Gipuzkoako Foru Aldundiak 15.000 izokin askatu ditu Urumea eta Oria ibaietan
Gipuzkoako Foru Aldundiak 15.000 izokin askatu ditu Urumea eta Oria ibaietan
Espezie hori birpopulatzeko proiektuari esker, urtero 100 izokin inguru sartzen dira bi ibaietara.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak Urumea eta Oria ibaietako 15.000 izokin arrainkumeren askatzean parte hartu du gaur. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako haztegian jaio dira izokin hauek. Askatzea Foru Erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan abian duen proiektuaren barruan kokatzen da, lurraldeko biodibertsitatea babestea helburu duena.
Izokin arruntaren (Salmo salar) berreskuratzea 1990eko hamarkadan hasi zen, Gipuzkoako ibaietatik erabat desagertu baitzen, aurreko hamarkadetan bizitako industrializazioak eragindako ur-kutsaduraren ondorioz. Azken hogeita hamar urteotan egindako lanaren ondorioz, gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak dituzte, eta urtero itsasoaren 100 ale inguru sartzen dira gure ibaietara ugaltzeko. Ekainean eta uztailean izokin handiak sartzen dira (negu anitzekoak ere esaten zaie hauei, negu bat baino gehiago igaro baitute itsasoan), aurten 27 izokin sartu dira Urumean eta 20 Orian bi hilabete horietan. Kopuru horri ibaietan azarotik abendura bitartean sartzen diren izokin txikiagoak gehituko zaizkio, hilabete horietan ugaltzen baita espeziea.
Aldundiak abian duen egitasmoaren dinamika da izokin basatiak arrantzatzea ibaian, foru erakundeak dituen bi harrapatze guneetan eta, ondoren, ale horiek haztegira eramatea espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzen dira. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da. Ildo horretan, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duenez, "arrain haztegian hazitako aleen % 30 gure ibaietara itzultzen da"; zifra hori arrakastatsutzat jo daiteke, gaineratu duenez, "kontuan hartzen bada gainerako %70 jatorri basatikoa dela”. “Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela", gehitu du. Gaur egun, izokina hiru arro hidrografikotan dago gure lurraldean: Oiartzun, Urumea eta Oria. Arrutik gaineratu du “ibaiak eta haien arroak garbitzeko eta hobetzeko azken urteetan egindako lanari esker habitat horretan espeziea gara daitekeela”.
Zifra horien ifrentzua, bestalde, honako hau litzateke: erregistratutako sarrerek 2014 eta 2015 artean gaina jo ondoren, (Urumean eta Orian, batez beste, 299 eta 112 izokin detektatu ziren urte horietan), azken urteetan sartutako kopuruak behera egin du, itsasoko uren eta Kantauri isurialdeko ibaien tenperatura igoeraren ondorioz. Hala, Arrutik zehaztu duenez, ibai hauetan sartzen diren aleen kopurua azken bederatzi urteetan dezente murriztu da. Kezka sortzen duen gaia da, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez. “Lurraren berotzea geldiarazteko eta gure espezien babesa bermatzeko, oreka berderen alde, ahalik eta eremu gehienetatik lan egiten jarraitu behar da”, azpimarratu du.
LIFE Kantauribai proiektua
Espeziea birpopulatzeko egiten ari den lanaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundia, lurraldeko biodibertsitatea zaintzeko eta berreskuratzeko apustuan, LIFE Kantauribai proiektuan murgilduta dago 2022tik. Proiektu horren helburua da ibai ekosistemei lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio egoera. Hobekuntza horiek Natura 2000 Sareko 15 gunetan garatzen ari dira, Bizkaiko golkora urak isurtzen dituzten ibai eta ibaiadarretan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitaniak partekatzen dituzten bost ibai-arrotan, alegia. Arro horien artean daude Oria ibaikoak eta Urumeakoak.
Proiektu honen baitan 10 milioi euro inbertituko dira guztira, besteak beste, ibai oztopoak kentzeko eta arrainak igarotzeko bestelako oztopoak iragazkor bilakatzeko, izokinaren eta beste arrain espezie batzuen fluxua bermatze aldera ibaien etenak murrizteko, igarotzen diren arrainen kontrola eta jarraipena egiteko sistemak instalatzeko ahalik eta giza esku-hartze txikienarekin, eta zentral hidroelektrikoetako presek arrainen migrazioan duten inpaktua murrizteko, izokin populazioen tamaina % 10 handitzeaz gain.
Gipuzkoako Foru Aldundia honako hauekin batera ari da proiektu honetan lanean: Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Uraren Euskal Agentzia (URA), Donostiako Udala, Errenteriako Udala, Iberdrola Generación, Centro Tecnológico Agrario y Agroalimentario, Nouvelle-Aquitaineko Naturguneen Kontserbazio Zentroa, Frantziako Nekazaritza Ikerketarako Institutu Nazionala, SCIMABIO Interface eta EFE agentzia.
Gipuzkoako lurraldeari dagokionez, orain arte egindako honako lan hauek aipatu daitezke:
· Izokin helduen ibaian gorako migrazioaren monitorizazioa irrati-segimendurako gailuekin.
· Izokin gazteen ibai migrazioaren monitorizazioa, minizentral elektrikoen inpaktua ezagutzeko eta horiek murrizteko beharrezko neurriak jartzeko.
· Urumea Ibaia KBEan haltzadi kantauriarra hobetzeko jarduketak.
· Arrainen kontagailu automatikoa instalatzea, adimen artifiziala erabiliz, ibaian gora doazen izokin iraultzaileen jarraipena egiteko, eskuz harrapatu behar izan gabe.
4349