Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako Foru Aldundiak Erreforma Fiskala Gauzatzeko Ponentziaren Ondorioen Txostena jaso du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Erreforma Fiskala Gauzatzeko Ponentziaren Ondorioen Txostena jaso du

Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur onartutako dokumentuak Aldundiak datozen hilabeteetan garatuko duen Foru Arauaren aurreproiektu berrian jorratuko diren 11 erronka jasotzen ditu.

2024/07/18
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean onartutako Zerga Erreformaren Ponentziaren Ondorioen Txostena jaso du. Dokumentuak otsailean hasi eta gaur, ondorioen txostena onartuta, amaitu den erreforma fiskalari buruzko ponentziaren ekarpen nagusiak jasotzen ditu. Guztira, nazioarteko eta tokiko 60 adituk eta lurraldeko gizarte-eragilek baino gehiagok eman dute beren ezagutza eta ikuspuntua Aldundiak datozen hilabeteetan jorratuko duen fiskalitateari buruzko Foru Arauaren aurreproiektuaren garapenean kontuan hartu beharreko alderdiei dagokienez.

Ogasun eta Finantzetako diputatu Jokin Peronak balantze positiboa egin du ponentzia honi dagokionez; izan ere, “gure idiosinkrasia eta nortasuna ezagutzen duten tokiko eragileen ikuspegia entzuteko aukera eman digu, eta, aldi berean, gure kasua kanpoko beste errealitate batzuekin kontrastatu ahal izan dugu. Era berean, erreferentziazko herrialdeetan zer motatako ekimenak eta estrategiak garatzen ari diren jakin ahal izan dugu, erreforma fiskal honetan jorratuko ditugun jarduera-eremuetan”.

Ildo horretan, Peronak azpimarratu du “oinarri sendo batetik” abiatzen garela, 2014ko (PFEZ) eta 2018ko (Sozietateen gaineko Zerga) erreformen emaitza onek egonkortasun ekonomiko eta soziala eman baitigute, eta, aldi berean, “gure herritarren arteko kohesio-mailak bermatu, Europako herrialde aurreratuenen parekoak”.

Hala ere, Ogasun eta Finantza diputatuak gaineratu du “2014an PFEZaren erreforma egin zeneko egoera eta egungoa desberdina dela”. Horrela, “jarduera ekonomikoa sendotzen jarraituko duten zerga-neurriak” planteatzearen alde egin du, “esku artean ditugun erronka sozialei erantzutearekin batera”.

Etxebizitza, demografia, zaintza-eredu berria, pentsioen jasangarritasuna, talentua erakartzea, lehiakortasuna eta berrikuntza, desberdintasun-mailak murriztea, genero-berdintasuna, kontziliazioa, fiskalitate berdea eta tokiko merkataritza dira erreforma fiskalaren ponentziaren ondorioen txostenak jasotzen dituen 11 erronkak. Orain Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio Foru arau berriaren bitartez erronka hauei fiskalitatetik erantzun bat emateko tresnak erraztea.

Horri dagokionez, Peronak nabarmendu du orain helburua dela hiru aldundien artean “dokumentu adostu eta harmonizatu bat garatzea, hiru lurraldeetan komunak diren erronka horiei erantzuteko epe luzera begira”.

Azkenik, gogorarazi du fiskalitatea beste tresna bat dela erakunde-arkitektura osoan, eta, ildo horretan, azpimarratu du beharrezkoa dela erakunde publiko guztiek modu koordinatuan jardutea.

  

9672