Gipuzkoako Foru Aldundiak Don Bosco futbol-zelaia berritzeko lanak finantzatuko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak Don Bosco futbol-zelaia berritzeko lanak finantzatuko ditu
Kultura eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok azpimarratu du berritze-lan horiek finantzatzeaz gainera, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako departamentuak aurten 1,2 milloi euro inbertitu dituela Pasaian.
Kultura eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok eta Pasaiako alkate Izaskun Gómezek gaur goizean izenpetu dute Don Bosco futbol-zelaia berritzeko hitzarmena. Foru Aldundiak 370.073 euro jarriko ditu, eta lanaren % 100 ordainduko du, beraz.
Alkateak eta diputatuak Don Bosco zelaia bisitatu dute une honetan zein egoeratan dagoen jakiteko, eta aurrez aurre ikusi ahal dute erabat amaituta laster izango diren lanen proiektua nola doan.
Laguntza hori 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren baitan emango da. Kirol-azpiegiturak birmoldatzea, berritzea, ordeztea eta lekualdatzea sustatzeko da plana, eta aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko kirol-azpiegiturak hobetzeko eta osatzeko inbertsioak finantzatuko dituela, batetik, kirola herritar guztientzat irisgarria izatea eta, bestetik, kirola egiteko aukera berdinak herritar guztiek izatea ahalbidetzeko. Foru Aldundiak lehentasuna eman dio lehendik dauden ekipamenduak berritzeari eta birmoldatzeari instalazio berriak eraikitzearen gainetik.
Denis Itxasok azaldu duenez, “departamentuak argi eta garbi egin du Pasaiaren aldeko apustua; izan ere, Don Bosco futbol-zelaia osorik finantzatzeaz gainera, Arronkandieta aterpetxeko eta Antxoko eta Trintxerpeko kultura etxeak zaharberritzeko eta osatzeko lanak ere ordaindu ditu. Aurten guztira 775.000 eurotik gora inbertitu ditu Pasaiako herritarren eguneroko bizitza errazteko, kirola eta kultura herritar guztientzat izan daitezen irisgarriak”.
Bestalde, Pasaiako alkate Izaskun Gómez pozik agertu da udalak jasotako laguntza horiekin, eta "bizi-kalitatea hobetuko duten azpiegiturak behar ditugu, eta Foru Aldundiarekin lankidetzan jarraituko dugu Pasaiak merezi duen arreta jaso dezan” esan du.
Itxasok azaldu duen bezala, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako departamentuak Pasaiaren alde egindako apustua ez da mugatzen futbol-zelaia berritzeko egindako inbertsiora. Gazteriaren arloan 150.000 euro inbertitu ditu Arrokandietako aterpetxea berritzeko lanetan; kulturaren arloan, berriz, 109.646 euroko inbertsioa egin du Gazte Kultura Aretoa berritzeko, 63.830 eurokoa San Pedroko Kultura Aretoan eta 57.641 eurokoa Pasai Antxoko Kultura Etxean. Kiroletan, Don Bosco futbol-zelaiko inbertsioa egiteaz gainera, 250.000 euroko diru-laguntza eman du Tximistarri eskala guneko mantentze-lanetarako eta ekipamendua osatzeko. Aurten guztira 775.000 euro inbertitu ditu Pasaian departamentuak.
1879