Gipuzkoako basoak indartzeko, 4,8 milioi eurotik gora
Gipuzkoako basoak indartzeko, 4,8 milioi eurotik gora
Laguntza horien bidez basogintza sektorea bultzatu eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi da; guztira, 2.122 espediente onartu dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako basoak mantendu, hobetu eta garatzeko 2020rako dirulaguntzak ebatzi ditu. Dirulaguntza hauek baso-jabe partikularrek beraien basoetan egiten dituzten lanak laguntzeko dira. Hasiera batean, 2020ko deialdirako aurreikusitako aurrekontua 3,6 milioi eurokoa zen, baina jasotako eskaeren bolumena kontuan hartuta, partida 1,1 milioi eurorekin handitu da, guztira, 4,8 milioi eurora iritsiz – iaz baino % 18,44 gehiago-, eta lurraldeko basogintza sektorea indartzeko erabiliko dira. Aurten, 2.122 espediente onartu dira, eta Aldundia hasi da ordainketen tramiteekin.
Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko Departamentuak egindako deialdiak arreta berezia jarri die aurtengoan honako gai hauei: baso-sektorea sustatzea, basoen osasun-egoera hobetzea, sektorea gaztetzea, lursailak bertan behera ez uztea, kudeatutako basoak eskaintzea eta baso-ustiategien gutxieneko tamaina handitzea.
Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak azpimarratu duenez, "basoek onura ugari dakarzkiote Gipuzkoako gizarteari, lehengai berriztagarriak ematen baitituzte, ingurumen-ongizatearen iturri baitira eta Covid-19aren garaian bereziki baloratutako gizarte eta aisialdi funtzioa betetzen baitute". Hori dela eta, "baso-jabeek egiten dituzten inbertsioak babesten ditugu, haien bitartez basoen funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialak mantentzen eta garatzen lagunduz", gaineratu du.
Halaber, Ariztimuñok jakinarazi du deialdi honen bidez sektoreak lurraldean dituen egoera eta arazoei erantzun nahi diela Aldundiak. "Erronka nagusiak baso-jarduera bertan behera ez uztea, landaketa berriak sustatzea, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea eta Gipuzkoako basoen jabeek egiten duten lan handia ezagutaraztea dira", azaldu du.
Basoberritze lanak
2020ko deialdiko dirulaguntzen bidez, baso-jabeek 1.483 ha basoberritu ahal izan dituzte, 284 ha ongarritu, 46.388 metroan zehar itxiturak egin, 4372 ha-tan sastrakak garbitu, 165 ha inausi eta 234 ha bakandu. Era berean, 598 ha-tan gaixotutako pinudietan egindako mozketak, 44.919 ha-tan bideak hobetzeko egindako lanak eta 22 ha-tan egindako lursail eskualdatzeak ere finantzatu dira laguntza hauen bitartez.
Basoberritzeko laguntzei dagokienez, baso-jabeek espezie anitzez osatutako 1.382 hektarea berri landatu dituzte: kriptomeria, sekuoia, lizarra, itsas pinua (60 urteko txandekin) eta bertako haritza eta pagoa, 120 urtetik gorako bizi-zikloekin, esaterako.
Deialdi honen bidez bideratutako zenbateko ekonomikoa handituz joan da, duela sei urtekoa laukoiztu arte. "Basoa berritzeko baliabide asko inbertitzen ari gara, hori ere Gipuzkoaren etorkizuna bermatzea baita. Basoak gure ingurumenaren bizkarrezurra dira, eta ezinbestekoak izango dira klima-aldaketa saihesteko eta baliabide berriztagarrietan oinarritutako eredu ekonomiko jasangarriagoetara igarotzeko, bioekonomiaren alde eginez. Europak argi utzi du trantsizio hau lehentasuna dela, eta hortik dator gure konpromisoa", gaineratu du.
2277