Gipuzkoako Foru Aldundiak Ugartemendiko bidegurutzea biribilgune bihurtuko du
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ugartemendiko bidegurutzea biribilgune bihurtuko du
Proiektua 3 hilabetetan eraikiko da eta 327.000 euroko kostua izango du
Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Leire Artola, Beasaingo alkateak, Ugartemendiko bidegurutzea bisitatu dute gaur goizean, bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eraikiko duen biribilgunearen inguruan azalpenak emateko.
“Aldundiak, bide segurtasun lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa abian dauka eta bertako trafikoak aztertu ondoren, Ugartemendiko T formako bidegurutze hau, biribilgune bihurtzea erabaki dugu”, azaldu du Aintzane Oiarbide diputatuak “Intersekzio honek, N-Iarekiko lotura izanik, trafiko handia jasaten du, ibilgailu astun ugarirekin, tartean CAF enpresatik nahiko maiz ateratzen diren garraio bereziak. Txindoki Hezkuntza instituturako sarrera-irteerak ere bidegurutze horretatik lotzen dira. Eraikiko dugun biribilgunearekin, bide segurtasuna nabarmen hobetuko da. Soluzio honen bitartez, mugimenduak ordenatu egiten dira eta, aldi berean, abiadura jaisten da adar guztietan”, gehitu du Oiarbidek
Beasaingo alkate Leire Artolak eskerrak eman dizkio Aldundiari proiektuarekin udalak aspalditik ikusten zuen beharrari erantzuna eman diolako. “Beasaingo bidegurutze honek konponbidea behar zuen bertan pilatzen den trafikoak puntu beltza bilakatu zuelako. Trafikoaren segurtasunaz gain, herritarrena eta, bereziki, auzotarrena hartu dira kontutan proiektu honetan, enpresak ahaztu gabe”, adierazi du alkateak.
Ugartemendiko T formako bidegurutzea ordezkatuko duen biribilguneak 28m-ko kanpo diametroa izango du, 5m zabalerako eraztuna eta beste 4m-ko irlatxo zapalgarria. Gaur egungo oinezkoentzako mugimenduak dauden horretan mantentzen dira. Garraio berezien mugimenduei arreta berezia jarri zaie, beharrezko azterketa geometrikoak eginez eta biribilgunearen ezaugarriak diseinatzerakoan berauek kontutan izanez. Hau dela eta altuera txikiko zintarri muntagarriak jarriko dira eta biribilgunearen erdiko irlatxoan ere hormigoizko irlatxo muntagarria aurreikusi da.
Proiektua datorren asteartean, Maiatzak 11ean, onartuko da Diputatu Kontseiluan eta lizitazioa martxan jarriko da.
Ugartemendiko biribilgunearen proiektuak 3 hilabeteko exekuzio epea dauka eta 327.000 euroko kostu aurreikuspena dauka.
1814