Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako enpresek 2021ean baino %14,2 gehiago saldu zuten 2022ko lehen hamaika hilabetetan

Gipuzkoako enpresek 2021ean baino %14,2 gehiago saldu zuten 2022ko lehen hamaika hilabetetan

Salmenten igoera batez ere esportazioen hazkundean oinarritzen da, azaroan %16,3 egin baitzuten gora.

Eider Mendoza foru bozeramailea.

Gipuzkoako enpresek 2021eko azaroan baino %11,6 gehiago saldu zuten pasa den urteko hilabete berean, batez ere esportazioen bultzadari esker: %16,3 hazi ziren hauek, eta barne merkatuak %9,1 egin zuten gora. Gauzak horrela, 2022 urteko datu metatuetan, azarora arte %14,2 hazi ziren Gipuzkoako enpresen salmentak, eta datuaren bi osagaiek adierazten dituzte zifra onak: %13 igo zen barne merkatua eta %16,5 esportazioak. Eider Mendoza foru bozeramaileak esan duenez, 2022 guztian bezala, azaroko datuek onak izaten jarraitzen dute. “Prezioen gorakadaren datuak badu bere eragina datuetan, baina batez ere ikusten ari garena da jarduera mantentzen ari garela. Sorpresarik ezean, datu oso onekin itxiko dugu urtea”, nabarmendu du.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan gizarteratu du albistea. Adierazi duenez, azarora arte Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri foru erakundeak, eta Kontseiluan errepasatu dituzte bertan agertzen diren datuak. Ogasun eta Finantza departamentuak egin ohi du txosten hau: “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Kasu honetan, 2022ko azaroko txostena da esku artean duguna eta, ondorioz, urtearen lehen hamaika hilabeteei buruzko ikuspegi zabala eskaintzen digu”. Txosten osoa web orrian egongo da eskuragai edozein kontsulta egiteko.

          Datuetara itzulita, Mendozak azaldu du 2022 eta 2021 urteen arteko alderaketa positiboa izan dela, baina pandemia aurreko datuekin alderaketak eginez gero ere (2019), emaitzak onak direla: horrela, pasa den urteko lehen hamaika hilabetetan 2019ko epe berean baino %16,6 saldu zuten lurraldeko enpresek, barne merkatuan (+%16,1) zein esportaziotan (+%17,4) haziz.

          Azkenik, txostenak lan merkatuari buruzko datuak ere eskaintzen ditu, eta hauei ere egin die erreferentzia Mendozak. Arlo honetan, 2022ko azaroan lan etekinen jasotzaileen kopurua %2,1 igo zen urte arteko terminoetan (2021 urtearekin alderatuta) eta urteko metatuan +%2 hazi da. Azaroan ordaindutako soldatak %6,8 igo ziren 2021ko hil beraren aldean; urteko metatuan igoera +%6,5koa da. Horrela, lehenengo bederatzi hilabete hauek pandemia aurreko urtearekin (2019) alderatuta, enplegua %1,8 igo da eta soldatak %9 hazi dira. “Aurrera begira, gertutik jarraituko dugu gure ekonomiaren bilakaera, ziurgabetasunak asko baitira eta hauei erantzuteko pronto baikaude. Aldundiarentzat, lehentasunezko arloa da ekonomia sustatzea”, esan du foru arduradunak.

Datuen Kode Etikoa

Bestalde, gaurko Kontseiluan onartu da Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeetan datuak eta adimen artifiziala erabiltzeko Kode Etikoa. “Garai berriek eta teknologiaren aurrerabideak erantzun berriak eskatzen dituzte, eta erabaki honekin horretan ari gara. Datu kopuru gero eta handiagoa darabilgu administrazio publikook, eta adimen artifizialeko algoritmoen bidez kudeatzen dira asko. Honetan ere, ordea, arduraz jokatu behar dugu”, esan du foru arduradunak.

Gauzak horrela, Mendozak adierazi du eboluzio digital horrek, orain arte gizakiek bakarrik egiten zituzten zereginak eta prozesuak egiteko gai diren sistemak garatuz, sakonki eraldatuko duela Administrazio Publikoa eta, oro har, orain ezagutzen den gizarte-antolamendua. “Horregatik esaten da teknologia disruptiboa dela, gure mundua, ohiturak eta harremanak errotik aldatzen ari dena. Funtzioak tresna eta programa artifizialei eskuordetzen dizkiegun heinean, ekosistema berri horrek gure bizitza, oinarrizko eskubide eta askatasunak eta demokrazia aldatzeko ahalmena du, eta, ondorioz, gatazka etikoak sortzen ditu garapenaren fase askotan, eta, beraz, ezinbestekoa da erakunde publikoekiko eta erakunde horiek hartzen dituzten erabakiekiko herritarren konfiantza sendotzea”, nabarmendu du.

Hau guztiagatik, gaineratu du Aldundia indarrean duen Erakundearen Zuzentasun Sistema osatu beharrean ikusi dela. “Horretarako, datuak eta adimen artifiziala erabiltzeko Kode Etikoa onartu behar da, gaur Kontseilura eman duguna”, esan du. Kode hori, Artificial Intelligence Act izenekoan formulatutako Adimen Artifizialaren Europako estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horrek herritarra estrategia horren erdigunean kokatzen du, Europarako fidagarria den Adimen Artifizialaren kultura bat sortuz, teknologia horren onurak herritar guztiengana irits daitezen, Europar Batasunaren, demokraziaren eta Zuzenbide Estatuaren Oinarrizko Eskubideen errespetua bermatuz.

  

3254