Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik 90 plaza berri ireki dituzte Arrasaten, adinekoentzat eta garun kaltea duten pertsonentzat
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik 90 plaza berri ireki dituzte Arrasaten, adinekoentzat eta garun kaltea duten pertsonentzat
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik 90 plaza berri ireki dituzte Arrasaten, adinekoentzat eta garun kaltea duten pertsonentzat
Musakola eguneko zentroak hilabete batzuk daramatza martxan, eta Gipuzkoako eguneko 64 zentroen sarearekin bat egiten du, 1.872 plaza eskaintzen dituztenak lurraldeko 45 udalerritan.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua Arrasateko Etxagibel Notarioa kalean kokatuta dagoen eguneko zentro berrian izan dira gaur goizean. Musakola balio anitzeko zentroak 60 plaza ditu adinekoentzat, eta 30 gehiago garun-kaltea dutenentzat. 90 plazetatik 78 Gipuzkoako Foru Aldundiak itundu ditu, eta Gipuzkoako eguneko zentroen sareari gehitu zaizkio: 64 zentro eta 1.872 plaza dituena, lurraldeko 45 udalerritan banatuta.
Mendozak gogorarazi du Gipuzkoako udalerrien erdiek baino gehiagok eguneko zentro bat dutela eta herritarrek "asko eskatzen” duten baliabidea dela. Gainera, nabarmendu duenez, "funtsezkoak dira adinekoak etxean bertan artatzeko estrategiaren baitan". Adineko 10 pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta nahi horri erantzuteko, eguneko zentroak, mendekotasunerako prestazioekin, etxez etxeko laguntza-zerbitzuarekin eta laguntza teknikoekin batera, "giltzarri" dira. Mendozak gogorarazi du zerbitzu eta prestazio horien konbinazioak 5 urtera arte atzeratzen duela adinekoak egoitzetan sartzea.
Bisitan, diputatuekin batera, Aita Menniko zuzendaria, Mikel Tellaeche, eta Musakolan lan egiten duten langileak egon dira. Lan-bilera baten ondoren, instalazio berriak bisitatu dituzte. Instalazio horiek eguneko bi zentroetarako gune desberdinak dituzte, baita gimnasio bat, Etxetek etxerako laguntza teknikoen erakusketa-gune bat, eremu komunak eta bilera-gela bat.
"Adineko pertsonak zaintzea da gizarte gisa dugun zeregin eta betebehar garrantzitsuenetako bat. Horretarako, Gipuzkoan, zainketa-eredu berri pertsonalizatu eta berritzaileago baten aldeko apustua egiten ari gara, non etxeko arreta eta komunitatearekiko lotura funtsezko faktore bihurtzen diren. Eguneko zentroek kalitatezko zerbitzua eskaintzen dute, oso garrantzitsua adinekoek eta mendekoek etxean bizitzen jarrai dezaten eta, aldi berean, beste pertsona batzuekiko eta komunitatearekiko harremana indartu dezaten, haien bizi-kalitatea eta zaintzaileena hobetuz ", azaldu du Mendozak.
Bestalde, Aita Menniko zuzendariak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, "komunitatearen zerbitzura dagoen proiektu hau errealitate bihurtzeko konfiantza izateagatik". "Testuinguru honetan, Aita Mennitik eskerrak ematen dizkiogu diputatu nagusiari eta Gizarte Politiketako diputatuari bisitagatik", adierazi du Tellaechek.
"Musakola berrikuntza sozialeko zentro gisa sortu da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadarekin, eta komunitatera hurbildu nahi du, adinekoen mendekotasunaren erronkari elkarrekin heltzeko".
1219