Gipuzkoako Foru Aldundiak 66,4 milioi eurotan esleitu du Adinberriren zentroaren obra
Gipuzkoako Foru Aldundiak 66,4 milioi eurotan esleitu du Adinberriren zentroaren obra
48 hilabeteko exekuzio epearekin, Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresak izango du Adinberri Gipuzkoako zahartzeari buruzko erreferentziazko zentroa eraikitzeko ardura
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiak Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresa arabarrari esleitu dio zahartzeari buruzko erreferentziazko zentroa eta lurpeko aparkalekua eraikitzea Pasaian. Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, foru Gobernuaren Diputatuen Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an onartu zuen Adinberri zentroaren lizitazio eguneratua, joan den urteko apirilean onartutako lizitazioa hutsik geratu ondoren, proposamen bat aurkeztu zuen enpresa bakarra erretiratu egin zelako eta proiektua ekonomikoki bideragarria ez zelako. Orain, proiektua 66.430.996,17 euroan esleitu da, 48 hilabeteko egikaritze-epearekin. Eraikuntza Birgaikuntza Artapenaren proposamena izan da bost proposamenetatik puntuaziorik handiena lortu duena.
Mendozak Diputatuen Kontseiluaren osteko asteroko agerraldian eman du erabakiaren berri, gaur eguerdian egin duena. Azaldu duenez, Adinberri erreferentziazko zentroa Pasaiako Hospitalilloko kaiaren inguruan kokatuko da, eta lanak uztailean hastea aurreikusten da. Foru bozeramaileak Adinberrik Aldundiarentzat eta lurralde osoarentzat duen garrantzia azpimarratu du. “Adinberri Etorkizuna Eraikizen esparruan sortutako proiektua da, eta estrategia horren erreferentziazko zentroetako bat da. Pasaiako erreferentziazko zentroa Aldundiak bere baliabideekin azken hamar urteetan egin duen inbertsiorik garrantzitsuena da, izaera sozial eta aitzindaria duen azpiegitura, lankidetzatik eta berrikuntzatik Gipuzkoako gizartearen zahartzeak dakarren erronka handiari erantzuten diona”, azaldu du.
Gainera, Mendozak azpimarratu du Adinberrik Pasaia biziberritzeko bultzada berri bat ematen lagunduko duela, zuzeneko eta zeharkako 400 lanpostu inguru sortzea aurreikusten duelako eta udalerria Gipuzkoan ezartzen ari den zainketa-eredu berriaren erreferentzia nagusi bihurtuko duelako. “Zentroak berebiziko garrantzia izango du Pasaiarentzat eta Oarsoaldearentzat ez ezik, baita lurralde osoarentzat ere”, azpimarratu du foru bozeramaileak.
Azpiegiturak adinekoentzako egoitza bat izango du, 124 plazarekin; tutoretzapeko 18 apartamentu, 22 plaza izango dituztenak; eta eguneko zentro bat hartuko ditu, komunitateari lotutako pertsonak ardatz dituen zaintza-eredu bati erantzunez, non berrikuntza sozial eta teknologikoak garrantzi berezia hartzen duen. Zentzu horretan, Adinberriko berrikuntza-unitatea 680 metro koadroko espazio batean kokatuko da, eta bertan ikerketa, esperimentazio eta testaketarako gune bat egongo da. Era berean, multzoak Pasaiako hiri-ingurunean integratutako plaza zabal bat izango du, baita hainbat instalazio komun eta erabilera anitzeko gune ere. Azkenik, bi solairuko eta guztira 468 plazako lurpeko aparkaleku bat eraikiko da eremu berean.
Enpresen salmentak
Bigarrengo gaia arlo ekonomikoan kokatzen da: 2023 urteko martxoko Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu berri da, eta Kontseiluan errepasatu dituzte bertan agertzen diren datuak. Ogasun eta Finantza departamentuak egin ohi du txosten hau. “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Kasu honetan, martxora arteko txostena da esku artean duguna eta, ondorioz, urte hasierari buruzko ikuspegi interesgarria eskaintzen digu”, gogoratu du foru bozeramaileak. Txosten osoa web orrian egongo da eskuragai, ohi bezala, edozein kontsulta egiteko.
Datuetara jaitsita, eta urteko lehen hiruhilekoa bere osotasunean hartuta, Mendozak esan du datu onak utzi dituela oraingoz 2023ak. 2022 urtearekin alderatuz gero, igoera nabarmena eman da: +%11,5 igo dira salmentak, eta bere bi azpi-aldagaiek ere bilakaera positiboa izan dute: barne merkatua +%10,4 hazi da, eta esportazioek +%13,5 egin dute gora. Sektoreka, eraikuntza izan da urtean zehar bilakaera onena adierazi duen sektorea, baina denak ere zifra oso onetan ageri dira: industria (+%10,8), zerbitzuak (+%11,6) eta eraikuntza (+%21,3). Azkenik, lan-merkatuan, martxoan lan etekinen jasotzaileen kopurua +%1,3 igo zen urte arteko terminoetan, eta urteko metatuan +%1,1 hazi. Bestalde, martxoan ordaindutako soldatak +%5,8 igo dira 2022ko hilabete beraren aldean, eta urteko metatuan igoera +%5,7koa da.
“Testuinguruan, ekonomiak indarguneak erakusten ditu urte hasieran, nahiz eta inflazioaren datuak oraindik zuhurtzia eskatzen duen”, adierazi du foru bozeramaileak. Enpleguaren atalean, “bultzadarekin” hazten jarraitzen duela nabarmendu du, eta Gizarte Segurantzaren afiliazioak nabarmen handitzen ari direla adierazi du. “Koiunturaren adierazle nagusiak jardueraren hazkunde bat ematen ari dela adierazten dute”, osatu du. “Aurrera begira, gertutik jarraituko dugu gure ekonomiaren bilakaera, datuak onak izanda ere, ziurgabetasunak asko baitira eta hauei erantzuteko prest egon behar dugulako. Aldundiarentzat, lehentasunezko arloa da ekonomia, lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua sustatzen jarraitzea”, azpimarratu du.
3084