Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Euskal Itsas Museoak “Mare Clausum: Norena da itsasoa?” erakusketa aurkeztu dute gaur

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Euskal Itsas Museoak “Mare Clausum: Norena da itsasoa?” erakusketa aurkeztu dute gaur

Erakusketak “Norena da itsasoa?” galderaren atzean dauden gai konplexuei buruz hausnartzea du helburu. Gaur arratsaldean erakusketaren aurkezpena ospatuko da, lehen bisita gidatu batekin, Xabier Alberdi zuzendari zientifikoaren eskutik

2024/07/05
Goizane Álvarez Kultura Cultura

Goizane Álvarez Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Diputatua eta Euskal Itsas Museoko Zuzendari Zientifikoa, Xabier Alberdi


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Euskal Itsas Museoak “Mare Clausum: Norena da itsasoa?” erakusketa aurkeztu dute. Erakusketa honen helburua hausnarketa eragitea da: batetik, “norena da itsasoa?” galderaren atzean dauden eta gaur egunean ere pil-pilean darraiten gai konplexuei buruzkoa eta, bestetik, Europak zazpi mendetan zehar munduko ozeano guztietan barrena buruturiko hedapen eta menderakuntzan Euskal Herriak izandako erantzukizun erabakigarriaren ingurukoa.


Gaur goizean Euskal Itsas Museoan egin den prentsaurrekoan, Goizane Álvarez Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Diputatuak, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko Zuzendari Zientifikoarekin batera, erakusketa honi esker Gipuzkoak “gure ondare aberatsa babesteko eta sustatzeko” duen konpromisoa berresten dugula azaldu du. Pieza multzo garrantzitsu baten bidez, itsas guduetan erabilitako armak eta ikurrak eta itsasoz harainditik iritsitako mapa eta objektu exotikoen bidez, “euskaldunek munduko itsas historian izan duen eragina” erakusten dugu. Gainera, kontzientziak zabaldu nahi ditugu, nazioarteko zuzenbidean duten inplikazioa agerian geratzen delako, "Mare Clausum" esamoldea, gaur egungo mundu batean, non herrialde askok beren urak ixten dituzten immigrazioa kontrolatzeko.” Erakusketa hau gizateriari eta bizitza hobe bat bilatzeko eskubideari buruzko gogoetarako gonbidapena da”.


Euskal Itsas Museoko Zuzendari Zientifikoa den Xabier Alberdik erakusketa honen helburu nagusienetako bat gaur egunera arte, gizateriaren historia baldintzatu duten zibilizazioen eta inperio handien sorreran eta bilakaeran itsasoak izandako eragina funtsezkoa dela aldarrikatu nahi da. Gainera, “iraganeko eta gaur egungo giza-prozesuak aztertzeko eta ulertzen saiatzeko behar-beharrezkoak diren ezagutza, hausnarketa eta gogoeta kritikoa eragin nahi ditu. Jatorriaren, historiaren eta filosofiaren ikuspegitik, baita moralarenetik ere, prozesu horiek konplexutasun handikoak diren arren, kontakizun bakun eta manikeoak erabiliaz ohi azaltzen ditugu maiz” azpimarratu du Xabier Alberdik.


Mare Clausum vs. Mare Liberum


Mare Clausum hitza Mare Liberumen aurkako latinezko esamolde bat da, eta itsasoa, lurra bezala, subiranotasunaren objektu izan daitekeela aldarrikatzen du. Historiaren hasieratik hainbat zibilizazio borrokatu izan dira itsasbideen eta itsas baliabideen ustiapenaren gaineko nagusigoa eskuratzeko lehian. Lehia horrek bizi-bizirik jarraitzen du gaur egungo geopolitika- eta ingurumen-arazoetan ere.
Erakusketa hainbat arlo tematikotan banatuta dago. Batetik, beheko solairuan, itsas bideen eta baliabideen kontrolari buruzko eztabaida historikoak, eta nabigazioari eta itsas baliabideen ustiapenari buruzko desberdintasun legal eta moralak aztertzen dira. Bestetik, lehenengo solairuan, Europak zazpi mendetan zehar munduko ozeano guztietan barrena buruturiko hedapen eta menderakuntzan Euskal Herriak izandako erantzukizun erabakigarriaren ingurukoa.
Erakusketaren edukia osatzeko erabili diren balio historiko eta artistiko handia duten pieza sail aipagarri batez gozatu ahalko dute bisitariek. Aukera ederra da, beraz, Antzinaroaz geroztik itsasoaren jabetzaz zibilizazio ezberdinek burutu zituzten norgehiagoken eta Euskal Herriaren arteko harremanen adierazgarriak diren objetuak ezagutzeko, horien artean Gipuzkoan aurkitutako erromatar garaiko pieza esanguratsuak. Hainbat artelan eder ere goraipatzekoak dira, besteak beste, Manuel de Agote getariarraren, euskal esploratzaile eta itsasgizon ilustratu handienetakoa izan zenaren margolanak, hainbat txinatarren irudiak biltzen dituztenak, edo erlijio-urregintzako pieza zoragarri bat, guztiak XVIII. mendekoak. Orokorrean donostiarrei eta, zehazki, itsas historia unibertsala ezagutzen edo adituak direnei oso erakargarria gertatuko zaizkien hainbat pieza ere aipatzekoak dira: holandarren guda-ontziteria Abrojosko Guduan (Pernambuco, Brasil, 1632) garaitu ondoren Antonio de Oquendo almiranteak Arantzazuko Santutegiari eman eta bertan mendetan zehar gaur arte gordeak egon diren zinopariak.

Programazio itsastarra
Uda honetan “Mare Nostrum. Norena da itsasoa?” eskatu behar da Museoaren irekiera ordutegian. Horrez gain, Euskal Itsas Museoak erakusketari lotutako jarduera-programa zabala: topaketak, bisita gidatuak eta helduentzat eta familientzako tailerrak, batik bat, aurkeztuko ditu irailetik aurrera.
Gaur arratsaldean, uztailaren 5ean, 18:30ean, erakusketaren inaugurazioa egingo da publiko zabalarentzat. Lehenengo bisita Xabier Alberdi Zuzendari Zientifikoaren eskutik izango da, doan, eta luncha ere izango da bertaratzen direnentzat.

Euskal Itsas Museoko jardueretan izena emateari buruzko informazio guztia web orriaren bidez edo komunikazioa@itsasmuseoa.eus bitartez eman ahal izango da.

“Mare Clausum: Norena da itsasoa?” 2024ko uztailaren 5etik 2025 azaroaren 2ra
Asteartetik-larunbatera: 10:00-14:00 / 16:00-19:00. Igande eta jaiegunak: 11:00-14:00 / 16:00-19:00
Astelehena itxita

  

3723