Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako enpresen salmentek % 0,7 egin zuten gora urtarriletik abuztura bitartean

Gipuzkoako enpresen salmentek % 0,7 egin zuten gora urtarriletik abuztura bitartean

Foru Ogasunaren txostenak enpleguaren joera ona ere azaldu du, % 2,3ko igoera izan baitu urteko metatuan

2024/10/03
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako enpresen egoerari buruz Foru Ogasunak aldizka egiten duen txostenaren datuen arabera, Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,7 igo dira 2024ko lehen zortzi hilabeteetan, 2023ko aldi berarekin alderatuta; herenegun izan zuen aztergai txostena Diputatuen Kontseiluak. Barruko salmentak % 1,0 hazi dira eta esportazioak % 0,3. Normalean, informazio hori hilero argitaratzen da, baina uztaileko eta abuztuko datuen analisia batera egiten da. Horrela, uztaileko datuak oso positiboak izan ziren bai barne salmenteei dagokienez (+% 6,4), bai esportazioei dagokienez (+% 10,9). Salmentak, guztira, % 8,0 igo ziren hilabete honetan. Aldiz, abuztuan barne salmentak % 1,1 jaitsi ziren eta esportazioak % 9,7; ondorioz, guztira, salmentek % 4,1 egin zuten behera hilabete horretan.

Enpleguan ere datu positiboak lortu dira; izan ere, lan etekinen hartzaileen kopurua % 2,3 igo zen uztailean, % 2,0 abuztuan eta % 1,7 urteko metatuan. Gauza bera esan daiteke soldatei buruz, igoerak izan baitira bai txostenean aztertutako bi hilabeteetan, bai urteko metatuan: uztailean, +% 8,0; abuztuan, +% 5,8; eta lehenengo zortzi hilabeteetan, +% 7,4.

Sektore ekonomikoei dagokienez, 2024ko lehen zortzi hilabeteetako salmenten igoera zerbitzuen sektorean izandako +% 2,0 igoerari zor zaio batez ere; izan ere, eraikuntzan behera egin dute salmentek (-% 3,0) eta industrian ez da aldaketarik izan. Uztailean hazi egin ziren salmentak sektore guztietan: industrian +% 7,9, eraikuntzan +% 20,3 eta zerbitzuetan +% 7,0. Aitzitik, abuztuan salmentak murriztu egin ziren industrian eta eraikuntzan (-% 8,7 eta -% 12,6, hurrenez hurren) eta igo zerbitzuetan (+% 1,6). Kanpo merkataritzaren banaketari dagokionez, Europar Batasunerako esportazioak % 2,2 jaitsi dira lehenengo zortzi hilabeteetan, eta gainerako herrialdeetarako salmentak, berriz, +% 3,4 igo dira.

Enpleguak sektoreen arabera izan duen portaerari dagokionez, urteko metatuan ikusten da industrian nabarmen hazi dela, % 2,6 (+% 2,4 uztailean eta +% 1,6 abuztuan); indar gutxiagorekin hazi dela zerbitzuen sektorean, % 0,9 (+% 2,3 uztailean eta +% 2,8 abuztuan); eta eraikuntzan, berriz, -% 0,9 jaitsi dela (-% 0,8 uztailean eta -% 0,2 abuztuan).  Urteko lehenengo zortzi hilabeteetan soldatak industriaren sektorean handitu dira gehien, % 8,5; eraikuntzan, % 3,0 eta zerbitzuetan % 6,1.

Gaurko agerraldian Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, "enpleguak portaera ona izan du urte osoan, baita industrian ere, eta hori berri ona da, sektore hori aberastasun eta ongizate iturri garrantzitsua baita gure lurraldean, eta hori aipatu beharrekoa da. Txostenak jasotzen duenez, azken hiru urteetan etengabe hazi da langile kopurua, eta, beraz, pandemiaz geroztik susperraldi nabarmena eta jarraitua gertatu da”.

Nolanahi ere, bozeramaileak "zuhurtzia" eskatu du, eta nabarmendu du "egoeraren araberako aldaketak baino gehiago joerak aztertu behar direla, perspektibarekin. Egia da abuztuko jarduera datuak ez direla onak, hil honetan ohikoa den bezala, eta Europar Batasunetik kanpoko merkatuetarako salmentei esker lortu direla zifra positiboak urtean; izan ere, Europako ekonomia traktoreen geldialdiak herrialde horietako salmenten beherakadan du isla. Espero dugu eragile askok urteko bigarren seihilekorako iragartzen duten hobekuntza hori gertatzea". 

