Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian abiatu du Gabonetako kanpaina, 2024ko egutegiaren banaketarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian abiatu du Gabonetako kanpaina, 2024ko egutegiaren banaketarekin
Hamaika egunez, edukiontzi erraldoi bat Gipuzkoako eskualde guztietan barrena ibiliko da 40.000 egutegi baino gehiago banatzeko.
Eider Mendoza, Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Irune Berasaluze, Aldundiko bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024ko egutegia banatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur. Aurtengo berrikuntza gisa, Mendozak adierazi duenez, «herritarren eskaerari erantzunez, egutegia lurralde osoan banatuko dugu. Horretarako, kanpaina hau jarri dugu abian, Gipuzkoako eskualde guztietan barrena egutegiaren 40.000 ale banatzeko».
Egutegiak Aldundiak asmo honetarako urtero antolatutako eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak hautatutako lehiaketako 13 argazki onenak biltzen ditu. «‹Gipuzkoa Kirolzale› lelopean,edizio honetan pertsona, klub, federazio eta taldeek kirol jarduera eta ariketa fisikoa bermatzeko egiten duten lana ikusgarri egin nahi izan dugu, bi jarduera horiek ezinbestekoak baitira pertsonen ongizaterako eta gure bizi eta emozio oreka bermatzeko», azaldu du Mendozak.
Opari itxura duen edukiontzi erraldoi batek Gipuzkoako hamaika udalerritan barrena bidaiatuko du gaurtik hasi eta abenduaren 23ra bitartean. Helburua, Gipuzkoako herritarrei bere egutegia irribarre batekin jasotzera etortzera gonbidatzea da. «Gabonak elkarrekin egoteko, entzuteko eta desiorik onenak eskaintzeko egunak izaten dira. Urte berri bati hasiera emango diogu laster, energia berritu batekin ekin ere. Horregatik, egutegia banatzearekin bat, gipuzkoarrekin partekatu nahi dugu irribarre bat eta urte berrirako desiorik onenak. Hori da Gabonetako kanpaina labur honen bitartez zabaldu nahi dugun ideia, sinplea, baina zintzoa» esan du Mendozak gaur arratsaldean Donostian (Gipuzkoa Plaza) izan den edukiontziaren irekieran.
Aldi berean, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak aurten jasotako 479 erretratuetako 20 irudi onenak erakutsiko ditu. Erakusketa abenduaren 18tik urtarrilaren 5era egongo da ikusgai elkartearen Donostiako egoitzan (San Juan kalea 27).
1483