Gipuzkoako berdintasun-politikak Europan erakusgarri
Gipuzkoako berdintasun-politikak Europan erakusgarri
Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria EIGE -Genero Berdintasunerako Europako Institutua-n izan da, erakundearen lana ezagutu eta elkarlana sustatzeko
Lituniako Vilnius hirira, EIGE Genero Berdintasunerako Europako Institutura, egindako bidaia oso emankorra izan dela uste du Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendariak. “Erabateko sintonia ikusi dut Europa mailan ezarri nahi diren eta geure gidalerroen artean. Batera ari gara lanean, eta horrek elkarrengandik ikasi eta elkarri ekarpenak egiteko bidea zabaldu digu”, azpimarratu du Elgarrestak eta etorkizunera begira, elkarlana indartuko dutela aurreratu du: “ Harremanak sendotuko ditugu, aurrerabidea bizkorrago eta sendoagoa egin ahal izateko. Lehentasunezko jotzen ditugun jardun-lerroetan bat gatoz bi aldeak, eta lankidetzarako proiektuak ezartzea elkarren mesederako eta osagarri izango da”, defendatu du Berdintasun zuzendariak.
Virginija Langbakk EIGEko zuzendari nagusiak ere beharrezko jo du elkarlan hau: “Berdintasun-politikak ikuspegi orokor batetik ezarri behar dira. Zerbitzu publikoaren osotasunari eragin diote. Zeharkakotasuna nahitaezkoa da aurrerantza, benetako pausuak emateko”. Gipuzkoako foru aldundiak egindako ekarpena aberasgarri izan dela azpimarratu du Langbakkek: “Gipuzkoa lurralde oso aurreratua da arlo honetan, eta Europan eredu da”.
Bi erakundeek egindako azterketak lau lan-lerro nagusi izan ditu ardatz. Genero indarkeriaren esparruan, EIGEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak datubase orokor baten beharra aldarrikatu dute. Egun, erabilgarri dauden datuak nekez konparatu daitezke; lurralde bakoitzak egitura eta iturri oso desberdinak hartzen ditu kontuan. Emakumeen kontrako indarkeriaren fenomenoa aztertu eta horri aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzeko Ikuspegi bateratua izatea ezinbestekoa dela azpimarratu dute bi aldeek eta datu-trukaketa hori errazteko eta ikerketa-programa komunak ezartzeko konpromisoa hartu dute. Besteak beste, genero indarkeriaren eragin ekonomikoa zehaztasun gehiagorekin neurtzea ahalbidetuko luke datu trukaketa honek.
Berdintasunaren eragin ekonomikoa neurtzeko adierazle-sistema bateratua osatzea ere aztertu dute. Harreman zuzena dago lurralde baten garapen sozio-ekonomikoaren eta berdintasun-mailaren artean, baina gaur gaurkoz, garatu gabe dago lotura hori finkatzen duen adierazleen sistema. “Berdintasunaren inpaktu sozio-ekonomikoa ezagutzea lan-esparru parekideak sortzeko giltzarri da”, azpimarratu du Elgarrestak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak EIGEko gender mainstreaming programari azken urtebete honetan egin duen ekarpenaz ere irakurketa oso baikorra egin dute bi aldeek. 2014. urteaz geroztik Ana Agirre Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzako zerbitzu-buruak EIGEren egoitzan jardun du lanean, berdintasun-politiken zeharkakotasuna ezartzeko neurri zehatzak garatuko dituen National Secomdment Espext adituen lantaldea osatzen.
Azkenik, Gipuzkoarako Berdintasun-Indizea sortzeko laguntza eskatu dio EIGEri Gipuzkoako Foru Aldundiak. Berdintasun- Indizea lurraldeen arteko berdintasun-egoera adierazten duten arlokako adierazleek osatzen duten neurgailua da. Euskadi da, Emakunderen eskutik, neurketa hau aplikatu duen Europako lehen eskualdea eta orain, lurralde mailako neurketa egitea da helburua, Gipuzkoan gizon eta emakumeen arteko berdintasun-egoera zertan den jakin eta eboluzioaren segimendua egin ahal izateko. “Neurketa horia aurrerapauso handia izango da”, gehitu du Elgarrestak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaritzak eta EIGEk elkarlanean jarraituko dute aurrerantzean eta horren adibide izango da besteak beste, EIGEko ordezkariak izango direla Gipuzkoako Foru Aldundiak urrirako Donostian antolatuko duen nazioarteko kongresuan.
1672