Era berean, "gure enpresak eta hauek osatzen dituzten pertsona guztiak negozio aukera berriak bilatzeko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko egiten ari diren ahalegina" txalotu du. “Gure enpresa sarea ziurgabetasunak markatutako testuinguru batera egokitzeko gaitasuna duela erakusten ari da: gatazka geopolitikoak, merkataritza tentsioak, inflazioari eusteko politikak, trantsizio handiak... 2023ko zifrak hobetzeak meritu handia du, urte oso ona izan baitzen, eta Aldundiak gure ETEei laguntzen jarraituko du bide horretan, konfiantza osoa baitugu lurralde lehiakorra eta berritzailea izatea ahalbidetzen diguten bertuteetan". 

AP-1 irteera hobetzea

Bestalde, Berasaluzek jakinarazi du Aldundiak AP-1 autobidearen Eskoriatzako lotunea hobetzeko lanak egingo dituela, eta Eibartik Gasteiz aldera doazen ibilgailuentzako 123 irteera adarrean gaur egun dagoen stop seinalea kenduko duela. Azaldu duenez, "konfigurazio berriak loturaren segurtasuna hobetuko du: egungo stop seinalea kendu eta beste adar bat egingo da; horrela, azelerazio errei bat egin ahal izango da, pasatzen uzteko seinalearekin, Gasteiz aldetik datozen eta Eskoriatzan irteten diren ibilgailuentzat". Gainera, autobidearen enborraren eskuineko ertzeko ezponda sendotuko da. Lizitazio aurrekontua 959.000 euro da, gehi BEZa, eta exekuzio epea sei hilabete.

Halaber, bozeramaileak iragarri du balizak indartuko direla eta seinaleztapena hobetuko dela AP-8 autobideko zortzi tartetan eta AP-1 autobideko batean. Esku-hartze honetarako aurrekontua 903.400 euro da (+  BEZa), eta gauzatzeko epea sei hilabetekoa izango da. Jarduketa horien artean, besteak beste, bihurguneetako balizak hobetu, motorzaleentzako babes sistemak jarri, seinaleak eta kartelak indartu, eta zorua hobetuko da. Tarte hauetan egingo dira lanak: AP-8 eta GI-20 errepideen arteko bidebanaketa eta elkarguneetan, Oiartzunen eta Aritzetan; Zestoa-Zumaia lotunearen aurreko bihurgunean, Behobiarako noranzkoan; eta beste bi bihurgunetan, Itziar parean (Deba), Bilborako noranzkoan. Beste tarte batzuetan ere esku hartuko da: Mendaron, Bilborako noranzkoan, eta Elgoibar eta Itziar arteko bihurguneetan. Azken esku-hartzea AP-1 eta AP-8 autobideen arteko elkargunean egingo da, Eibar parean.     

Horrez gain, azpiegituren atalean Berasaluzek iragarri du Beasainen AP-636 autobideko gaineko pasagunea konpontzeko obrak esleitu direla (0,355 KP). Bao bakarreko eta zirkulazio noranzko bikoitzeko egitura da, etxebizitza baterako eta mendi pista batzuetarako sarbidea ematen duena. Birgaitzeko, Bidegik 356.000 euro inbertituko ditu (gehi  BEZa), eta gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izango da.   

Ogasuneko lan poltsa

Azkenik, Foru Aldundiak hautaketa-prozesu ireki bat deitu du Ogasun Sailaren kanpainei laguntzeko maila ertaineko teknikarien lan-poltsa bat sortzeko, bereziki 2024ko Errentarena, datorren urteko udaberrian egingo dena. Deialdiari buruzko informazio guztia atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta eskaerak 15 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira, gaurtik aurrera.

Aldi baterako programa gauzatzeko 90 plaza eskainiko dira, gutxi gorabehera honela banatuta: horietako 40k sei hilabeteko iraupena izango dute eta BEZ eta Errenta kanpainetan lan egingo dute, eta beste 50ek hiru hilabeteko iraupena izango dute, apiriletik ekainera, 2024ko Errenta kanpainarako.

Lan-poltsa osatzeko, izangaiek proba bat gainditu beharko dute. Proba hori ez da abenduaren 1a baino lehen egingo, eta aurreko kanpainetako esperientzia ere baloratuko da. Urteko deialdi honen bidez, Ogasun Saileko langileen aparteko beharrizanei erantzuten zaie, aitorpenak izapidetzean: "Gure baliabideak indartzen ditugu, zerbitzu eta arreta eraginkorra, arina eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitzeko", adierazi du Berasaluzek.

Ildo horretan, Errentaren lantaldearen lana goraipatu du, eta gogorarazi du 2023ko Errentaren aurreko kanpainan 71.817 telefono-dei jaso zirela, eta horietatik 204 baino ez zirela galdu, hau da, % 0,28. Bidalitako 275.900 autolikidazio-proposamenetatik, % 82,5 onartu ziren. Azkenik, itzulketen batez besteko epea 1,27 egunekoa izan zen modalitate mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan; 1,37 egunekoa autolikidazio-proposamenen kasuan; eta azkenik, modalitate telematikoaren kasuan, kasuen % 99,3an 10 egunetik beherako epean egin zen itzulketa.

  

816