Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako bidegorrien foru sarean ezarrietako helburuen %76,6 lortu du mugikortasunak

Gipuzkoako bidegorrien foru sarean ezarrietako helburuen %76,6 lortu du mugikortasunak

Gipuzkoak 3,9 milioi joan-etorri egin zituen bizikletaz 2015ean, eta 6,9 milioi, berriz, 2019an.

2020/05/27

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romero sozialista Batzar Nagusietako batzordearen aurrean agertu da gaur goizean, gure lurraldeko Bizikletaren Estrategiaren berri emateko eta 2015-2019 aldirako berrikuspenaren ondoren erregistratutako datuak emateko. Agerraldi horretan Romerok azaldu duenez, lau urteko epe horretan, lortu da plangintzan, eraikuntzan eta azpiegituretan jarritako helburuak betetzea, % 75etik gora hain zuzen; aldi horretan egin den inbertsioa 13,1 milioi eurora iritsi da.

 

2015eko martxoan onartu zen bizikletaren politika modu sistematizatuan antolatzen duen Bizikletaren Estrategia. Horretarako, jarduteko ildo nagusiak ezartzen ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak sistema integral bat antolatzeko, bizikleta erabiltzen duten pertsonen kopurua nabarmen handitzea lortzeko eta ibilgailu motordunen aurrean alternatiba erreal bat izateko.

 

Berrikuspenetik ateratako datuen arabera, azken laurtekoan gorakada nabarmena izan du oinarrizko foru sareko oinezkoen eta bizikleten joan-etorrien bolumenaren bilakaerak: 2015ean, 3.915.885 joan-etorri egin ziren; 2019an, berriz, 6.952.976; egunean, batez beste, 19.049 bidaia egin ziren oinezkoen eta txirrindularien artean.

 

Rafaela Romero diputatuak adierazi duenez, berrikuspenaren emaitzak «oso positiboak dira, konpromiso eta borondate politikoaren ondorio; izan ere, Foru Aldundia horretan aritu da lanean laurteko honetan, Estrategiaren kudeaketa esparru guztiak hartu dituen konpromisoa eta politika ona oinarri hartuta: kilometro kopuru esanguratsua eraiki da, aurreikusitako helburuak ondo betez (% 76raino), eta oinezkoen eta bizikleten joan-etorri kopurua nabarmen handitu da, 6,9 milioira iritsi arte».

 

Halaber, diputatuak azpimarratu duenez, «zementutik haratago bizikletaren erabilera sustatzeko hartu dugun konpromisotik abiatuta, estrategiak bizikleten mugikortasuna bultzatzeko ekintza eta jarduera-ildo ugari ere jasotzen ditu, lurraldeko udalerriekin batera helburuak betetzeko lankidetza bizian jardunez, Ziklotekaren moduko punta-puntako ekintzak abian jarriz, eta bizikleta joan-etorrietarako bitarteko gisa sustatzeko, erabiltzeko eta ezagutzeko programa ugarirekin, Aldundiak lurraldean alderik alde bultzatu duen moduan».

 

Romerok jakitera eman duenez, Mugikortasuneko Departamentuak bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustu sendoa egiten jarraituko du, hori baita Gipuzkoako mugikortasun jasangarriaren sistemaren ardatzetako bat, eta lanean jarraituko du lurraldeko mugikortasun modu guztien bateragarritasuna eta engranaje egokia bermatzeko, Gipuzkoa konektatu eta jasangarri baten alde.

 

Era berean, COVID-19ak pertsonen mugikortasun aukeretan izan duen eraginaren ondorio den agertoki berriak osasun eskakizunak ekarri ditu, eta bizikletak aukera ugari eskaintzen ditu egoera berri horri erantzuteko. Mugikortasun arrunteko beste zerbitzu batzuetarako beharrezkoak diren higiene protokoloetan inbertitu gabe, bizikletak garraio modu jasangarria, osasungarria eta are segurua hautatzeko aukera ematen du, pilaketa handiak saihesten eta segurtasun distantzia errespetatzen baititu. Aukera hori aprobetxatu beharko da, diputatuak azaldu duenez, «bizikletaren erabilera bultzatzeko eta sustatzeko, Gipuzkoan mugikortasun jasangarriaren zutabe gisa».

  

1710