Gipuzkoako Foru Aldundiak Arkauteren esku utzi du 68 plaza dituen suhiltzaileen EPEa egitea
Gipuzkoako Foru Aldundiak Arkauteren esku utzi du 68 plaza dituen suhiltzaileen EPEa egitea
Mendoza bozeramaileak azaldu du neurriak hautagaiei mesede egiten diela eta baliabide publikoen erabilera eraginkorragoa ekarriko duela.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esku uztea suhiltzaileen 68 lanposturen hautaketa-prozesua. Lanpostu horiek 2019, 2020 eta 2021eko foru erakundearen Enplegu Publikoko Eskaintzen (EPE) onartu ziren. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, neurriak abantailak ditu bai hautagaientzat, bai administrazioarentzat: “Alde batetik, hautagaientzat mesedegarria da, EAEko suhiltzaileen hautaketa prozesuen bateratzerako lehenengo pausua delako, eta plazak maiztasun gehiagoarekin eskaintzea ekarriko duelako. Bestalde, eraginkortasunetik aurrera egitea dakar, bateratutako prozesuek baliabide publikoen erabileraren eraginkortasuna hobetzeaz gain, Arkautek eskaintzen duen maiztasunak enpleguaren egonkortasuna indartzea ekarriko baitu”.
Foru Aldundiko bozeramaileak, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluaren bileran hartutako erabakien berri eman du. Ildo horretan, gogorarazi du, plantila egonkortzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak, langileen ohiko birjarpen-tasak erabiliz, 2019, 2020 eta 2021ean suhiltzaileen enplegu publikorako eskaintzak onartu zituela, guztira 68 plaza batzen dituztenak. "Ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiengatik, lan-eskaintza horiek metatu egin dira, horietatik eratorritako hautaketa-prozesuak deialdi bakar batean garatzeko asmoz", azaldu du.
Puntu horretan, suhiltzaileen kasuan berezitasun bat dagoela azaldu du Mendozak: bat baino gehiago dira alor horretan eskumenak dituzten administrazio publikoak, zeintzuek aipatutako kategoriari dagozkion enplegu publikoaren eskaintza eta deialdi ugari onesten baitituzte, aldi berean, eta, ondorioz, baliabideak sakabanatzeaz gain, kostua ere biderkatu egiten da. “Hori dela eta hasi dugu jarduketa marko komun bat ezartzearen abantailak aztertzeko ariketa, aukeraketa prozesu bateratuak egiteko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamenduaren alorrean eskumenak dituzten euskal administrazio publikoen artean”, azaldu du Mendozak.
Errentako poltsa
Bestalde, Aldundiak aste honetan argitaratu du hautaproben deialdia, Ogasun Sailaren kanpainei laguntzeko erdi-mailako teknikariaren lan-poltsa bat sortzeko. Bereziki 2022ko Errenta kanpainari begira osatuko da lan poltsa, datorren urteko udaberrian egingo dena. Aldi baterako programa 86 plazaz osatuta dago, eta honela banatzen dira: horietako 10ek sei hilabeteko iraupena izango dute, urtarriletik ekainera, eta BEZ eta Errenta kanpainetan lan egingo dute. Beste 30ek plazak ere 6 hilabeteko iraupena izango dute, baina kasu honetan apiriletik irailera, Errenta kanpainan eta horren ondoriozko gorabeheren konponketetan egingo dutelarik lan. Azkenik, gainerako 46ek 3 hilabeteko iraupena izango dute eta apiriletik ekainera egingo dute lan, Errenta kanpainan.
Deialdiari buruzko informazio guztia atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) dago, eta eskaerak gaur hasi eta 15 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira. Mendozak nabarmendu duenez, neurri honen bidez, “Ogasun eta Finantza departamentua indartu nahi dugu zeregin teknikoetan, jendearentzako arretan, edo zalantzak argituz, besteak beste”. “Baliabide propioez baliatuta, kalitate handiko zerbitzua eskaintzen dugu, herritarrek ere oso ondo baloratzen dutena gogobetetze-inkestetan”, azaldu du foru arduradunak.
Egoitzen partea
Bestalde, bozeramaileak COVID-19aren pandemiak lurraldeko adinekoen egoitzetan izaten ari den eraginari buruzko informazioa ere eguneratu du. Azaldu duenez, une honetan 149 kasu aktibo daude, aurreko astean baino 52 gehiago, lurraldeko 23 egoitzatan banatuta. Azken astean heriotza bat jazo da, 105 pertsonak gainditu dute gaixotasuna eta 158 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren amaieratik orain arte, 71 egoiliar hil dira, eta 3.285 pertsonek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, egoitzetako langileei dagokienez, une honetan 79 kasu aktibo daude, aurreko astean baino 4 gutxiago, 29 egoitza-zentrotan banatuta.
2965