Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko hitzarmena garraio publikoa sustatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko hitzarmena garraio publikoa sustatzeko
Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak prentsaurrekoan aurkeztu dute, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen berria, garraio publikoaren eta hiri mugikortasunaren kudeaketari dagokiona. Hitzarmen historikoa da, 650.000 eurokoa, hiriko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planeko ekintzak eta programak garatzera bideratua, eta Gipuzkoako mugikortasun berriaren oinarriak ezartzen ditu.
Sinatutako akordioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko desadostasuna amaitzen da, hiriburura iristen diren edo hiriburutik irteten diren Lurraldebuseko autobusen hiri-trafikoari buruzko eskumenei dagokienez; beraz, hirian mugikortasun jasangarriko politikak bultzatzeko gaitasuna indartuko du Udalak (kaleak oinezkoentzat jartzea, bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea, autobusen geltokiak hobetzea…).
Hitzarmenak, halaber, Lurraldebusen eta Dbusen arteko koordinazioa hobetuko du eta MUGI sisteman pisu handiena duten bi kideen arteko sinergiak sortzen lagunduko du: txartel bakarreko sistema, Gipuzkoako operadore guztiak biltzen dituena (Euskotren, Renfe …), eta azken urteotan Arabako operadoreak sartu dituena; laster, Bizkaiko eta Nafarroako operadoreak ere hartuko ditu. Gainera, Donostiako garraio eskaintza eta irisgarritasuna zabalduko dira, herritarrek berdintasunez eta MUGI sistemak eskaintzen dituen deskontuekin erabil dezaten.
«Hitzarmen honek atea irekitzen dio mugikortasun berri bati Gipuzkoan, eta mugikortasun jasangarriari bultzada integrala emateaz gain, herritarren onurarako izango da. Balioan jartzen da gure MUGI sistemaren eta lurraldeko garraio publikoaren aitzindariak diren Lurraldebus eta Dbus enpresek lankidetzan aritzeko duten bokazioa. Diferentzia azpimarratu dezakegu eta azpimarratu behar dugu gure MUGI sistema trinkotzeko», adierazi du Rafael Romero diputatuak.
Eneko Goia Donostiako alkateak, berriz, honako hau adierazi du: "Hitzarmen honek Donostia zein Gipuzkoako herritarentzat ezinbestekoa den zerbitzua hobetzeko borondatea jasotzen du, garraio zerbitzua hain zuzen ere. Milaka lagunek erabiltzen dituzte egunero garraio zerbitzu ezberdinak. Horrexegaitik, hitzarmen honek herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetuko ditu. Gainera, fintzazio akordio on bat jasotzen du eta, ondorioz, operadore ezberdinek partekatzen dituzten joan-etorriak konpentsatuko dira
Romero diputatuak iragarri du, halaber, abian jarriko direla xede bera duten dirulaguntzak MUGI sisteman sartuta dauden lurraldeko udalerri guztientzat: Irun, Errenteria, Oiartzun, Hernani, Eibar, Lasarte, Zarautz, Arrasate eta Oñati. «Horrela, garraio publikoaren estandarren kalitatea hobetuko dugu Gipuzkoa osoan, garraio pribatua baino aukera hobea izan behar baitu herritarrentzat; izan ere, parametro eta helburu komunen arabera funtzionatu behar dugu, MUGI erabilita denok irabazten dugulako».
1850