Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Herri Lab estrategiak Quality Innovation Award sarien Europako errekonozimendua jasotzeko lehian jarraitzen du

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Herri Lab estrategiak Quality Innovation Award sarien Europako errekonozimendua jasotzeko lehian jarraitzen du

• Zaintza Herri Labek gaur estatu mailako saria jaso du berrikuntzaren atalean, Madrilen egin den galan • Sariak balioan jartzen du Gipuzkoak zainketen tokiko ekosistemak sustatzearekin duen konpromisoa, betiere beren etxeetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzera bideratzen direnekin. • Gaur egun, Gipuzkoako 17 herrik dituzte zainketen tokiko ekosistemak martxan; guztira, 11.849 pertsonari ematen diete arreta eta hirugarren sektoreko erakundeak, enpresak eta unibertsitatek kontuan hartuta, 77 erakunde lotzen dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Herri Lab estrategiak gaur estatu mailako errekonozimendua jaso du Quality Innovation Award sariarekin, Madrilen egin den ekitaldian. Sari horri esker, Gipuzkoa Europako nazioarteko fasera pasako; finala otsailean izango da. Saria berrikuntzako kategorian eman diote, eta balioan jartzen du lurraldeak beren etxeetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzeko zainketen tokiko ekosistemak sustatzeko duen konpromisoa. Ekimen hau nabarmentzen da zainketen ekosistema osatzen duten eragileen arteko lankidetzagatik.

Epaimahaiak ikuspegi berritzaileagatik baloratu du estrategia, eta azpimarratu du gizartearen beharrak eta ingurumena kontuan hartzen dituzten konponbide originalak edo hobeak eskaintzeko gaitasuna. Era berean, haren eraginkortasuna ere nabarmendu du, ezarri den ereduak emaitza zehatz eta praktiko eraginkorrak izan baititu. Gainera, adierazi du estrategia ikaskuntza prozesu batean oinarritzen dela, aurkikuntza berriak egungo ezagutzaren aprobetxamenduarekin konbinatzen dituena, garapen planifikatu eta egituratu baten emaitza gisa. Orientazioari dagokionez, epaimahaiak nabarmendu du Zaintza Herri Labek modu eraginkorrean erantzuten diela egungo beharrei eta aurrea hartzen diela erabiltzaileen etorkizuneko eskaerei. Azkenik, azpimarratu du estrategiak berme guztiak dituela, pertsonentzat, gizartearentzat eta ingurunearentzat onura esanguratsuak sortzen dituzten emaitza ukigarrien bidez frogatuak.

Aitzatespen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zaintza Herri Lab estrategia lehiaketaren nazioarteko fasera pasa dira. Fase horretan, Europako beste ekimen nabarmen batzuekin lehiatuko dira, datorren otsailean. Lorpen honi esker, Zaintza Herri Lab erreferentziazko ereduen artean kokatu da zainketen arloari aplikatutako gizarte berrikuntzan.

Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi du lehen urratsak duela zortzi urte egin zirela, modu esperimentalean, Pasaian, adinekoek beren etxean bizitzen jarraitu ahal izateko zainketen tokiko ekosistema bat sortzeko helburuarekin, "gehienek hala nahi dutelako". "Emaitzak pozgarriak izaten ari dira; izan ere, Pasaian, egoitzan sartzeko adina atzeratzeko joera ikusi da 80 urte baino gehiagokoen artean, baita larrialdiak eta gizarte eta osasun arazoak konpontzearekin lotutako telelaguntza zerbitzuak gutxiago erabiltzeko joera ere".

"Gipuzkoak lurralde berritzailea izaten jarraitu nahi du gizarte politiken eremuan, zainketen abangoardian kokatuz. Horretarako, lau premisa lantzen ditugu: pertsona, komunitatea, berrikuntza eta ebaluazioa. Sari hau ahalegin kolektibo horretan parte hartzen duten erakunde, entitate eta elkarte guztientzako aintzatespena da, eta tokiko zaintza ekosistemak lurralde osora zabaltzen jarraitzera animatzen gaitu, oso eragin positiboa sortzen baitute pertsona guztien bizi-kalitatean eta ongizate integralean", adierazi du Mendozak.

Sektore publikoaren eta komunitatearen arteko lankidetzaren bidezko zainketak

Zaintza Herri Lab Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin eta Adinberri Fundazioarekin lankidetzan bultzatutako estrategia bat da, eta bere helburua da zainketa pertsonalizatuak eta eskuragarriak eskaintzea etxean bizi diren adineko zaurgarriei eta mendekoei. Zainketen tokiko ekosistemen bidez, koordinazio integrala erraztu nahi da osasun zerbitzuen, gizarte zerbitzuen, zerbitzu komunitarioen, hirugarren sektoreko erakundeen, enpresen eta unibertsitateen artean. Eredu horrek erabiltzaileak eta haien familiak ere inplikatzen ditu, zainketen ziklo pertsonalizatuan aktiboki parte hartzen baitute.

Zainketako tokiko ekosistemen funtzionamendua sektore publikoaren eta komunitatearen arteko lankidetzan oinarritzen da. Udalerri batek erabakitzen du gizarte zerbitzuen pertsonalizazioa bultzatzea, etxez etxeko arretarako laguntza komunitarioarekin. Zaintza Herri Labek udalerriei laguntzen die eredu hori ezartzen, zaurgarritasunari eta mendekotasunari buruzko diagnostikoak egiteko tresnak emanez, zerbitzu soziosanitarioen eta komunitarioen arteko lankidetza erraztuz eta ekosistemen gizarte-inpaktua ebaluatuz. Gainera, zainketa pertsonalizatu eta komunitarioko jardunbide egokiak sistematizatzen dira, eta horrek beste udalerri batzuetara hedatzea ahalbidetzen du.

Gaur egun, Gipuzkoako 17 udalerrik zainketen tokiko ekosistemak dituzte martxan, garapen eta heldutasun maila desberdinekin: Pasaia, Usurbil, Zestoa, Azpeitia, Arrasate, Hernani, Urretxu, Donostia, Elgoibar, Legorreta, Errenteria, Oiartzun, Aretxabaleta, Urnieta, Deba, Orio eta Zumarraga.

Ekosistema horiek 11.849 pertsonari ematen diete arreta, eta hirugarren sektoreko erakundeak, enpresak eta unibertsitatek kontuan hartuta, 77 erakunde lotzen dituzte. 2021-2024 aldian, ekimen honetarako aurrekontua, guztira, 4.575.000 eurokoa da. 

Gainera, estrategiaren parte gisa, ekosistemak eskalatzeko funtsezko bi tresna sortu dira: Datu Soziosanitarioen Plataforma Federatua, inplikatutako eragileen arteko informazio-trukea errazten duena, eta Ikaskuntza, Prestakuntza eta Transferentzia Sarea (RAFT), udalerrien artean inpaktu-esperientziak partekatzea ahalbidetzen duena.

Quality Innovation Awards (QIA)

Quality Innovation Award (QIA) saria Excellence Finland-ek produktu, prozesu eta antolaketan berrikuntzak sustatzeko 2007an sortu zuen. Erakunde eta herrialde parte-hartzaileen lehiakortasuna hobetzea du helburu. Euskadik 2014tik hartzen du parte lehiaketa horretan, eta 2021etik, QIAren aholku batzordeko kide da EUSKALIT. Batzorde horretan hainbat herrialdetako erakundeak sartzen dira, hala nola Finlandia, Suedia, Israel, Espainia eta Txinakoak. Euskadin, lehiaketa INNOBASQUE, UNIBASQ eta IHOBErenlaguntzarekin antolatzen da.

  

786