Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,7 hazi dira urteko lehenengo lau hilabeteetan
Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,7 hazi dira urteko lehenengo lau hilabeteetan
Apirileko datuak oso positiboak dira, esportazioak % 22,4 handitu baitira.
Foru Ogasunak aldizka egiten duen Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostenaren datuak jakitera eman ditu gaur Foru Alldundiak. Txosten hori atzo aztertu zen Diputatuen Kontseiluan. Irune Berasaluze foru bozeramaileak jakinarazi duenez, 2024ko lehen lauhilekoan Gipuzkoako enpresen salmentak +% 0,2 igo dira, 2023ko aldi berarekin alderatuta. Barne-salmentak zertxobait jaitsi dira, -% 0,1; esportazioak, berriz, +% 0,7 hazi dira.
Emaitza positibo horretan zerikusi handia dute apirileko, konputatutako azken hilabeteko, datu onek; izan ere, guztizko salmentak % 19,4 hazi ziren, eta hazkunde esanguratsuak izan zituzten bai barnekoek (+% 17,7) bai esportazioek (+% 22,4). Nolanahi ere, kontuan hartu behar da alderaketa 2023ko apirilarekin egiten dela, eta hilabete horretan salmentak jaitsi egin ziren lehen aldiz (-% 9,9) 2020az geroztik. Enpleguak, berriz, indarra mantendu du, lan-etekinak jasotzen dituzten pertsonen kopurua % 1,8 igo baita, bai apirilean, bai urteko metatuan. Soldatek ere gora egin dute, % 8,3 apirilean eta 2024ko lehen lau hilabeteetan.
Lau hilabete horietako salmentak sektoreka aztertuz gero, industriak % 0,7 egin du behera eta eraikuntzak % 5. Zerbitzuek, berriz, % 1,8 egin dute gora. Apirilean, aldiz, nabarmen igo dira industriaren eta zerbitzuen salmentak, biak % 20,6; eraikuntzarenak, berriz, % 4,1 jaitsi dira. Kanpo-merkataritzaren noranzkoari dagokionez, Europar Batasunera egindako esportazioak % 1,9 jaitsi dira aurten, eta gainerako herrialdeetara egindakoak, berriz, % 4 igo dira. Apirilean EBrako salmentak % 21,5 hazi dira, eta gainerako herrialdeetara egindakoak % 23,5.
Beste behin ere, azpimarratu behar da industriako enpleguak bilakaera ona izan duela, apirilean % 2,4 igo baita eta % 3 aurten. Zerbitzuen sektorean igoera neurritsuagoa da (% 0,6 lauhilekoan) eta eraikuntzan, aldiz, % 1,3 jaitsi da. Halaber, industriaren sektorean igo dira gehien soldatak urteko lehen lau hilabeteetan: % 9,7. Eraikuntzak +% 2,2ko igoera izan du, eta zerbitzuek, berriz, +% 6,6koa.
Berasaluzek "zuhurtzia" eskatu du datu horiek irakurtzean, "fokua zabalduz, koiunturaren araberako aldaketez haratago joateko eta egoeraren bilakaera perspektibarekin ikusteko. Gogoratu behar da urte oso on batetik gatozela, eta 2024an, ziurgabetasun ugari egon arren –gatazka geopolitikoak, merkataritza-tentsioak, inflazioari eusteko politikak, Gipuzkoarako estrategikoak diren herrialdeen moteltzea, trantsizio handiak...–, eta kautela guztiekin, gure ekonomia eta industria jarduera maila onak izaten ari direla. Horri gehitu behar zaio eragile askok hobekuntza iragartzen dutela urteko bigarren seihilekoan, eta enpleguak tinko eusten diola azken bolada luzean, oso albiste ona guztiontzat".
Bozeramaileak azpimarratu duenez, "balioa eman behar diogu gure enpresak eta horiek osatzen dituzten pertsona guztiak, aurrera ateratzeko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko, egiten ari diren ahaleginari. Gure enpresa-sarea egokitzeko gaitasun handia erakusten ari da, nortasun-ezaugarri oso argiekin: ondo egindako lana, berrikuntza eta bikaintasunaren aldeko apustua. Balio horietan konfiantza izaten jarraitu behar dugu".
1338