiko dira, eta egoitzetako irteerak abuztuaren 11n hasiko dira
Bisiten maiztasuna handitzeko hartuko diren neurri gehigarriak egoitzekin kontrastatu ditu Maite Peñak, "segurtasun berme guztiekin"
Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua modu telematikoan bildu da gaur goizean Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzetako talde arduradunekin, eta bertan partekatu eta kontrastatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza-zentroetako bisiten maiztasuna handitzeko egindako proposamena. Bestalde, diputatuak jakinarazi du eguneko zentroak eta egoitzetako irteerak behin-behinean eta prebentzioz eten zirela uztailaren 18an, osasun-agintariek hala gomendatuta; eta abuztuaren 3tik aurrera, Osasun Sailaak gomendioa egin ondoren, berriz irekiko direla adinekoen eguneko zentroak –Eibarren, Elgoibarren, Orion eta Zarautzen kokatuta daudenak izan ezik–: eta egoitza-zentroetako erabiltzaileen irteerak abuztuaren 11n hasiko dira berriro.
Atzoko egunean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta hiru aldundiekin egindako bilera baten ondoren, erabaki da datorren astelehenetik aurrera berriro irekitzea adinekoen eguneko zentroak, eta astebete geroago berrartzea irteerak, "betiere egoera epidemiologikoak aukera ematen badu; eta COVID-19ren ondorioetarako ahulenak diren pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea helburu hartuta, gure erabateko lehentasuna izaten jarraitzen baitu", gaineratu du. Gogorarazi du, gainera, zentroak itxita egon diren denboran, eguneko zentroek egunero egin dutela jarraipena telefonoz, eta premia handiena duten kasuetan, arreta indartu dela etxean bertan. Egoitzetako irteerei dagokienez, izaera terapeutikoa duten irteerak egiten jarraitu da.
Desgaitasunen bat duten pertsonen baliabideen kasuan, eguneko zentroak astelehenean, uztailaren 27an, ireki ziren, Eibarren, Bergaran, Zarautzen, Tolosan eta Ibarran kokatuta daudenak izan ezik, gaixotasunak eragin handia izan baitu udalerri horietan. Gauza bera gertatzen da egoitza-zentroetako irteerekin, joan den astelehenean berriz hasi baitziren, bost udalerri horietako zentroetan izan ezik. Abuztuaren 3tik aurrera eguneko zentro guztien jarduerari ekingo zaio berriro, baita egoitza zentro guztietako irteerei ere, diputatuak gaineratu duenez.
"Asko ikasi dugu denok azken hilabeteetan, baina egoera oso aldakorra da. Oso gertutik jarraitzen dugu birusaren bilakaera eta baita sor daitezkeen agerraldiak ere. Horretarako, Zaintza eta Alerta Sistema martxan dugu, neurriak ahalik eta lasterren hartzeko", esan du Maite Peñak. Beraz, hartutako neurriak pandemiaren bilakaeraren mende geratzen dira, eta zabaldu, murriztu edo baliogabetu egin daitezke, egoera epidemikoak hala eskatzen badu.
Bisitak egoitzetan
Bisitei dagokienez, diputatuak gogorarazi du ekainaren 8an berriro hasi zirenetik kasu puntualetan baino ez direla eten, inguruko egoera epidemiologikoaren ondorioz. Osasun Sailak uztailaren 18an egindako gomendioen ondoren, pertsona bat sartu ahal izan zen bisita bakoitzeko; eta uztailaren 24tik aurrera, Gipuzkoako egoitzetan, adinekoen zein desgaitasunen bat dutenen egoitzetan, bi pertsona sartu ahal izan dira bisitetara, eta ez dute zertan berdinak izan beti.
Egoitza-zentroekin gaur egindako bileraren ostean, Maite Peñak esan du Aldundiak zentro guztiei eskatu diela bisita-planak bidaltzeko, eta "kasu bakoitza zehatz-mehatz aztertuko dugu, nola zabal daitezkeen jakiteko, betiere segurtasun-neurriak bermatuta". Horretarako, gune fisikoen egokitzapena, ikuskapen lanak lagundu ditzaketen langileen handitzea, eta bisiten egutegiak eta antolaketa aztertuko dituzte.
Bisita-plan guztiak aztertu eta berrikusi bezain laster, Gipuzkoako Foru Aldundia kasu bakoitzean dagozkion neurriak aplikatzen hasiko da. "COVID-19k epe ertain-luzeko eszenatoki bat planteatzen digu, egokitzen jarraitu behar duguna, eta gauza bera gertatzen da bisitekin, hain beharrezkoak direnak egoiliarrentzat". Diputatuak gaineratu duenez, martxoan abian jarritako ‘Besarkada birtualak’ programak martxan jarraituko du, bisita presentzialak eta birtualak uztartzeko helburuarekin.
1912